Oroimenetan, lekuak lekuko

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2011ko aza. 14a, 12:11

Hemen esaten direnen iritzi kontrakoak, guztiz kontrakoak,  eta era askotakoak direla seguru. Hala ere ez nuke nahi inork uste izatea  maitasunik gabe idatzi dudanik. Maitasunetik eta maitasunez idatzi dut, zer atera den? Irakurleak eango du.

Paraje maiteak bezain neureak ditut Azpeitia aldekoak. Oroimenetako leku, jende eta uneak. Gerratearen hondo luzeko kontuak, Urrestillatik behera sartzen ginen zezenplaza eta Ortiz de San Pelayo kaletik Hartzubian gora goiko kaletik herriko plazara iristeko. Plaza Mayor de Navarra zuen izena. Erreketeen hogeita hamaseiko balentriak nafar izenez bete zuen Gipuzkoa. Gaurdaino. Gastuetan sartzea baino hobe eta errazago zelakoan hitzei buelta ematea, eta bere horretan geratu ziren, hizkeran nafarrek sartu zirenekoa geratu zen bezala.

Leo Etxeberria Anatsan euskaltzale sutsua zen, langile kontzientziadun abertzalea. PNVren ordezkaritzan berari tokatu zitzaion herriko kale izendegiaren proposamena egitea eta eztabaida mahairatzea. Ortiz de San Pelayo mantentzeko proposamena, kultur merezimenduagatik, ez bestegatik, egiten zuen, bertan behera geratu zitzaion. San Inazio izena, Erdikaleari kendu –sakrilegio latza- eta Loiolako hiribideari jarri zitzaion. Eta plazarena eztabaidatu zen, erreketeen memoria gaiztoak gain hartu zion Nafarroa Euzkadi da aldarrikapenari, Plaza Nagusia geratu zen.

Egin beharreko hauetan ere genbiltzan bitartean gauza asko gertatu ziren Urola alde osoan, desiratu izan gabe gertatu beharrezkotzat jotzen genituenak, egunerokotasun arruntarekin galdu genituenak eta gure oroimenetan zehazgabe eta lauso hondarreratu zaizkigunak. Pena dut herri minaz sentiberago izana, herritarren minekiko sentiberatasunerako gaitasunik apurrena ez izana. Gerora findu zaizkit senak eta arrazonamenduak. Ezin dut kendu urte haietako nire jarrera edo jarrerarik ezaren arra. Euskadi gehiegi maite nuen bere herritarren arrangurez arduratzeko.

Kontzientzia aringarri legez edo, kitatu beharreko zorraren bide legez edo, ibili bat egiten dut Urrestillarako bidean Azpeitian barrena desbideratuz. Laurehun bat metro ditu eta pizten dizkidan oroimenek gogoak lazten dizkidate, animoa belztu. Eraikin bat da lehen harria,  bost solairuko garaiera du, inoizkoan dorre moderno jitea zuena. Hogeita bost urtetik gora daramatza, - ate eta leiho, leiho eta ate-, guztiz itxita. Orain ez asko, okupazio keinu bat egon zen eta, geroztik, itxia itxiago egin zuten, beheak eta lehen solairuko leiho zuloak adreilatuz. Han ez da sumatzen ez arimarik, ez arnasarik. Jabea bahitu zuten eta poliziak askatu zuen. Lurrina haizetan bezala desagertu ziren herritik etxe hartakoak. Gaur arte, etxeak herriari begiratu ere ez diola  egin nahi eta ez zaiola honi hori piperrik axola dirudien une honetara arte.

Ez dago ehun metro baino gehiago egin beharrik oroimena beste lekurik ez duen puntu fisikoaren gainean hankak edo gurpilak jartzeko. Lehen estrata baldar zenak gaur Ibai-ondo kalea du izena. Francoren guardia zibiletako kabo eta politika usaina zuen ororen jazartzaile zen Posadas eraila zerraldo utzi zuten puntua. Errotonda batera zabaltzen da bidea han bertan eta honen buelta osoa ikus daiteke.

Errotonda zaindua dago, oso, eta buelta dezente eman behar izan dizkiot, nik behintzat, hango jardineriari antzemateko. Azkenean googlera jota ulertu dut zer dagoen bertan, txori bistaz ikusten den lauburua osatzen dute hango landareek. Honek ere lazgarria dauka buelta osoa estutzen dion gerrikoa. Edozein puntutatik ekiten diozula itzulerari iraganaren odolak zipriztintzen zaitu.

Ezkerretik jotzen baduzu, debekatua dago, etxe bat ikus daiteke. Beti tristea, iluna eta kolorgea iruditu zait etxe hori. Egun, margotu berria dago eta bere itxurak ez dit eragiten sasoi bateko goibeltasunik, esango nuke lotsa gordetzen zuten leiho zuloak hazi egin zaizkiola eta guzti. Han, orduan herritik aski isolatua, bizi zen mutikotatik laurogeita hiruan tiroz hil zuten arte, ardo pare bat edan ondoren polizia adiskide asko zeuzkala eta berarekin argi ibiltzeko edo esateaz gaineko beste gaitzik ezagutzen ez zitzaion extremaduratar bakartia, Francisco Machio Marto.

Anjel Otaegi afusilatuaren azken ibilia edo azken pauso “libreak” dei genitzakeenak ere bistaratu ditzakegu. Bere azken lantokia, handik txofertza ikasi asmoz, edo eginkizun klandestinoa estali asmoz, atera eta galtzada gurutzatu orduko autoeskola zegoen lekua. Eta errotondaren azken erreferentzia, Arauntza elkarte gastronomikoa, Anjelen soziedadea, honek Azpeitian zuen lagunartearen egoitza.

Berrehun metro eskas aurrerago industri gizon bahituaren, bahitu bat gehiago, etxebizitza eta fabrikarekin egiten da topo. Nekez ahaztuko ditut laurogeita hiruko udaberri hartako nire barne eta kanpo borrokak. Biolentziaren desegokitasun politikoa erabakita neukan hartarako, hala ere biolentziaren kontrako espresioak ez politikoak eta sentiberegiak, kristau kurtsienak, iruditzen zitzaizkidan. Martxo hartan pertsona baten libertatea defenditzeko nagusi baten defentsarako pankartari helduta atera behar izan nuen, neure lotsa eta ondoez guztiekin, kontraesan eta haserre guztiekin. Ez naiz horretaz sekula damutu eta geroztik errepikatu behar izan dut antzeko ateraldirik.

Aurrera jarraituz gero Ortiz de San Pelayo abertzaleen kontrario zen azpeitiarra, Otañorekin batean munduan Euskal Herritik kanpora euskaraz idatzi zen lehen operaren konposatzailearen izena zeraman kalera, Hartzubira, iristen da bidea. Eskuinera jo ezkero inoiz ere berrituko ez dela dirudien Azpeitiko plazara iristen da, Plaza Nagusira, erreketeen oroimenez Plaza Mayor de Navarra izena zeraman hartara. Egungo alkateak Eneko Etxeberria du izena, Leo Etxeberria haren semea da, eta irakurri dudanez plazari Nafarroa Plaza izena jartzeko proposamena mahairatu dio herriko talderen batek.

Ez da hemen bukatzen nire memoria, osatzen ari naiz, baina mapak eta lekuak mugitu egiten zaizkit, lausotu, turbiotu.

(2011ko azaroaren 13ko berria egunkarian argitara emana).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide