Amueko zubiak pantailetara salto

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 16a, 08:54

Conchita Bereziartua, 'Zubiye' filmaren fotograma batean.

Zubiye film laburrean islatu du Iñigo Jimenezek "kristoren fabrika eta burdinezko pieza erraldoien artean" erdi ezkutatutako Amueko zubiak aspaldi piztu zion lilura. Iaz estreinatu zuen lana ETB1en emango dute bihar, eta telebista publikoaren Nahieran plataforman ikusgai jarriko dute ondoren.

"Zubi lana egiten ez duen zubia". Horixe da 2006tik Amueko zubi zaharra, aurrez toki berean zegoen egurrezko zubiaren tokian XVII. mendean eraiki zuten harrizko zubi ederra. Azkenaldian zeresan ugari eman duen Corrugados Azpeitiaren lantegiak irentsi zuen zubia. Horrela ezagutu dute azpeitiar gazteenek, eta horrela ezagutu du Iñigo Jimenezek ere. Donostiarra da Jimenez, baina azpeitiarra da haren bikotekidea, bien semea "erdi donostiarra eta erdi azpeitiarra" dela dio berak, eta "ia asteburuero" etortzen dira Azpeitira.

Azpeitira etortzen hasi zenetik piztu zion arreta Jimenezi Amueko zubiak. Horrela kontatzen du berak: "Bigarren sarreratik sartzen ginen herrira, eta kotxeko leihotik eskuinaldera begiratzen nuen beti. Zubi eder eta zahar bat ikusten nuen, eta, nahiz eta kristoren fabrika eta burdinezko pieza erraldoien artean egon, zoragarria iruditzen zitzaidan. Beti galdetzen nion nire bikotekideari zer leku zen hori. Eta berak esaten zidan Amuko zubiye zela eta amamarekin hara joaten zela txikitan. Orduan, gure semearen birramamari hasi nintzen galdetzen leku horri buruz".

Haritik tiraka, tiraka, hamar minutuko film laburra osatu du azkenean, Zubiye izenekoa.

Denbora, aldaketak eta harremanak

Conchita Bereziartua izan zen zuzendariaren jakin-mina asetu zuen lehen iturria. "Amama Conchita eta lagunak, gaztetan, Amueko zubira joaten ziren bainatzera. Ingurua oso desberdina zen, ez zegoen lantegirik eta baratzez inguratuta zegoen. Bere oroitzapenek balio handia zeukaten", kontatu du Jimenezek. Filmean ere agertzen da Bereziartua. Narratzailea bere biloba da, Nora Gogorza; txikitako bere oroitzapenek eta amamaren istorioek osatzen dute kontakizuna.

Bereziartuaren lekukotzatik abiatuta, Amueko zubiaz informazio ugari pilatzen joan zen Jimenez. "Azpeitiko artxiboan ikertu nuen, herriko liburutegian, Filmotekan, Fototekan, baita bilduma pribatuetan ere, familiaren super 8 filmak begiratu nituen, beste argazki artxibo batzuk erabili...". Filma egiteko txostena osatuta, Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zuen, eta filma egiteko laguntza eman zioten. "Oso lan pertsonala" izan dela dio donostiarrak, baina baita "ondare polita eta, batez ere, interesgarria" ere. "Denboraren gaineko hausnarketa da, gure inguruaren aldaketari buruzko gogoeta egitera bultzatzen gaitu, eta harremanei buruzko kontaketa ere bada", dio egileak Zubiye filmaz.

ETB1en aurrena, Nahieran gero

Iazko lana da Zubiye, eta hainbat jaialditan eman zuten 2020an Jimenezen film laburra: Lekeitioko Zinebileran, Bilboko Zinebin, Madrilgo Alcala de Henareseko Alcinen, Bartzelonako L'Alternativan, Errenteriako Film Laburren Jaialdian eta Hazparneko Zinegin jaialdian.

EITBk erosi zuen filma eta, hain zuzen ere, bihar emango dute Zubiye ETB1en. Gauerdirako programatu dute, euskarazko film laburrei ostegunero Barre Librea saioaren ostean eskaintzen dieten tartean. "Ez dakit jende askok ikusiko al duen...", dio Jimenezek umore-etsipenez, ordutegia dela eta. Dena den, bihar ikusi ezin dutenek aurrerago nahi dutenean eta nahi duten adina ikusi ahalko dute Zubiye, EITBren Nahieran plataforman jarriko baitute filma.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide