Ausardia behintzat ezin zaie ukatu Azpeitiko Udaleko ordezkariei, eskualdea aztoratuta daukan afera baten gainean eta kameren fokupean tamaina horretako batzar ireki bat antolatu dutenerako.
Baina ausardiak ez du beti arrazoirik aitortzen, bat lasaiago gelditzen bada ere, eta agertokiaren eta denboraren kontrola zein hedabide handienen laguntza izateak gauzak erraztu ere egiten ditu, neurri batean behintzat.
Izan ere, izan, herritarrek izan zuten aukera beren galderak eta kezkak plazaratzeko. Baina erantzunak? Horretan, esan liteke enpresako ordezkariak, beharbada, Azpeitiko Udaleko ordezkariak baino zintzoago aritu zirela. Ez beti, ordea, ezen autoekoizpenaren aukera baztertu eta barregarri uzteko manipulatutako datuak erabili baitzituzten beren aurkezpen ez oso dotorean: Zumaian ez dute urtean 280 Gwh energia elektriko kontsumitzen; hori, izatekotan ere, zumaiarren energia-kontsumo totala izango da: elektrizitatea, petrolioa, gasa eta abar. Kopuru horren %25ean-edo legoke energia elektriko kontsumo hori, 70 bat Gwh/urteko, gutxi gorabehera.
Dena den, beste kontu batean jarri nahi da hemen arreta. Herritar batek galdetu zuen ea nola ezkontzen den tamaina horretako eta kokapen hori lukeen zentral eoliko bat Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021eko abenduan (!!) foru dekretu bidez onartu zuen Gipuzkoa 2050. Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiarekin, zeinetan energia eolikoari dagokionez, hitzez hitz zera esaten baita:
(...) "Hala eta guztiz ere, teknologia horrek gutxieneko haize baldintzak dituzten eremu espezifikoak behar ditu, eta zenbat eta potentzia handiagoa instalatu nahi, hainbat eta zabalagoak eta libreagoak izan behar dute. Orain arte lortu nahi izan den ezarpen eta negozio eredua kontuan hartuta (haize-sorgailu handien parkeak, energia elektriko asko ekoizteko), eta Gipuzkoako baldintza orografikoak kontuan hartuta, kokapen egokiak, oro har, mendien eta mendilerroen gailurretan egon ohi dira, ingurumen inpaktuekiko oso kalteberak diren eremuetan, eta, ondorioz, proposatutako ekimenen aurkako ekintza ugari egin dira. Hori dela eta, teknologia horren ezarpena Gipuzkoan, ezarpen eta negozio eredu horren arabera behintzat, etenda gelditu da, baina ez da baztertzen teknologia hori beste ezarpen baldintza batzuetan erabiltzeko aukera aztertzea, gizartearen inplikazio zabala eta aldekoa lortzen duten tokiko kontzepzio eta eskalako proiektuekin lotutako sorkuntza banatuko ekimenetan. Haize-sorgailuak gero eta potentzia handiagokoak dira, eta hori positiboa da oro har; baina ez dirudite oso erabilgarriak Gipuzkoaren kasuan; izan ere, talde txikietan edo miniparkeetan (< 1MW) eta kontsumo puntu oso zehatzetan premiak hornitzeko pentsatutako kokalekuetan kokatutako potentzia txikiko haize-sorgailuei lotutako aukerak baloratu beharko dira, ziur aski beste teknologia batzuekin batera, esaterako, finantzaketa kolektiboko negozio ereduak aztertzeko aukera emango duten komunitateei eta udalerriei lotutako aukerak. Nolanahi ere, ibilbide luzea dago, bai garapen teknologikoari dagokionez (aerosorgailuen eredua), bai kokaleku bideragarriak identifikatzeari dagokionez (baliabidea egotea, ingurumen inpaktua eta abar)".
Galdekizun horri Ingurumen zinegotziak bere aulkitik jaiki eta mikroa eskatuta eman zion erantzuna tamalgarria izan zen. Hau da, Statkraften proposamena Gipuzkoa 2050. Jasangarritasun Energetikoaren Estrategia onartu ondoren iritsi zela. Ederra. Beraz, nahikoa da hainbeste denbora eta diru kostatu den estrategia bat landu, aztertu, eztabaidatu, onartu, eta, hurrengo egunean, harekin kontraesan agerikoan den proiektu baten berri izatea, guztia zakarretara bota eta "aukera berriak" aztertzen hasteko. Oker ez bagaude, eskualdekako garapen agentzien baitan eratutako energia mahai delakoek hartu zuten parte aktiboki Gipuzkoa 2050 estrategia horren eginkizunean. Gogoratu, Azpeitiko alkatea dela horretan parte hartu zuen Iraurgi Berritzenen lehendakaria, eta erakunde horren zuzendaria ere, asteartean, aretoan zegoelakoan gaude. Egon badago, hortaz, 2002ko Lurralde Plan Sektoriala baino honuntzago onartutako estrategiarik, Gipuzkoarako behintzat.
Zer esan nahi du horrek, orduan... Lan horrek guztiak ez duela ezertarako balio? Iraurgi Berritzen, edo, zergatik ez, Gipuzkoako Foru Aldundia txiringito bat direla? Benetako erabakiak beste nonbaiten eta beste norbaitzuk hartzen dituztela? Bada, esan dezatela garbi.