Euskal herriei eta euskal herritarrei buruz kanpoko jende eta idazleek esan dituztenen berri jakin nahi izanez gero liburu bat behintzat ezinbesteko egiten da: Viajeros extranjeros en Vasconia. Bere egileagatik datorkit gogora, Justo Garate bergararra.
Garate euskalaritzan lan ugari egindako gizona genuen eta euskal politikan ere bai, erbesteratua bizi izan zen eta erbestean hil, nahiz eta Franco hilez geroztik honuntza etortzerik izan zuen.
Bere ibili politikoan, beren pentsaera osoa historian oinarritzen dutenentzat eta historia osoa beren pentsaeran oinarritzen dutenentzat jakingarri, ANVko militantea izan zen eta partidu horretatik aurkeztu zen Espainiako Gorteetan diputatu izateko hautagai. Errepublikazalea, autonomista, akonfesionala, ezkertiarra eta ez abertzaleekin akordiotan aritze aldekoa.
Beste izen bat bururatzen zait hauek esan ondoren, Joxe Mari Lopetegi (errepublikanoen bertsolaria) bertsolari irundarra, zeinaren lanak Paper Hotsak argitaletxean Joxan Elosegiren eskutik ezagutu ahal izan ditugu.
Kontua da bi hauek Garate eta Lopetegi, gehi Gomendio eta beste lagunen bat Azpeitira etorri zirela 1931n ANVren alde mitin bat ematera (Nun gertatu da onelakorik ,/ nun jaunak, nun, Azpeitiyan,// jesuita ta erlijiyua / besterik ez dan tokiyan) eta egurtuak atera zirela (eldu ziyoten zamarratikan / lau puska egin bearrez, // Santakruz zanen odol beretik / nazi dira nere ustez...) eta lehenbiziko aldiz nazi hitza euskal bertsotan aitzakia horrekin erabili zela Lopetegik Irun Republicano periodikoan uztail hartan argitara eman zituenetan. Bertsook entzun nahi dituenak bertsio zoragarri bat dauka Tapia soinujolearen Real politik diskoan.
Joxan Elosegiren esanera Herri karlista porrokatua zen orduko Azpeitia, apaizek esku handia zuten herria eta Jerardo Elortzaren esanetan berriz, Garatetaz ari da, Azpeitiko mitinean larri erabili zuten abertzale kontserbadoreek.
Nori egin kasu? Ez dakit nik. Agian beste bat da gakoa. Gaurko Azpeitiak baduela nahiko kapazidade nazi hitzari biderik eman gabe aurrera egiteko, baduela prestutasun aski kanpokoari eta kanpoko ideien beldurrik gabe bizitzeko, baduela indar aski berea deritzona defenditzeko.