Han eta hemen

Lehia

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta

(Argazkia: Pixabay)

Txetxu Urbietak ekaineko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Alferrikako lehiakortasuna saihestea da eskola kirolaren zutabeetako bat. 10 eta 2 irabazten duenak ez du ezer ikasten; 10 eta 2 galduta, haurra traumatiza genezake. Nire uste apalean, gezur hutsa, sutzen nauen gezur edo, goxoago esanda, uste okerra. Niretzat, noski. Beste askorentzat zutabe sendoa.

Sanjuandegiko festak usaintze hutsarekin, gure jubilazioko soldatak ordaindu behar dituztenen Alpeetako etapa hasten da. Mont Ventoux, Galibier eta Izoard, bata bestearen atzetik. Gure gazteen hizkeran, EGA, First, Advance, EBAU edo dagokien kurtsoko azterketa madarikatuak. Eta orain eskola kirolaren gezurra argudiatzeko unea. Eskola kirolaren zutabeak ez du eskolaren gela barrurako balio. 10 eta 2 irabazteak ez du ezer irakasten; gelako batek 10a eta besteak 2a ateratzeak bai. Hor ez dago arazorik. Hori da bizitza. Azken emaitzean zure lagunak baino 10eko bat gehiago ateratzea funtsezkoa izan liteke zuk ikasi nahi duzuna ikasi ahal izateko. 10 eta 2 galtzen duenak trauma bat jaso lezake. 10eko bategaitik ikasi nahi duena ikasi ezinik gelditzen dena, ba izorra hadi, hori duk bizitza. Hezkuntzaren kontraesanak. Kontraxen uste apalean, noski.

Trump, Putin eta Netanyahu edo Francisco, Leon eta Pepe Mujikaren munduan, onerako ala txarrerako, norberak duen gaitasunari, talentuari, lana itsatsi behar zaio. Eta zorionez ala zoritxarrez, lehia. Beraz, lehiatzen lehenbailehen ikastea funtsezkoa da. Irabazten ikasi eta galtzeari beldurra galtzen ikasi. 

P.D.: Eskola kirola ez da inoiz derrigorrezkoa izan. Eskola kirola kirola egin nahi duenarentzat izan da derrigorrezkoa. Hartu arnasa. Barru-barrutik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide