Gaur hemen bildu gara Azpeitia, Errezil eta Zestoako herrietan egin asmo duten Piaspe zentral eolikoaren inguruan jaso ditugun azken berriak salatzeko. Jakin berri dugu, Startkraftek salbuespenezko legediaren lasterbidea hartzeko eskaera egin duela. Hau da, zentral eoliko honen ingurumen ebaluazioaren prozedura arrunta saihesteko mekanismo administratiboak martxan jarri ditu enpresa norbegiarrak, 6/2022 Errege-Dekretuari helduz.
Dekretu honek, Ukrainako gerra aitzakitzat hartuta, eskala handiko energia berriztagarrien proiektuen prozedura administratiboak arintzeko neurriak biltzen ditu; eta proiektu hauek ingurumen ebaluaziotik salbuestea arautzen du. Kontuan hartzekoa da, errege-dekretu hau iazko martxoan onartu zela, besteen artean, EHBildu eta EAJren baieko botoekin.
Startkraftek dekretu hau aplikatzeko egindako eskaeraren ondorioz, ez da egongo informazio publikorako eta herritarren parte hartzerako espaziorik. Halaber, administrazioak, enpresak berak egindako ingurumen inpaktuaren azterketa txostena soilik izango luke proiektuaren eragina ebaluatzeko orduan. Gure ustez, eskaera honek ez ditu, Dekretuak berak ezarritako baldintzak betetzen. Megaproiektuen tramitazioan, ingurumenaren babeserako ezarri beharreko kontrol neurriak desagertzen dira. Pauso arriskutsua benetan, begirada eta eskuhartze herritarra desagertzen baita. Hau da, herritarrok prozedura administratiboetan parte hartzeko dugun eskubidea baliogabetzen du. Hau da finean, Statkraft multinazionalak bilatzen duena dekretu honen aplikazioa eskatzerako orduan. Energiaren sozializazioa eta demokratizazioa ekartzera zetorkigun enpresak, baimenen tramitazioan bertan oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen dituen salbuespenezko legedia aplika dakiola eskatu du.
Benetan da kezkagarria, eskandalagarria ez esatearren, Sañun salbuespenezko tramitazio-bide hori onartzeak, ezarriko lukeen aurrekaria. Zer nolako baldintzatan ari den planteatzen energia trantsizioa eta berriztagarrien hedapena EAEn. Zer nolako erraztasunak ari zaizkien eskaintzen enpresa pribatuei euren negozioak egin ditzaten; lurralde-plangintzetatik hasita. Zer nolako jarrera ari diren izaten guzti honen aurrean, alderdi politiko guztiak, Ehbildu eta EAJ barne. Eta zer nolako gutxiespena ari diren pairatzen herri honetan natura-ondarea, landa eremua, eta bizi dugun krisi ekosozialaren aurrean, lurraldearekiko eta jendearekiko aterabide posible justuago eta arduratsuagoak aldarrikatzen ari diren gizarte mugimendu eta norbanakoak.
Toki ederrean gelditu dira, Azpeitiko Udalaren eskutik iazko urrian Soreasu antzokian eginiko agerraldian entzundako adierazpenak eta promesak: erabateko transparentzia, ingurumenarekiko eta balizko inpaktuekiko zorroztasuna, herriaren parte-hartzearekiko eta desadostasunekiko errespetua; hare proiektua erretiratzerainoakoa! Batzar hartan bertan lanerako etika hura sinetsi eta ontzat eman zuten udalak eta bertako talde politikoek, zerbait esateko garaia iritsi dela ematen du, “proiektua aztertzen” ari direla errepikatzetik harago.
Guk, Sañu Biziriketik argi ikusten dugu Piaspe zentral eolikoa eraikitzeko asmoak bertan behera uzteko ordua dela. Azken hilabetetan geuk emandako arrazoi andanaz gain, orain, enpresa norbegiarraren jokabidea ikusirik, begibistakoa delako, udalak proiektu hau aztertzeko Soreasun jarritako baldintzak ere ez direla betetzen. Azpeitiko udalak mahai gainean jarri zigun “enpresa eredu berritzailea, energia elektrikoaren demokratizazio eta sozializazioa dakarrena” ezerezean geratu dela argi ikusten dugu; horren kodigo etiko zurruna zuela adierazi zigun enpresak berak Sañun eraiki nahi den zentrala eraikitzeko beste edozein enpresak darabiltzan trikimailu eta azpijokoak baitarabiltza. Honenbestez, Azpeitia, Errezil eta Zestoako udalei, Startkraften Piaspe proiektuaren kontrako jarrera irmoa erakusteko eskatzen diegu; beraiek jarritako baldintzak ere betetzen ez dituen enpresa baten proiektuaren aurrean.