Digitalizazioaz formakuntza eskainiko die Iraurgi Berritzenek eraikuntza enpresei, enpresa txikiei, ekintzaileei eta merkatariei

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2023ko ira. 15a, 10:36

(Argazkia: Pixabay)

Bulegoko zereginak arintzeko tresnen eta erreminten berri jasoko dute, hasteko, forkamuntzetan parte hartu nahi dutenek. Aurrez izena eman beharko da, Iraurgi Berritzenen Ekintzailetza sailean.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziak eskualdeko eraikuntza enpresa, enpresa txiki, merkatari eta ekintzaileei zuzenduriko prestakuntza eskaintzaren berri eman nahi du. 2023ko bigarren seihilekoan, digitalizazioa izango da prestakuntza eskaintza horren ardatza, bereziki beren egunerokoan egiten dituzten zereginak arintzeko eskura dituzten erreminten aurkezpena. Digitalizazioa nola erabili gure egunerokoa arintzeko da, hain zuzen ere, formakuntza eskaintzaren goiburua.

Hasiera bulegoko zereginen arintzean oinarrituko da eta hiru formakuntza eskainiko dira, Mondragon Unibertsitatearen eskutik. Azaroan, hain erabilia den Instagram erremintaren inguruan arituko dira, eta abenduan, mugikorrak bulegotik kanpo hainbat zeregin egiteko eskaintzen dituen aukerak azaleratuko dituzte adituek.

Klink Bide eta Eraikilan programen barruan kokatzen da formakuntza eskaintza hau. Klink Bideren helburua eskualdeko ekintzaileen ibilbidean bidelagun izatea da, beharrezko baliabideak beren eskura jarriz; eta Eraikilanena, berriz, eskualdeko eraikuntza gremioen lehiakortasuna sustatzea eta eskualdatze prozesuak ahalbideratzeko ekintzak gauzatzea.

Edukiaren arabera ordutegi eta kokapen desberdinak izango dituzte formakuntza saioek, eta beti ere beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako, jarri Iraurgi Berritzeneko Ekintzailetza arloarekin harremanetan, honako telefono zenbaki hauetan: 688 71 87 77 (Alazne Larrañaga), 688 60 12 99 (Ione Eizagirre). Informazio gehiago nahi dutenek lotura honetan ere kontsulta dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide