Ikasiz Programaren barruan, merkataritza elektronikoaren eremuko jardunaldia izan zen Basazabal jauregian. Astigarraga Kit Line enpresaren ekimenez eta haiekin lankidetzan, sektoreko profesionalek e-commerce arloaren azken joerak eta praktika onenak partekatu zituzten. Hizlari nagusiek e-commerce munduan duten esperientzia eta ezagutza partekatu zituzten:
Alejandro Ramos Agora Digital enpresako CEOak, e- commerce plataformen aukerak aurkeztu zituen, enpresei beren beharretara hobekien egokitzen den plataforma hautatzen laguntzeko. Jaime Moro, Tiralineas enpresako CEOak, marketing eta digitalizazio agentziek eskaintzen dituzten zerbitzuen inguruan hitz egin zuen, enpresen ikusgarritasuna eta salmentak hobetzeko. Antonio Juarez Ranpak enpresako Key Account Managerrak, logistikaren eta enbalatzearen garrantzia azpimarratu zuen, e- commerce negozio baten arrakasta bermatzeko.
Hitzaldien ostean, mahai-inguru interesgarri bat izan zen, eta bertan parte hartu zuten eskualdeko bi enpresetako ordezkariek: Djuniet Astigarraga Astigarraga Kit Line enpresako e-commerce arduradunak eta Amaia Altuna Sammic enpresako marketin arduradunak.
Jardunaldira bertaratu ziren online saltzen ari diren edo online negozio-eredu berria abiaraztea helburu duten enpresetako arduradunak, merkataritza elektronikoan oinarritutako ideia duten negozio-kudeatzaileak eta e-commerce ingurunean lan egiten duten profesionalak. Guztira, 10 parte-hartzaile inguru bildu ziren. Esperientziak trukatu eta networkinga egiteko aukera izan zuten.
- Jardunaldiaren helburu nagusiak hauek izan dira:
- Online negozio bat hasteko eta garatzeko tresnak ezagutzea.
- Garraioaren eta integrazioen garrantzia ulertzea e-commerce arloan.
- Marketing eta digitalizazio agentzien zerbitzuak ezagutzea.
- Networkinga e-commerce arloan interesa duten enpresen, adituen eta pertsonen artean sustatzea.
Ekitaldia arrakastatsua izan zen, parte-hartzaileek esperientziak eta ezagutzak partekatzeko aukera izan zutelako. E-commerce arloko profesionalek eta enpresa arduradunek sektorearen azken joerak eta praktika onenak ezagutzeko aukera izan zuten, haien negozioak hobetzeko tresna eta estrategia berriak eskuratuz.
Astigarraga Kit Line eta Iraurgi Berritzenek antolatutako jardunaldi honen arrakastak e-commerce eremuan lankidetza eta berrikuntza sustatzen jarraitzeko beharra nabarmendu du.
Ikasiz programaren helburua, eskualdeko enpresen artean informazio, sentsibilizazio eta praktika jardunaldiak antolatzea da, ikasketa prozesu moduan, enpresen kudeaketa eremu desberdinetan (teknologikoa, pertsonak, produkzioa, berrikuntza kudeaketa etab..), enpresengandik jasotako proposamenen arabera.