Ahotsek kitzikatutako uhinak

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 2a, 09:00

Irratia beti egon da herritarren artean, eta eskualdean ere asko eta asko dira hedabide horri lotutako profesionalak. Aspaldi jardundakoak batzuk, molde berrietara egokituta gaur egun lanean dabiltzanak beste batzuk; elkarrizketatu guztiek nabarmendu dute irratiak "asko" eman diela. Uztaileko UKTren aldizkarietan argitaratutako erreportajea da honakoa.

1938. urteko urriaren 30a zen, Halloween bezpera, eta horrela esan zuten AEBetako CBS irratiko Mercury Theatre on the Air saioan: "Jaun-andreok, gure irratsaioa etengo dugu azken orduko baten berri emateko (...) Marten gas leherketak gertatzen ari dira, eta ikaragarrizko abiaduran ari dira Lurrerantz hurbiltzen (...) Estralurtarrak dira, eta New Jerseyko parke batean lurreratu berri dira".

Orson Welles zuzendari eta esatariaren albistegi hura fikziozkoa zen, H.G. Wellsen The War of the Worlds nobelan oinarritutako kontakizuna baitzen. Entzule askok ez zuten saioaren hasiera entzun, istorioa benetan gertatu gabea zela azaltzen zuena; askok geroago jarri zuten saio hura, eta milioika estatubatuarren izua piztu zuen. Gertakari horrek hedabideen paperari eta botereari buruzko hausnarketak eragin zituen, eta irratiaren historian mugarri bat izaten jarraitzen du gaur egun ere. Munduko hainbat txokotan bezala, eskualdean ere irratiak eduki du bere garrantzia, eta horren adierazle dira bertako irrati kateak, saioak eta esatariak.

Gaur egungo irratiko joko zelaiari buruz hitz egin aurretik, ordea, beharrezkoa da atzera begiratzea, eta ezin daiteke eskualdeko irratigintzari buruz hitz egin Loiola Herri Irratiari aipamenik egin gabe. 1961. urteko otsailean hasita, 2010era arte egon zen martxan, eta gerora ezagun egin diren hainbat eta hainbat esatari igaro ziren bertatik.

Karmelo Otaegi azpeitiarra izan zen lehen emisiotik irratian lanean jardun zuen esatarietako bat. Irakaslea zen ordura arte, baina Jose Mari Bergara jesuitaren proposamena jaso zuen irratian lan egiteko proba batzuk egiteko, eta horiek igaro ostean, esatari moduan jardun zuen erretiroa hartu arte. Jesusen Lagundiara lotutako irratia zen Loiolakoa, eta bi helburu zituen: alde batetik, kristautasunaren mezua etxe guztietara helaraztea eta elizaren doktrina zabaltzea, eta bestetik, euskal nortasuna osatzen laguntzea. "Nola edo ahala lortu zuen irratia egiteko gailu bat Bergarak, eta Loiolatik emisio batzuk egiten hasi zen, euskaraz errosarioak abestuz. COPE taldera batu zen gerora irratia, eta orduan hasi ginen hiruzpalau esatari, irrati kate baten baldintzak bete behar genituelako. Esatariez gain, teknikoak ere bagenituen gurekin", gogora ekarri du Otaegik.

Karmelo Otaegi Joxe Mari Iriondorekin. (Maluta Films)

Frankismo garaiak ziren, euskara zapalduta zegoen, baina Loiola Irratian bazen gai horrekiko kezka eta ardura, eta euskara programazioan txertatzen ahalegintzen ziren behin eta berriz, "tranpa txikiak" eginez. "Kultur arloa folklore gisara hartzen zuten agintariek, eta gai horietan bakarrik geneukan euskaraz egiteko aukera. Orduan saiatzen ginen bestelako informazioa ere euskaraz sartzen eta gure bigarren helburu hori betetzen. Ausartak ginen, ausartak izan behar genuen, eta ez zen horren zaila", dio Otaegik. Horrek, baina, buruhausteak eman zizkieten irratikideei, "mehatxu nahiz isun ugari" jaso baitzituzten. Momentu gogor bat ekarri du gogora, bereziki, Otaegik: "Lehergailu bat jarri ziguten Elosuko Itsusmendiko antenan, eta lan asko egin behar izan genuen horri buelta eman ahal izateko. Jendearen babesa ezinbestekoa izan zen puntu horretan", azaldu du burumakur azpeitiarrak.

Urteen poderioz, irratiak indar handiagoa hartu zuen, eta horrekin batera hasi ziren lantaldea eta programazioa zabaltzen: Beti jai, Andra-gizonak, Mendiz mendi, Ezbeharrean zorion... Erlijioari izkin egin gabe, euskal kultura babesten jarraitu zuten, eta bertsolaritzaren eta trikitiaren inguruko gaiak lantzen zituzten asko Loiolakoek, baita herri kirolen ingurukoak ere. "Trikitilari asko etortzen ziren gurera, eta ausartuko nintzateke esatera haien susperraldia gure irratiaren meritua izan zela", dio. Irratiaren azken urteetan, programazioaren %75-80 euskaraz egiten zutela adierazi du Otaegik. 

Loiola Herri Irratia babesa galtzen joan zen, 2010ean Grupo Noticiasek erosi zuen arte

Informazio lokala lantzeak, gainera, inguruko herritarrekiko gertutasuna eman zion ezinbestean irratiari. "Etxekoak ginen herritar askorentzat, eta denok eskertzen genuen hori", gehitu du. Hori horrela izanda, jendeak irratia babesten jarraitzeko kanpainak egiten zituzten, eta horietako bat izan zen seinalea FMra aldatu zutenekoa. 1965an emisora itxi zuten urtebetez, probintzia batean kate bakoitzetik irrati bakarra egon zitekeela derrigortzen zuen legea sartu zutelako indarrean. Gipuzkoan bi zeuden, Donostiako Herri Irratia eta Loiolakoa, eta azken hori itxi zuten. Buru-belarri lanean jarri ziren orduan irratiko kideak, eta kanpaina luze baten ondoren, 5.000 bazkide lortu zituzten. "Askar enpresarekin elkarlanean, sintonizadoreak jartzen hasi ginen herritarren irratietan, ordura arte horiek ez baitzeukaten FM seinalerik", jarraitu du.

Irrati publikoaren sorrera

Frankismo garaiak atzean utzita, 1982an iritsi zen EITBren sorrera, Eusko Legebiltzarrak maiatzaren 20an Euskal Irrati Telebista Sortzeko Legea onetsi ostean. Hasieran, Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak osatzen zuten taldea, eta geroago, Euskadi Gaztea batu zitzaien. Legea onartu eta handik denbora gutxira, azaroaren 23an hain zuzen ere, Euskadi Irratiak bere lehen emisioa egin zuen Donostiatik, Loiola Irratian ibilitakoa zen Jose Mari Oterminen zuzendaritzapean. Loiola Irratiko esatari asko joan ziren sortu berri zen irrati publikora, eta Azpeitian kokatuta zegoen Elizaren irrati katea indarra galtzen joan zen pixkanaka, 2010ean Grupo Noticiasek erosi zuen arte.

40 urte baino gehiago igaro dira irrati publikoan egindako lehen emisio hartatik, eta asko izan dira bertan albisteak kontatu dituzten esatariak, tartean Maitane Urbieta. Irrati publikoa sortu eta handik urtebetera jaio zen Urbieta, eta uhin horiekin hazi eta hezi da kirol esatari zumaiarra. Beti egon da kirolari lotuta, baita irratiari lotuta ere, eta egun Realaren partidak kontatzen ditu Euskadi Irratian. "Nire ametsa zen Realaren partidak ematea, beraz, nahi nuen tokian nagoela esan dezaket".

Urbietari hainbat belaunalditako komunikatzaileekin lan egitea egokitu zaio urte hauetan guztietan, eta horrek euskarriaren bilakaera nolakoa izan den ezagutzeko balio izan dio. Gehienbat alderdi teknologikoan nabaritu du aldaketa, bera hasi zenean dena analogikoa zelako, eta orain dena delako digitala. Urtetik urtera sistemak eta programak aldatzen dituzte, lana errazteko, eta horrek "egokitzapen bat" eskatzen duela adierazi du esatariak. "Gazteak ginean ikusten genuen beteranoei kostatzen zitzaiela aldaketetara egokitzea, eta orain jabetzen gara teknologiarekin hazitako kazetari gazteagoek mila buelta ematen dizkigutela guri", gehitu du barrez.

Maitane Urbieta. (Utzitakoa)

Teknologiak teknologia, kontatzeko moduari egin dio azpimarra zumaiarrak. "Gu entzulearen begiak gara, entzuten dutena irudikatu egin behar dute, eta puntu horretan ezinbestekoa da emozioz egitea kontakizuna". Bere kasuan, zuzendariak lanak banatu ostean, emankizunaren sarrera egiteko paper bat edukitzen du, baina hortik aurrerakoa "norberaren gaitasunearen arabera" izaten da. "Zuzenekoak badu xarma berezi bat, ezin da diruz erosi. Guk esaten dugun bezala, albistearen harian egotea eskatzen dizu kirolak". 

Zumaiarrak kirol munduan egin du ibilbide profesional ia guztia, eta bere ustetan oraindik "emakume gutxi" badaude ere, emakumeak kirol munduan esatari aritzea nahikoa normalizatuta dagoela uste du, "hemen inguruan behintzat". Dena den, kanpoan "mesfidantza" punturik sumatu duela aitortu du, eta jaso behar izan ditu lekuz kanpoko hainbat iruzkin. Alde txarrak, dena den, askoz ere gutxiago dira Urbietarentzat momentu onekin alderatuta, eta ondo gogoan du momentu on horietako bat: Realeko neskek Espainiako Kopako finala Granadan irabazi zutenekoa. "Ez zen garaipenik espero, eta garaikurrarekin itzuli ginen. Zoragarria izan zen. Mutilek Athleticekin Sevillan jokatu zuten finala ere ahaztezina izan zen". 

Euskadi Irratiak bere lehen emisioa egin zuen 1982ko azaroaren 23an

Sare sozialek irabazi duten garrantziari buruz ere mintzatu da Urbieta. Haren esanetan, gaur egun, gazteengana iristeko, asko azpimarratzen dute "irrati bisualaren ideia". "Pixka bat tradizionalagoak garenok barne gatazka bat dugu horrekin, baina ulertzen dut garaietara egokitu behar dugula, eta horretan ari gara orain". Urbietaren ustez, lehentasunak irratia behar du izan, eta bestelako kontuek, "osagarriak". "Beste kontu batzuekin itsutzen ari garela iruditzen zait, eta ezin dugu ahaztu zer garen", esan du.

Izan ere, Urbietarentzat "irratia, irratia da", eta baditu beste zeregin eta lehentasun batzuk. Adibidez, emakumeen kirolari oihartzun handiagoa ematea. Bere aburuz, zailtasunak zailtasun, irrati publiko batek errealitatea osotasunean kontatu behar du, eta aurrerapausoak eman badira ere, "asko dago egiteko oraindik". Horretaz gain, objektibotasuna eta aniztasuna irrati publiko batek oinarri behar dituela uste du. "Kirolean errazagoa da objektibotasunarekin jokatzea beste hainbat arlotan baino. Hala eta guztiz ere, kazetariak beti eduki behar du askatasuna albisteak kontatzerako orduan".

Irrati libreen sarea

Irrati publikoaren hamarkada berean, postfrankismoan, hasi ziren sortzen herrian herriko Irrati Libreak. Ezaugarritzen dituzten puntu asko daude, baina badira gailentzen diren batzuk: etekin ekonomikorik ez ateratzea, autogestioaren defentsa, eta tokian tokiko komunitateari ekarpena egitea eta laguntzea. 

Arraio Irratia da mota horretako irratien adibide bat, eta aurten bete berri ditu 18 urte FM seinalean emititzen hasi zirenetik. Zarauzko Putzuzulo gaztetxean hasi ziren horretan, eta gaur egun Hiruputzun dute egoitza. Handik egiten dituzte irratsaio guztiak. Gainera, Arrosa Sareko kideetako bat ere bada Arraio. 2002ean irrati libreen artean saioak trukatzeko sortu zuten plataforma da Arrosa Sarea. 

Arraioko irratsaioen artean bat da Libe Eizagirreren eta Nora Muñoaren Patiyoko atzuak irratsaioa. Muñoaren ideia izan zen irratsaioarena, pandemia garaian egosi zutena: "Nire ideia izan zen, berriro ere Iruñetik Zarautzera bizitzera etorri nintzenean ez aspertzeko okurritu zitzaidana. Gure gurasoen etxeek patio berera ematen dute, eta konfinamentu garaian denbora asko pasatzen genuen bertan. Izen oso aproposa iruditu zitzagun", dio Muñoak. Gainera, garai horretan bertan jakin zuten Arraion nesken bila zebiltzala, eta jauzia egitera ausartzea pentsatu zuten. 

Bi astetik behin egiten dute saioa, ostegunetan, 20:00etan, eta "umoretsuak eta ez serioak" izaten direla nabarmendu dute bi zarauztarrek. Irratsaioak hainbat atal izaten ditu, eta feminismoarekin lotutako kezkak dituzten herritarrak gonbidatzen dituzte: "Jende asko ezagutzen dugu, eta garbi genuen elkarrizketa asko egingo genituela", azaldu du Eizagirrek.

Libe Eizagirre eta Nora Muñoa. (Mireia Galarza Bastida)

Irratsaioa egiteko aukera izateagatik "eskertuta" daudela esan dute biek ala biek, eta nabarmendu dute Arraio bezalako irrati libre bat herrian eta etxetik gertu edukitzeak ez duela parekorik: "Oso ondo prestatuta dago guztia, eta hori gertatzen da jendeak hemen lan asko egin duelako musu truk, bueltan ezer eskatu gabe", gehitu du Eizagirrek. Muñoak bat egin du hausnarketarekin, eta zera erantsi dio: "Gaur egun, grabagailu bat hartu eta etxean graba nezake irratsaio bat, baina hemen bagaude, oinarri eta pentsaera komunitario batzuk defendatzen ditugulako da".

Horretaz gain, duten "askatasuna eta gai aniztasuna" azpimarratu nahi izan dituzte Patiyoko atzuak irratsaioaren gidariek. Beste hainbat hedabidetan ez bezala, Muñoak dio beraiek ez dutela presiorik izan ideia batzuk defendatzeko, eta horrek asko errazten dizkietela zereginak. "Bakoitzak gure saioa dugu, ahal ditugunean grabatzen ditugu eta guk geuk prestatzen ditugu gustatzen zaizkigun gaiekin. Gainera, irrati handiagoetan entzuten ez diren gaiak landu ditzakegu guk, beste lekuetan elkarrizketatuko ez dituzten jendearekin elkartu, eta ederra da hori". Beraz, zalantzarik gabe, irratsaio bat sortzeko abenturaren inguruan balorazio positiboa egin dute bi zarauztarrek. Aitortu dute neguan "alferkeria pixka bat" ematen diela gaztetxera joan eta grabaketa egiteak, baina "oso gustura eta indarberrituta" ateratzen dira handikomen dira bertatik. 

Jendea ezagutzeak, gainera, "ezagun eta lan aukera sarea" zabaltzen lagundu diela azaldu dute Eizagirrek eta Muñoak, eta aurrera jarraitzeko indarrez daude: "Jendeak entzun egiten gaituela jakitea eta guk beraiengandik ikastea oso gauza ederrak dira".

Irrati bisuala

Azken urteetan irratiak bilakaera nabarmena izan duela esatea ukaezina da, eta hori ondotxo daki Unai Iradi Hernanin jaiotako Zarauzko bizilagunak. Egun, Euskadi Irratiako sare sozialen eduki sortzailea da, eta "oso gustura" ibiltzen da zeregin horretan, "han eta hemen bueltaka". 

Orain dela gutxira arte, Euskadi Irratian sare sozialak modu kontziente batean ez zirela lantzen azaldu du Iradik, nahiz eta bazen norbait Twitter nahiz bestelako sare sozialetan noizean behin edukiak partekatzeaz arduratzen zena. "Garaietara egokitzeko beharraren ondorioz", baina, zuzendaritzak modu "oso kontzientean" erabaki zuen sare sozialei garrantzia ematen hastea. Kontratazio berririk egin gabe, irratian esatari moduan lanean ziharduten hainbat kazetari hasi ziren zeregin horietan, eduki digitalen taldea osatuz, eta pixkanaka-pixkanaka hasi ziren estrategia eta zereginak finkatzen. Urte eta erdi inguru daramate jada, eta Iradik azaldu duenez, "babes nabarmena" ari dira jasotzen beraiek sortutako edukiak. 

Euskadi Irratiako programa guztietako edukia sortzeak, dena den, koordinazio handia eskatzen du, eta antolaketa lan hori nola egiten duten azaldu du: "Bi lankideren artean goizak egiten ditugu, eta besteak arratsaldeak lantzen ditu. Modu horretan lortzen duguna da uneoro gure taldeko norbait izatea irratian". Horrez gain, ostiralero bileratxo bat egiten dute irratsaioetako lantalde guztiekin hurrengo astean sareetara zer eraman dezaketen ikusteko, eta lanak antolatzen hasteko. Horrela, edukien "bizkarezurra" egiten dute, eta gero, kazetariek eguneko edukiak erabat finkatzen dituztenean, aurreikuspenak osatzen dituzte. "Beti erortzen da edo sor daiteke azken orduko zerbait, baina horretara ohituta gaude", gehitu du.

Urte eta erdian kazetariak "ohitzen joan" direla azaldu du Iradik, nahiz eta hasieran kontrako iritziak ere jaso behar izan zituzten. "Askotan, berritasunak daudenean, beldurrak eta kezkak sor daitezke, eta ulertzekoa da. Hala eta guztiz ere, guk ez dugu inor derrigortzen kameran ateratzera", eman du aditzera. Edukiak eskuko telefonoarekin grabatzen dituzte, eta gailu txiki horiek aurrean edukitzera dagoeneko ohitu direnak asko direla naramendu du hernaniarrak. Zentzu horretan, hiruzpalau talde bereizten ditu kazetarien artean: ezezko borobila ematen dutenak eta irratia ahotsa bakarrik dela esan dutenak; beraien burua kamara aurrean ikusten ez dutenak, baina irratiaren bilakaera onartzen dutenak; eta aldaketarako prest daudenak, gauza berriak probatu ahal izateko. 

Unai Iradi. (Utzitakoa)

Elkarrizketatuekin ere "neurria hartzen" joan dira azken hilabeteetan. Hasieran, eduki sortzaileak estudioan bertan egoten ziren grabaketak egiten, baina ikusi zuten horrek "tentsio puntu bat" sortzen zuela; horregatik, azkenaldian, sakelakoa grabatzen utzi eta joan egiten dira. "Nabaritu dugu horrela lasaiago egoten dela jendea". Behin grabaketak eginda, minutu eta erdiko "amuak" aukeratzen dituzte sare sozialetarako. "Gure helburu nagusia da irrati entzuteko joerarik ez duen herritar batek ikusiko zein entzungo lituzken edukiak sortzea, irratiko eduki horiei bizitza luzatzea". Azpidatziak jartzeari ere garrantzia ematen diote, jende askok bideo horiek "leku publikoetan edo garraio publikoan" ikusten dituelako. 

Pixkanaka-pixkanaka ari dira babesa jasotzen, 3.000 jarraitzaile izatetik 13.000 inguru izatera igaro baita Euskadi Irratiaren Instagram kontua, eta anekdota bat kontatu du horren inguruan: "Esatarien seme-alaba batzuk esanda daude gurasoei elkarrizketa konkretu bat egin dutela, eta hori sare sozialetan ikusi dutelako izango zen, ez aitak edo amak esan diolako". Ezbairik gabe, bideo batzuk arrakastatsuagoak direla jabetuta daude Iradi eta haren taldekideak, eta horri buruzko xehetasunak ere eman ditu: "Jendeari asko gustatzen zaizkio euskararekin lotutako kontuak, testigantza pertsonalak, pertsona oso helduen bizitza esperientziak, egoera oso zailak gainditu behar izan dituztenen istorioak..." 

Aurrera begirako hausnarketak egiteko denbora ere izan du eduki sortzaileak. Bere ustez, "norbere teilatuan harriak botatzea izan daitekeen arren", "ezinbestekoa" da sare sozialen kudeaketa jende gaztearen esku egotea, "lantalde fresko bat" eskatzen baitu zeregin horrek. Izan ere, "gazteak dira sare sozialen mundu horretan gehien ibiltzen direnak ere".

Beraz, aldaketak aldaketa, irratiak gizartean bere lekua egitea lortu zuen, eta modu batera edo bestera, leku horri eusten asmatu du. Agian autoetan ez da irratirik izango etorkizunean, nork daki. Jakina dena da ahotsaren uhin eta frekuentziek etxe askotara sartzea lortu dutela, eta hori ez du teknologiak ordezkatuko, momentuz, behintzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide