Beste makroproiektu bat eskualdean?

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2024ko abe. 12a, 12:35

Finerge enpresa portugaldarraren proiektuaren mapa. (Sañu Bizirik)

Bederatzi haize errota izango lituzkeen zentral eolikoaren proiektu aurrerapena aurkeztu die Finerge enpresa portugaldarrak Beizamako eta Bidania-Goiatzeko udalei.

Makroproiektuen oldarraldiak ez du etenik, ezta gure eskualdean ere. 230 metroko altuerako 9 haize errota izango lituzkeen zentral eolikoaren proiektu aurrerapena aurkeztu die Finerge enpresa portugaldarrak Beizama eta Bidania-Goiatzeko udalei; "aukera" gisa aurkeztu ere. Urraki gainetik hasi (Errezilek, Beizamak eta Bidania-Goiatzek muga egiten duten ingurutik), hegoalderantz Illaun eta Santa Agedarako errepiderainoko gainetan; sei aerosorgailu Beizamako partean eta hiru Bidania-Goiatzen. Zentralaren ebakuazio-linea Lasaoko azpiestaziora bideratuko lukete Elosiaga eta Odria auzoetatik zehar, Azpeitiko eta Zestoako udalerriak ere ukituz. Aerosorgailuen arteko bideak Errezilgo udalerria ere ukituko luke Urraki aldean.

Finerge enpresaren jabeak dira: Igneo Infrastructure Partners australiarra (%75), atzetik Mitsubishi UFJ Financial Group banku japoniarra daukana; eta Axa Investment Managers (%25), AXA aseguru etxe multinazionalaren besoetako bat dena.

Proiektua sinatzen duen bestea Saitec Engineering da, gaur egun tramitean dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren –LPS famatua– idazketan ere ari dena. LPS horretan, goiko planoan agertzen den eremu guzti hori eskala handiko zentral eolikoak eraikitzeko Aukeratutako Kokapen Eremu (AKE) gisa izendatzen/kondenatzen da (Komisolatza aldea bezalaxe), enpresek udalei aurkeztutako proiektu aurrerapen horretan gogorarazten dieten bezala.

Ez dago esan beharrik zertara kondenatzen dituen, batez ere Beizama eta Bidania-Goiatzeko zein Errezilgo herriak eta herritarrak (aerosorgailutik 300 metroko distantzia "gorde" zaie zenbait baserriri), inguruko ondare naturala, paisaia, larreak, lehen sektoreko jarduerak, mendi bideak... Eta esan beharrik ere ez da nork beteko dituen poltsikoak lurraldearen arpilatze horren kontura.

Bitartean, tramitean aurrera doaz Statkraften eta Capital Energyren Piaspe eta Buruzai proiektuak, Arauntza-Sañoa-Etumetan eta Samiño-Izazpin. Indo-Komisolatza aldea ere jopuntuan dauka LPSak, lehen aipatu bezala. Aizarnan eskala handiko fotovoltaikoak eraikitzeko bi kokapen egoki ere aurreikusten ditu. Eta dena horrela. Zeren izenean?

Inposatutako "energia trantsizioa" egungo eta etorkizuneko negozio handienetakoa da. Kapitalismo berdearen, eta honezkero jada grisaren, leloa. Ez dator energia iturri fosilak ordezkatzera, eskaintza handitzera baizik. Soilik eredu ekonomiko estraktibista aseezin global batek sostenga dezake; eta hamarkada gutxi batzutan, onenean ere, lituzkeen muga materialak serio hartuz gero. Haizea eta eguzkia edonongoak izan daitezke, baina lurraldearen, uraren, hondakin toxikoen, litioaren, kobrearen, lur arraroen eta beste hainbat meatzaritzako mineralen gaineko gatazkak eta gerrak ez ditugu guztiok biziko. Ahaztu gabe, guzti horretarako energia iturri fosilen kontsumo jarraitua (gasa, petrolioa, ikatza) ezinbestekoa izango dela.

Krisi ekonomikoari, ekologikoari, klimatikoari, energetikoari, ekosozialari, biodibertsitatearen galerari... zibilizazio krisia ere dei dakioke. Eta horri buru egiteak, mendiak eta landa eremua energia ekoizpen industrialerako eremu izatera eta trantsizio energetiko korporatiboaren biktima izatera edo "kanona" kobratzera kondenatzeak baino neurri sakonagoak eskatuko lituzke, gure ustez, geure ingurua eta gainontzekoa ere, denontzako justua eta bizigarria izan dadin lortzen saiatzea bada helburua, edo gutxienez, hartarako bidea.

Horregatik, Beizaman, Errezilen, Bidania-Goiatzen, Aizarnan, Sañoan, Indon, Izazpin makroproiekturik ez! esateko orain da garaia. Eta bizirik behar ditugula. Adi, beraz, lurraren defentsan han eta hemen egiten ari diren ekimen eta mobilizazioetara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide