Kirolaren gorakada

Kirola indarrean eta osasuntsu

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 2a, 11:00

Gimnasio bateko irudia. (Guka)

Aire zabalean, kiroldegian edo gimnasioan, gero eta gehiago dira kirol jardueraren bat egiteko ohitura duten herritarrak. Urola Kostako herrietako udal kirol zerbitzuetan ere igarri dute joera hori. Gimnasioak zein ikastaroak beteta dituzte, esaterako, Zarautzen eta Azpeitian, eta indarra lantzeko jarduerak dira gaur egun puri-purian daudenak. Datuetatik abiatuta, ohitura eta joera berrien arrazoiak izan daitezkeenak aletu dituzte bi herrietako kirol zerbitzuetako arduradunek. Azaroko Guka aldizkarietan argitaratutako erreportajea da honakoa. 

Lan jardunaren eta lanbideen eboluzioak, teknologiak eta ohitura aldaketek 'lehen mundu' deritzonean gizarte gero eta sedentarioagoak sortu ditu azken hamarkadetan. Adituak aspaldi hasi ziren sedentarismoak osasunean eragiten dituen kalteez ohartarazten eta ariketa fisikoaren garrantzia azpimarratzen. Ohartarazpen horiek azkenean arrakasta izan dutelako, herritarrak mugimendu ezaren ondorioak beren gorputzetan antzematen hasi direlako, izan osasunagatik edota irudiagatik, sare sozialetako mezuen eraginagatik edota joera aldaketagatik, kirola egiteko ohitura hedatzen ari da, eta ez da irudipen kontua.

Aire librean oinez, korrika edo bizikletan, zoru lauan ez ezik mendian ere korrika aritzen direnen kopuruak hazten jarraitzen du, era guztietako lasterketak eta probak ugaritzen ari diren neurri antzekoan. Baina teilatupeetan egiten diren kirol jarduerak ez dira atzean gelditu. Horren erakusle dira udalek eskaintzen dituzten zerbitzuak eta jarduerak. Zarautzen eta Azpeitian, Urola Kostako bi udalerri populatuenetan, nabaria da zerbitzu horien erabiltzaileen gorakada. Bi herri horietako datuetatik abiatuta, kirolerako joeraren indartzearen nondik norako batzuk jaso ditu Gukak erreportaje honetan.

Eskaera gorabidean

2020an, 7.079 eta 4.908 bazkide zituzten, hurrenez hurren, Zarauzko eta Azpeitiko udaletako kirol zerbitzuek –kiroldegiak eta Kirol Patronatuak, hain zuzen–. 2024-2025 jarduera ikasturtea abiatu berri den honetan, berriz, Zarautzen 8.528 bazkide dituzte, eta Azpeitian 7.672. Deigarria da bi herrietako udal kirol zerbitzuen erabiltzaile kopuruak bost urteren buruan izan duen gorakada, bereziki, Azpeitiko gorakada; ia 36 puntu egin du gora bazkide kopuruak Urola Erdiko herrian, 2020ko eta 2024ko datuak alderatuta. 2023aren hasieran Azpeitiak 15.320 biztanle zituela kontuan hartuta (Eustat), biztanleriaren erdia-edo Udal Kirol Patronatuan bazkidetuta dagoela ondoriozta daiteke. Zarautzek 23.118 biztanle zituen iazko urte hasieran; beraz, biztanleen %37 inguru legoke kiroldegian bazkidetuta.

2022tik 2023ra jaitsi egin zen bazkide kopurua Azpeitian –7.155etik 6.946ra–, baina iaztik aurtengora "izugarri hazi" dira bazkidetzak, Sarai Lizaso Mitxelena Azpeitiko Kirol Patronatuaren egungo arduradunak dioen bezala; hain zuzen ere, joan den urtearekin alderatuta, 700dik gora bazkide berri ditu patronatuak "Jauzia handia" izan da kopuruetan, eta hazkunde horren atzean egon daitezkeen arrazoietako batzuk aletu ditu hark. "Jende askok ohiturak aldatu ditu, bizimodu osasungarriagoa bilatzen ahalegintzen da", Lizasoren aburuz, eta testuinguru horretan, "gero eta gehiago dira kirola egitera eta kiroldegietara joatera animatzen direnak". Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak, berriz, uste du "kirola egitea geroz eta hobeto ikusia" dagoela gizartean, eta hori antzeman egiten dela kirol eskaintzaren arrakastan.

Itxaron zerrendak

Bazkidetzen gorakadak lotura estua du udal kirol zerbitzuek eskaintzen dituzten ikastaroekin; horietan izena emateko ez da zertan bazkide izan behar, baina bazkidetuta, modu hobean ateratzen zaie herritarrei kuota.

Kirol ikastaroetan izena ematen dutenen kopurua ere hazten joan da urtetik urtera azken urteetan Zarautzen zein Azpeitian. COVID-19aren pandemiak ekarri zituen murrizketak eta geldialdia atzean utzi ondoren, indarberritu egin da, izan ere, ikastaroen eskaera. Zarautzen, esaterako, ikastaro desberdinetakoak batuta, 70 talde osatu zituzten 2020an; 92 eta 91raino hazi zen kopuru hori, hurrenez hurren, 2021ean eta 2022an; eta ehun taldeko langa gainditu dute azken bi urteetan: 109 izan zituzten iaz, eta 111 dituzte aurten. Azpeitian, 2024-2025 jarduera ikasturtean 710 plaza eskaini ditu Kirol Patronatuak helduentzako ikastaroetan, haurren igeriketakoak zenbatu gabe (131).

Udal kirol zerbitzuek ikastaroak egiteko eskaintzen dituzten plaza horiek guztiak ez dira betetzen normalean, baina, era berean, ez dira gutxi ikastaro batean parte hartu nahi eta tokirik gabe gelditzen direnak; hainbat ikastarotan zozketa bidez osatzen dituzte taldeak –Azpeitian, aurten, "gehienetan"–, eta itxaron zerrendak izaten dituzte, tokiak libre gelditu ahala taldeak osatzen jarraitzeko. Zarautzen, ikastaroetako taldeak batez beste hogei lagun ingurukoak izaten direla dio Illarramendik eta "gehienak bete-beteta" dituztela, "bereziki arratsaldeetakoak". Antzera gertatzen zaie Azpeitian, Lizasok kontatu duenez: "Arratsaldeko ia talde guztiak beteta eta itxaron zerrendarekin daude. Libre dauden plaza gehienak goizetako taldeetatakoak edo iluntzeko azkenengokoak dira". Hala ere, goizean goiz ere Azpeitiko udal igerilekuan –ikastaro guztiak ematen dituzten eraikinean– "mugimendua" sumatzen dela dio Lizasok. Herritar gehienek laneguna bukatu ondoren hartzen dute kirola egiteko tartea, baina lanegunari ekin aurretik kirola egiten dutenak ere badira. Dena den, ordutegiari dagokionez, nahi baino malgutasun urriagoa dute gehienek. Illarramendik azaldu duenez, aipatu itxaron zerrendetan gelditzen diren herritarrei "beti eskaintzen zaizkie libre dauden plazak, baina kontua da, askotan ordutegiak eta ikastaroak ez dutela bat egiten beren nahiarekin edota aukerekin". Modu berean jokatzen dute Azpeitian, eta hasieran aukeratutako jardueran edota ordutegian taldetik kanpo gelditzen diren "gehienak birkokatzen" dituztela dio Lizasok.

Indarra, indarrean

Kirol jardueren eskaria hazi egin da azken urteetan, eta eskaintzen diren zein herritarrek aukeratzen dituzten kirol jarduerak ez dira, askotan, duela hamar urtekoak. Badira mantentzen direnak, baina joerak, interesak edo modak aldatzen joaten dira, baita kirol ikastaroei dagokienez ere.

Gaur egun, indarra lantzeko ariketak eta jarduerak daude udal kirol zerbitzuetan ere arrakasta gehien dutenen artean, hala baieztatu dute Illarramendik zein Lizasok.

"Duela hamar urte saio gidatu erritmikoek arrakasta gehiago zuten –zumbak, esate baterako–, ikastarogileen nahiz begiraleen artean. Pixkanaka, ordea, murrizten joan dira era horretako jarduerak, bereziki begiraleen artean beste profil bat hazten ari delako, intentsitate altuko jardueretan eta indar lanean interesatuta daudenena, hain zuzen", azaldu du joera aldaketa Illarramendik. "Adin tarte guztietan indarra trebatzea oso garrantzitsua dela dioten Ikerketa asko atera dira, eta hortik dator total training edota bodyfit bezalako jarduerak izaten ari diren booma", Zarauzko Kirol zinegotziaren aburuz. Azpeitian ere ildo beretsua jarraitu du jardueren eskaera-eskaintzaren bilakaerak, eta gimnasioan ere igarri dute indar ariketen arrakasta, ordu gorietan "gainezka" egoten baita. TRX eta Total Training ikastaroak daude arrakastatsuenen artean, baina bere garaian aerobic-aren tokia hartu zuen zumbak ere eutsi egiten dio Azpeitian.

Izan ere, indar ariketen arrakasta orokorra izaten ari den arren, gainontzean "herritik herrira aldeak" egon ohi direla dio BPXport enpresako Garikoitz Bravok. Enpresa hori da Zarautzen zein Azpeitian udal kirol zerbitzuak ematen dituena. Azpeitikoetan egiten du lan Bravok, baina beste herri batzuetan ere aritzen da. "Azpeitian spinning-ak edo cycling-ak, esaterako, indartsu jarraitzen du, baina beste toki batzuetan ia desagertu egin da. Indar ariketek pisu handia hartu dute hemen ere, baina beste toki batzuetan are gehiago, esango nuke", dio BPXportekoak. Eskaera handia eta itxaron zerrenda luzeenetakoak dituen jardueren artean bada beste bat, Intxaustik, Lizasok zein Bravok aipatutakoari jaramon eginez, osasuntsu mantentzen dena: pilatesa. Zarautzen "itxaron zerrenda luzeena" duen jarduera da, esaterako. Bestelako ikasleak ere izan ohi dira, baina "50 urtetik gorako emakumea" izan ohi da, Bravoren esanetan, pilatesean aritzen denaren profil nagusia.

Emakumeak eta gazteak

Indar ariketak eta gimnasioak aipatuta, gihar oso nabarmendun gizonak edo kulturismoa irudikatzea, eta asmatzea, izan da ohikoa urte askoan, baina indarra lantzeko gimnasioak eta jarduerak betetzen dituztenen profila ere aldatu egin da. Aldatu, edota zabaldu. Garai batean ez bezala, esaterako, asko dira gimnasioetan gorputza lantzen aritzen diren emakumeak. "Lehen, ariketa aerobikoak bakarrik egiten zituzten emakume ia denek, gaizki ikusia zegoen indar lana emakumeen artean. Oraindik ere gizonezkoak gehiago ibiltzen dira gimnasioan, baina gero eta emakume gehiago ikusten dira, eta hori positiboa da", dio Lizasok. Edertasunaren estereotipoan ematen ari den aldaketarekin zerikusia du, Lizasoren ustez, emakumeak indarra lantzera gero eta gehiago animatzeak: "Lehen, nolabait esateko, argal egotea zegoen modan. Orain, emakume indartsuak ondo ikusita daude".

Gimnasioetan asko ugaldu den beste profila gazteena da, hala diote Illarramendik zein Lizasok. Zarautzen zein Azpeitian, 16 urtetik gorakoek bakarrik erabil dezakete gimnasioa beren kabuz. Azpeitian 14 eta 15 urtekoek ere badute gimnasioan aritzeko modua, baina begirale arduradunak gainbegiratuta, beti ere. Zarautzen, "zenbait ordutegitan eta laukoteka, gehienez", fitness aretoa erabiltzen ikasteko tailerrak antolatzen dituzte, gazteak "hasieratik kokatu" daitezen eta "erabilera zuzenak ikas ditzaten". Gimnasioan jende "oso gaztea" ikustea ohiko bihurtu dela diote Lizasok eta Illarramendik. Horrekin lotuta, azken urteetan Zarautzen eman den "halterofiliaren gorakada" ere aipatu du Illarramendik: "K​​​​​​irol hori egiten duten gazteen kopurua nabarmen igo da. Batzuentzat halterofilia da kirol nagusia; beste batzuek, berriz, bigarren kirol gisa praktikatzen dute".

Indar ariketak modu egokian egitea edonorentzat onuragarria izan daitekeela abiapuntutzat hartuta, gimnasiorako eta gihartzeko joera horretan sare sozialek eta gaztetxoek horietan jarraitzen dituzten influencerrek eragin nabarmena dutela badakite Zarauzko zein Azpeitiko kirol zerbitzuetako arduradunek. Alde horretatik, "arriskuak" ere kontuan hartzekoak izan daitezke, Bravok dioenez: "Egun batetik bestera emaitzak ikustea espero dute batzuek, eta frustrazioa sor dezakete sareetako zenbait mezuk".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide