Han eta hemen

Tik-tak

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2023ko urt. 10a, 08:48

(Argazkia: Pixabay)

Txetxu Urbietak 2022ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hiru ahatetxoen urtea ere badoa. Tik-tak, tik-tak, denboraren jarioak etenik ez du. Tik-tak, tik-tak, noizbehinka mantso, tik-tak, tik-tak, ia beti bizi, gero eta biziago, azkarrago. Asko duenak gero eta gutxiago du. Gutxi duenak ere bai, gero eta gutxiago du. Analogikoan edo digitalean, osasunez, luzaroan segi dezala tik-takak. Zutik, taka-takarik gabe bada, hobe.

Doanak gauza on gutxi ekarri du, eta datorrenak ere itxura onik ez du. Tristura da nagusi. Triste bizi naiz triste, eta hilko banintz hobe. Ez. Tristurak tristura, bizipoza berreskuratu behar dugu. Historiako belaunaldirik eskasena izan arren, gure aurpegietan irria tatuatzen saiatu behar dugu.

Urtea amaitu aurretik, bizipoza berreskuratzeko, ariketatxo bat. Azpeitiarrok lotzen gaituen uztarrian, azpeitiarrak azpeitiarrago, harroak harroago egoteko, hiru ahatetxoen urteak zer arrazoi eman digu? Urteko zein unetan sentitu zinen inoiz baino xapoago? Noiz esan zenuen "azpeitiarra naiz eta harro nago"?

Tik-tak, tik-tak, denboraren etengabeko jarioa. Harrotu nahi eta ezin harrotu. Urtean zehar gauza ederrak egin ditugu, baina egin dugun dena azpeitiar batek azpeitiar izate hutsagatik egin beharrekoa izan dela iruditzen zait. Forbeseko hamar aurrenekoetan ez gaude, santu berririk ez dugu, Nobelik ez digute eman eta Nasak ez du xaporik ilargira bidali. Eskerrak, inolako harrokeriarik gabe, isil-isilik, apal-apal, zientoka herritar saiatu den gertukoen bizitza erosoagoa egiten. Zuetaz harro. Zuek nire bizipoz. Urte berri on!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide