Ekintzaileen eta negozio txikien digitalizazioa bultzatzeko doako tailerrak antolatu ditu Iraurgi Berritzenek

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2024ko ira. 5a, 12:45

Bi-hiru orduko formakuntza praktikoak egingo dituzte zerbitzuak eskaintzen dituzten ekintzaile edo negozio txikien kudeaketa hobetzeko tresna teknologikoen bidez. 

Klink egitasmoaren barruan, ekintzaileak eta negozio txikiak aktiboki laguntzen jarraitzen du Iraurgi Berritzenen Ekintzailetza arloak, eskualdeko ekintzailetza bultzatzeko gunean. Klink Bide gaitasunak garatzeko lan ildoak, ekintzaileen eta negozio txikien digitalizazioa bultzatzea du helburu. Hori horrela, enpresen digitalizazioan eta sare sozialen kudeaketan gehien erabiltzen diren aplikazioetan oinarritutako programa bat diseinatu du garapen agentziak urte honen bigarren seihilekorako. 

Tailerrak, bereziki, merkatu gero eta digitalizatuago batean lehiakor mantendu nahi duten eta zerbitzuak eskaintzen dituzten ekintzaile edo negozio txikien jabeentzat daude diseinatuta. Saio bakoitzak bi-hiru ordu inguruko iraupena izango du. Formakuntza praktikoek tresnak eta ezagutza eskainiko dizkiete parte-hartzaileei beraien negozioaren funtsezko eremuetan, hala marketin digitalean eta bezeroenganako arretan soluzio teknologikoak ezartzea balora dezaten. 

Enpresen digitalizaziorako proposamenak: 

  • Irailaren 17an, urriaren 1ean eta urriaren 8an:
    • 09:30etik 12:30era, Azpeitiko Basazabal jauregian, Inplantalariak (SPRI) taldeak hiru tailer eskainiko ditu helburu bakar batekin: teknologia erraza eta berehalako aplikazioa erabiliz, bezeroengana hurbiltzea eta zerbitzua arintzea. 
  • Irailaren 17an:
    • Katalogo birtualen sorkuntza, laguntzaile birtualak, online erreserbak eta datuen bilketa online formularioen bidez. Saioaren helburua da bezeroenganako arreta kanal digitaletan arintzea. 
  • Urriaren 1ean:
    • Web orrien posizionamendua, sare sozialen dinamizazioa, ChatGPT erabiltzea, QR kodeak. Helburua da bezeroak fidelizatzea eta berriak irabaztea. 
  • Urriaren 8an:
    • Datuetarako sarbidea, espazioak ordenatzea, ahots komandoak, posta elektronikoak automatizatzea. Helburua da ordenaz eta segurtasunez lan egitea. 

Sare sozialen proposamena: 

  • Azaroaren 6an eta abenduaren 4an:
    • 14:30etik 16:30era, Azkoitiko Intsausti jauregian, Tomillo Limonen eskutik, Instagram Reels tresnak aztertuko dituzte; batetik, bideoetarako edukien sorkuntzan jarriko dute fokua, eta bestetik, Tik-Tok tresnaren hastapenak emango dituzte. 

Izen-ematea, zabalik

Tailerretan izena ematea doakoa da, eta lekuak mugatuak dira, arreta pertsonalizatua nahiz ikaskuntza esperientzia optimoa bermatzeko. Interesa dutenek Alazne Larrañagarekin (688 71 87 77) edo Ione Eizagirrerekin (688 60 12 99) jarri beharko dute harremanetan informazio gehiago eskuratzeko. 

Iraurgi Berritzenek ekimen honekin berriro berresten du zerbitzuak eskaintzen dituzten ekintzaileen edo negozio txikien garapena babesteko konpromisoa, ingurune digitalean egokitzeko eta etengabe aldatzen ari den merkatu batean arrakasta lortzeko beharrezko tresnak eskainiz. 

Informazio osagarria honako lotura honetan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide