Animena. Hildakoak maiteago?

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2007ko aza. 19a, 23:11

Ohiturek, eta ohiturak zaintzeak eta gordetzeak, balio ikaragarria hartu dute gure artean. Nerurririk gabeko indarra izateaz aparte, ohitura bera noiz den ohitura, noiz betiko, noiz gurea, gutarra.... ez da auzi makala, baina beste baterako.

 

Hil honetakoez, azarokoez, datozkitk burutazioak, santuguztienetaz, animenaz eta ingurunmariez. Guztiz attite-pollo egina nagoela irudituko zaizue baina ezin dut ebitatu egun ikusten duguna eta nere haurtzaroan bizi genuena alderatzea.

 

Badirudi santu guztien egunean etxekoen artean hildakorik ez duenak, loretan norekin gastaturik ez duenak alegia, erridikulua egiten duela gizarte osoaren aurrean, herriko jaietan festak direla enteratu nahi ez duenaren parekoa.

 

Ez nituen nik hala ezagutu. Gure etxean ostiral santuz izaten zen kanposanturako bisita eta, loreena geroago etorri zen, aitagure bana edo errezu bana egin bi amamei eta jaisten gienen herrira, Urrestillara esan nahi dut. Horrekin bukatzen zen dena.

 

Ez dut esan nahi azaroko santu guztien egun hau izaten ez zenik, izango ez zen bada! Elizak alderdi frankistako santu berriez aparte ezer gutxi asmatu du azken mendean. Bi egun izaten ziren. Bata, santu guztiena, santu izanik inork ezagutzen ez genituen santuena, mundu osoan ospatzen dena,  eta bestea, azaroaren 2koa eta orain inork ez duela gogoratzen dirudiena, animen eguna. Halloween nagusitu da globalizazioan bere bertsioa ezberdinetan.

 

Animena beste kontu bat izaten zen. Astegun burugorria baina elizkizunak topera, sei meza ezagututa nago Urrestillan, bata bestearen ondoren kedarik gabe. Hau beste animen eguna izaten zen, santu ez ziren guztiena. Españia, Portugal eta Latinoameriketako apaizek hiruna meza ospatzen zituzten, aita santuak ez zien baimenik eman munduko beste apaizei beste hainbeste egiteko.

 

Nere oroimenean lauso dago, hala ere, animen eguneko kontu hori. Egun horretan uste dut, edo horren aitzakian bezpera arratsaldeko elizkizunean, egiten genuela Urrestillako akolitook diru fortuna handia (gure irudirako noski) jasotzearena. Behingo batean gogoratzen dut nola hirurogeitamasei pezeta eraman nituen etxera nere hileko soldata normala hiru durokoa zenean.

 

Baina joan ziren kontu haiek eta aldatu dira ohitura denak. Gaur dena azaroaren bata da eta inon halako lore sortak eramaten dizkiegu gure hildakoei eta beste hark zioena esan nahi dut nik ere. “Bizi zenean, onenean ere, salda parrastadatxo bat ez zien opa izango eta orain... hara!”. Ez dauka gezurra zer izanik gizarte itxurakeriak hainbesteko garrantzia duen garai hauetan.

 

Hala ere, dena esan beharra dago, santu guztienetakoa berria izango da, baina hildakoekin gogoratzearena ez. Garibayk esaten zuen jada bere amagatik: “Fue caritativa, limosnera, abstinetísima, y tan devota de las ánimas del purgatorio, que en su casa poco mas pan era el que comían los vivos que el que se ofrecía en la iglesia por ellas”.   Eta ez zuen ama hori bakarrik izan behar debozio hain sustraitua zuena,  Euskal Herrietako jende asko baizik  Justo Garateri kaso egiten badiogu.  Haren esanera euskalduan oso hildakoei kasu egin zalea zen, hainbeste, non XVgarren mendeko bidaiariren bat, Tetzel, guztiz harritu zen, gure ohiturak behatzen hasi eta, emakumeek beren arauak betetzen baino hilarrien gainean denbora gehiago pasatzen zutelako

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide