Irailaren 1ean 100 urte bete zenituen. Ez du jende askok lortzen adin horretara iristea. Zer esan nahi du zuretzat mendeurrena betetzeak?
Zer esango dut, bada, bizkarrean karga handia dela. Orain ondo nago, baina bestelakoak ere pasatu ditut. Denetarik izan dut. Lehen ez genuen dirurik, baina sasoia bai; orain, berriz, denetik dugu eta ibiltzerik ez. Hala ere, ibiltzen naiz, ez pentsa. Egunero jaisten naiz Azpeitira; tira, eraman egiten naute, ezin bainaiz nire kasa joan. Baina ahal dudala, egunero joaten naiz.
Eta zer egiten duzu Azpeitian?
Jokoan aritzen gara. Duela 30 urteko lagunekin ibiltzen naiz oraindik. Puntuan aritzen gara, Sanjuandegiko zaharren tabernan, Baigeran; eta hura itxita baldin badago, Kantoi tabernara joaten gara jokora. Eguraldi ona baldin badago, behintzat, ahal bestetan elkartzen gara.
Azokara ere joaten zara.
Bai; astearte goizetan joaten naiz. Azokara joan, tabernan jarri, kafesnea hartu eta tertulian aritzen gara. Eguerdian siesta egin, eta arratsaldean berriro Azpeitira.
Asteburuan ospakizunez ospakizun ibili zara, ezta?
Larunbatean bazkaria izan genuen; laurogeitik gora lagun elkartu ginen. Igandean, berriz, lau ahizpak eta familiakoak elkartu ginen, eta ederki ospatu genuen. Hala ere, larunbatekoa berezia izan zen. Leher eginda iritsi nintzen etxera, nekatuta eta hunkituta...
Ondo zoriondu zaituzte, behintzat.
Ez nuen uste hainbeste maite nindutenik. Hori oso pozgarria da.
Ez du jende askok lortuko hori...
Nik 100 urte bete dituzten hiru pertsona ezagutu ditut Errezilen, eta neu izango naiz laugarrena. Aurretik egondakoak ez dakizkit. Hala ere, 80 urtetik gorako zahar asko dago herrian, ez pentsa bakarra naizenik.
Zein da 100 urtera iristeko sekretua?
Ez dut ezer berezirik egin, lan pila galanta eta bederatzi ume erditzea besterik ez. Hori izan da egin dudana. Azken urteak lasaiagoak izan dira, baina gainerakoan...
Esne saltzaile, ume zain edota neskame lanetan aritutakoa zara.
Denetarik egin dut, bai. Neskame lanetan Azpeitian aritu nintzen aurrena. Gerora, lana behar, eta behiak jetzi ostean Azpeitira joaten nintzen esnea saltzera. Oinez joaten ginen astoa hartuta Azpeitiraino, eta bidean enkarguak egiten genituen. Bildutako txanponak gorde, eta jaietan gastatzen genituen. Hori izan zen gure gazte denbora. Nonbaitera festara joan behar bagenuen, oinez joaten ginen. Apaizak amorratuta zain egoten ziren, gu nola eta noiz iritsiko. Etxera etorri eta errieta egiten ziguten. Gurasoek apaizen beldurra zuten, eta guk gurasoena. Guk ez geneukan gurasoekin haurrek orain duten harremana; guk beldurra genuen. Gure gurasoek, berriz, apaizen beldurra.
Lan pila bat egitea ote da ba 100 urte betetzeko sekretua?
Agian izango da; nik, behintzat, harrapatu ditut eta... Niretzako ez da txarra izan. Azken urteak oso onak izan dira, eta bale; horrek asko balio du.
Urteotan, gelditu al zaizu zerbait egin ez izanaren sentipena?
Ez, asko ez, baina utzi izan ditut gauzak egin gabe. Ezkontza askotara huts egin izan dut haurrak txikiak zirelako, dirurik ez zegoelako edo etxean gelditu behar zelako; izan ere, senarra bertsotara joaten zen sarri, eta norbaitek gelditu behar izaten zuen etxean.
Sasoiari eusteko, dieta berezirik edo antzeko zerbait egiten al duzu?
Ez dut ezer berezirik egin izan. Etxean egiten ditugu otorduak. Lehen gustatzen zitzaigun meriendatzera edo afaltzera kanpora joatea, baina orain etxean egiten ditugu otorduak. Sekretua kasta izango da agian, Uzkudun kasta. Nire ama zen uzkudundarra.
Gaur egun, zer-nolako bizimodua duzu?
Nire senarraren senideak hamabi ziren, eta etxe honetan daramatzadan 77 urteetan ez dut haserrerik ezagutu, eta oraingo belaunaldikoek ere ez dute horrelakorik. Ni horrekin pozik bizi naiz. Elkar ikusteko poza izaten dugu beti, giro ona eta maitasun asko. Tristea da senideak elkar ezin ikusita egotea.
Egunak banaka eskatu beharko ditugu aurrerantzean; gaur bagara eta agian bihar ez gara. Abuztu honetan parranda ederrak egin ditut, gainera. Hamabiak arte erraz aguantatzen dut. Siesta egitea ere garrantzitsua da. Egunero pare bat orduko siesta egiten dut. Orain oso ondo bizi naiz eta kito. Beti esaten dut: erregearen emaztea ere ez da ni bezala biziko. Dena lortu dut, eta ez daukat batere kexarik.