Piaspe proiektu eolikoa

Energia berriztagarria, bai; mendiak txikitu, ez

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2022ko ira. 29a, 19:29

(Pixabay)

Gipuzkoako mendiak babestearen alde dauden eta aurkeztu diren proiektu eolikoak gerarazteko lanean dabiltzan taldeek, tartean Sañu Bizirik-ek, Gipuzkoako Mendiak Aske taldean batuta, urriaren 12an Elosuan bukaera izango duten mendi-martxei batzeko deia egin dute.

Gipuzkoara atzerritik etorritako enpresa handiak –Green Capital eta Statkraft, momentuz– Gipuzkoan, han eta hemen, zentral eolikoak egiteko baimenak tramitatzen ari dira. Tartean behin, proiekturen baten berri izaten dugu, orain Urretxu-Zumarragan, gero Soraluze-Elgoibarren, geroago Azkoitian, geroxeago Zizurkilen, eta azken berrien arabera, Azpeitia-Errezil-Zestoa eta Eskoriatza-Aramaio aldean beste bana. Zenbat gehiago?

Erritmo berean sortzen ari dira taldeak edo plataformak helburu jakin batekin: bertako mendietako ondare naturala, arkeologikoa, geologikoa, historikoa, paisajistikoa eta espirituala babesteko; zein inguruetako baserrietako eta herrietako biztanleak, haien bizitokia, haien osasuna eta jardun ekonomikoa –bereziki nekazaritza jarduerari lotutakoa– defendatzeko. Eta elkarlanean hasi gara.

Izan ere, mehatxua ez da nolanahikoa: 200 metro luze eta 158 metro zabal liratekeen makroeolikoak aurkeztu dituzte –Elgeakoak halako bi baino altuagoak; Eiffel dorreak 330m ditu, konparaziorako–, bost metro zabal baino gehiago izango liratekeen errepide berriak mendi gainetaraino eta hauetan zehar, hormigoizko zimentazio erraldoiak eta abar luzea.

Proiektuok berehala egiteko aitzakiatzat Ukrainako gerra darabilte, energiaren prezioa garestitu duela esanez. Baina pasa den udazkenetik prezioen gorakada nabarmena zen, ekoizpenerako materiala bukatzen ari delako. Gainera, duela 20 urte, hainbat eremutan mehatxu bera egon zen eta herritarren eta udalen kontrako lanari esker geratu ziren proiektuok.

Orain ere, Gipuzkoarako aurkeztu diren proiektu eolikoen lehentasuna ez da Gipuzkoako herritarron elektrizitate beharra bermatzea, aberatsen diru nahia elikatzea baizik. Oro har herrialde pobretuetan hainbestetan erabiltzen den eredu bera da, "berriztagarri" eta "jasangarri" etiketak gehituta: azpiegiturak eraiki, ingurua eta inguruko biztanleak sakon kaltetu, hainbat urtetan intentsiboki ustiatu, eta ondoren, alde egin, zaborra eta kalteak bertan utzita.

Eredu horrek jasangarritik gutxi du, eta berriztagarritik ere berdin. Dorre eolikoak material mugatuez egiten dituzte, eta horietako bakoitza egiteko behar dira: hormigoizko tona bana, 335 tona altzairu, 4,7 tona kobre, 3 tona aluminio, 2 tona lur arraro eta beste material batzuk –hala nola, zinka eta molibdenoa–. Jakina, material horiek lortu, garraiatu eta manipulatzeak kutsatu eta energia fosil asko gastatzen du. Bestalde, dorre eolikoen hegalek –70 metro luze edo luzeago direnak– gehienez 25 urtez funtzionatzen dute. Hondatzen direnean, oraindik orain, hondakin moduan lurperatzen dituzte gehien-gehienak. Berriztagarriak?

Erauntsi mediatikoek zabaltzen duten mezua da ez dagoela makroproiektuok berehala egin beste erremediorik. Ez da, bada, egia: energia lortzeko modu asko daude dagoeneko martxan, urrutira joan gabe, Euskal Herrian bertan, eta sortzen ari dira modu hobeak ere. Baliabide energetikoen ustiapenerako gobernantza eredu sozialak eta gertukoak baliagarrienak dira, instalazio txikiagoak energia kontsumituko den lekuetatik gertuago jarrita, jada artifizializatuta dauden eremuak lehenetsiz –teilatuak, industrialdeak...–, efizientzia energetiko hobea lortuz eta kalte txikiagoa eraginez. Europa erdialdeko hainbat herrialdetan bide horri ekin diote, eta horrekin batera debekatu egin dute mendietan eolikoak jartzea. Egin daiteke beste modu batera; hori ere asmatuta dago. Hemen zergatik ez?

Krisi energetikoaz gain, jakinekoa da gizarte eredu krisia daukagula: ekonomikoa, soziala, klimatikoa, elikadurarena, osasunarena eta abar luzea, dena elkarri lotuta dagoelako. Oso industrializatuta, kutsatuta eta artifizializatuta dagoen lurraldea da Gipuzkoa. Horregatik, eta murgilduta gauden krisi honetatik ateratzeko, mendiak, basoak eta larreak, bertako sare hidrologikoa, aniztasun biologikoa eta baliabideak errespetuz eta kontuz baliatzea dagokigu, oraingo zein ondorengo belaunaldiak bertan bizitzeko moduko lurraldea izan dadin. Horrek guztiak gizarte gogoeta bateratu eta integrala eskatzen du, energiari buruzkoa ere bai, eta horren ondoren, zentzuzko planifikazioa.

Esandako guztiagatik, Gipuzkoako mendiak babestearen alde gauden eta aurkeztu diren proiektu eolikoak gerarazteko lanean gabiltzan taldeok urriaren 12an Elosuan bukaera izango duten mendi-martxei batzeko deia egiten diegu herritarrei.

Gipuzkoako Mendiak Aske taldeko kideak: Azkoitia (Oletan ere Ez), Azpeitia (Sañu Bizirik), Bergara (Karakate Bizirik), Elgoibar (Karakate Bizirik), Soraluze (Karakate Bizirik), Urretxu-Zumarraga (Urretxu-Zumarraga Bizi!), Usurbil (Andatza-Ezkeltzu Bizirik), Zestoa (Sañu Bizirik), Zizurkil (Andatza-Ezkeltzu Bizirik).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide