Joan den zapatuan hondakinen bilketa sistemaren inguruan Udaleko alderdiek adostutako akordioaren balorazioa egin zuen Azpeitiko EH Bilduk. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak berretsi du hartu berri duten konpromisoa "urrats handia" eta "atzeraezina" dela; "denok irabazten irtengo garen konpromiso baten aurrean, ziur gaude, adostasun politikotik adostasun sozialera salto eginda, herritar guztion bultzadarekin, lortuko dugula gaurko egoerari alternatiba eraikitzea, herri eredugarria izanez".
Joan zen astearteko udalbatzarrean erabaki zuten Udal ordezkariek aho batez, hondakinen bilketa edukiontzi bidez baina kontrolatuta egitea, eta sortzen den hondakinen %70 birziklatzeko helburuarekin. Etxeberriak gogoratu du Udalbatza osatzen duten hiru alderdiek adostutako proposamenaren eraginez "azpeitiar guztiek" birziklatu beharko dutela, eta prebentzio eta berrerabilpen politikak bultzatuko dituztela gaineratu du. "Egungo sistemak ez garamatza lortu nahi ditugun emaitzetara"; hala, hondakinak gaika kontrolatuko dituzte, eta "edukiontzi sistema berri batean" oinarritutako sistema berria jarriko dute martxan. Zentzu horretan, koalizioak adierazi du Azpeitiko Udalak "uneoro" bermatuko duela herritarren parte-hartzea.
"Gaizki egin dira gauzak Azpeitian urte luzez, 30 urtez gutxienez, gai honi ez zaio heldu edo oso modu arinean tratatu da", irizten dio Bilduk. Akordioaren eraginez, ordea, Azpeitiak “norabide berria” hartu duelakoan dira; "datuek esango digute martxan jarritako politika berriak norabide egokian doazen edo ez, emaitzek epaituko gaituzte". Hala, adostasun politikoa lortuta, hitzetatik ekintzetara joan behar dela uste dute, helburua "errealitate" bihurtu dezaten; "eginez aldatzen da errealitatea, eta guk, guztiaren gainetik, errealitatea aldatzea nahi dugu". Horretarako, herritar guztiei dei egin die "eztabaida antzuak" baztertu eta "murrizpenean, berrerabilpenean eta birziklatzean" pausoak emanez "Azpeitian zero zabor politika berria" gauzatzera.
Etxeberriak akordioa "dagokion testuinguruan" jarri du; gogoratu du EH Bilduk zero zabor politika garatu duela hainbat herritan: "Helburua ingurugiroa benetan errespetatuko duen politika garatzea izan da beti; ez hanka ez buru duen errauste planta geratzea, herritarrak arazoaren erdian kokatuz eta alternatiba badagoela erakutsiz". Honek azpimarratu du birziklatzea eta hondakinak erretzea "bateraezinak" direla, eta Zubietan errauskailua egitea ez dela irtenbidea berretsi du. Halaber, azpeitiarrek "sufritzen dugun ingurugiroaren arukako politikak sortzen duten kalteez" azpeitiarrek "kontzientzia berezia” dutela uste dute: “Gipuzkoako hainbat herrietako hondakinak jasotzen ditugu Lapatxen, eta Gipuzkoako konpostagailu bakarra ere hementxe dugu. 30 urte luzez sufritu ondoren, itxi ondoren ere hamarkada luzez bertan izango ditugu lurperatuta gure hondakinak". Hala, errauste plantak eta egungo zabortegiek "alternatiba" dutela azpimarratu dute, zabor gutxiago sortuz, prebentzioan "indar berezia" eginez eta berrerabilgarriak diren gaiak bultzatuz; "zabortegietan amaitzen den hondakinen zikloari bira eman eta %70etik gora birziplapen tasak lortzea ezinbestekoa dugu", berretsi dute.