Marino Lejarreta eta zale txikiak, 1982ko Euskal Herriko Itzuliaren irteeran

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2025ko api. 6a, 09:00

Marino Lejarreta eta zale txikiak, Azpeitian, 1982ko Euskal Herriko Itzuliaren irteeran

Urte horretan Azpeitian hasi zen Itzulia. 1983an, berriz, lasterketaren bukaera antolatzearen ardura hartu zuen herriak.

Bihar, apirilak 7, hasiko da Gasteizen 2025eko Euskal Herriko Itzulia; eta asteazkenean, Zarautz-Beasain etaparen ibilbidearen barruan, Azpeititik igaroko da txirrindularitza lasterketa.

1980ko hamarkadaren hasieran lotura estua izan zuen Azpeitiak Euskal Herriko Itzuliarekin. 1982an, Azpeitian hasi zen proba: apirilaren 12an, herrian hasi eta bukatu zen lehen etapa –Alberto Fernandez zenak irabazi zuen–; eta apirilaren 13an, Ibardinen bukatu zen bigarren etapa ere Azpeititik abiatuta egin zuten txirrindulariek. 1983an, berriz, lasterketaren bukaera antolatu zuen herriak. Urte haietan ohikoa zenez, bita banatuta jokatu zuten azken etapa hori: goizeko zatian, Guido Bontempi esprinter italiarra izan zen Gasteiztik zetorren pelotoiaren buru Loiolako etorbideko helmugan; eta arratsaldean, kronoigoeran, Julian Gorospe izan zen azkarrena Trintxerako gainean, eta etapa irabaztearekin batera, sailkapen nagusia ere bereganatu zuen bizkaitarrak.

1994an izan zen Azpeitia azkenekoz Itzuliaren egoitza. Lagun Onaken 50. urteurrenarekin bat eginez, 1983an bezala, herrian erabaki zen lasterketa: goizean, Agustin Sagastik ihes eginda irabazi zuen Loiolako etorbidean Bera-Azpeitia etapa –Euskadi taldearen ibilbideko lehen garaipena izan zen Sagastiren hura–; arratsaldean, kronoigoeran, Toni Rominger liderrak garaipena berretsi zuen Elosiagan.

Apirileko Zaharrak berri ataleko Pepe Gilen bildumako argazkian, Marino Lejarreta zale txikiz inguratuta ikusten da, 1982ko Itzuliaren hasieran, Tekaren maillotarekin bera, eta Tekaren kapelekin zaleak.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide