Bataiatu ninduten eta ez naiz damutzen. Bi alabak bataiatu nituen eta ez naiz damu. Ez galdetu zergatik. Ezer ez dagoela diozuenok hogeita hamaika eskutik duzue. Ez naiz zuekin eztabaidan hasiko. Baina hau guztia, bizitza, kasualitatearen ondorioa dela onartzea ezinezkoa egiten zait. Eta sinistu, oso hotza naizela gauzak arrazoitzerakoan, nire fedea zientzia da. Zeruak eta betiko zorionak ez naute konbentzitzen. Balego, infernuak gehiago tentatzen nau. Balego.
Elizak ez nau azpian harrapatuko. Gertukoei azken agurra emateko zapaldu ohi dut aitaren etxea. Esan liteke bazkide txartela badudala, baina kuota ordaindu beharrik ez dagoenez, urtero berritzen didatela. Baina kristau sentitzen naiz. Agian neure burua konbentzitzeko, beldurra ematen didaten galderak ez egiteko. Kristautasunaren printzipioek betetzen naute. Eta hori asko da. Niretzat, behintzat, bai.
Oteiza, Aiertza, Julio, Jose Maria, Lekuona. Horiek izan ziren nire lehendabiziko apaizak. Betharramistetan. Gero, Pellorekin izan nuen harremana. Ohore handia izan zen amezketarra laguntzat izatea. Tartean, futbolean jokatzen zuen apaizaren berri izan nuen. Erretorea eta futbolista. Bitxia. Patxirekin batera, gazteen gertukoa zen. Ez dut esango lagun mina izan dudanik, harreman sakona izan dugunik, baina beti gertukoa egin zait. Gizon ona. Azpeitiar bat gehiago. Eta uste dut horregatik, azpeitiarren bihotzean arrastoa utzita doala. Nik udan egiten dudan txangoa egitera doa. Zarautzera. Gure kolonoek badute haren beharra. Goza bideaz erretore jauna. Eskerrik asko, Kepa.