Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako lan hitzarmenaren negoziazioek ez aurrera eta ez atzera jarraitzen dute; LABen arabera, lau bilera egin zituzten, baina ez gehiagorik. Hori dela eta, sindikatu horrek deituta, egoitzetako langileek hiru eguneko greba egin zuten joan den astean, eta "egoera salatzeko dinamikari jarraipena emateko", eskualdean barrena auto karabana egin dute gaur. Hain zuzen ere, Azkoititik abiatu eta Oriora arte egin dute karabana, tartean Azpeitia, Zestoa, Zumaia, Getaria eta Zarautz zeharkatuta.
Gaurko protestarekin sektoreko hitzarmenaren negoziazioei berrekiteko eskatu dute langileek, eta horrez gainera, azpikontratazioak prekarietatea dakarrela salatu dute. Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentro gehienak administrazioaren titularpekoak diren arren, ez ditu administrazioak zuzenean kudeatzen, enpresa pribatuak azpikontratatzen ditu lan horretarako, eta horrek, zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan baldintzak asko okertzen dituela adierazi du LABek. "Lan publikoa egiten duten zaintza arloko langileei langile publiko izaera aitortu behar zaiela ulertzen dugu guk, eta azpikontratatutako zerbitzuak publiko bihurtu behar direla".