Hondakinen bilketa edukiontzi bidez, baina kontrolatuta egingo da Azpeitian

Uztarria.eus 2013ko mai. 8a, 14:52

Birziklatze tasaren igoera edukiontziekin lortu nahi da Azpeitian.

Atzo, asteartea, hartu zuten erabakia Azpeitiko Udaleko alderdi guztiek, aho batez. 

Atzo, asteartea, ohiko udalbatzarrean onartu zuten Azpeitiko Udaleko alderdi guztiek (Bildu, EAJ eta Hamaikabat) aho batez, hondakinen inguruko proposamena. Hori dela-eta, hondakinak edukiontzi bidez bilduko dira, eta legegintzaldi honetan atez ateko bilketarik ez dute jarriko herrian.

Bilketa sistema berriaren helburua hondakinen %70a birziklatzera iristea da, eta "ahalik eta birziklatze tasa handiena ahalbidetuko duen bilketa sistema diseinatu eta ezarriko dugu", azaldu dute. Bilketa sistema egun indarrean dauden edukiontzietan oinarrituko da, eta gaika kontrolatuko duen edukiontzien sistema jarriko da martxan; auzo-konpostaren, kontrol komunitarioaren edo teknologia digital berriek eskaintzen dituzten kontrol digitalaren bidez. "Auzo bakoitzari ondoen egokitzen zaion sistema jarriko dugu abian", esan dute.

Horrez gain, sistema berria ezartzerako orduan Udalak "eragile nahiz herritarren arteko elkarlana eta parte hartzea bultzatuko du, eta herritarrek hala eskatzen badute herri-kontsulta egingo da".

Hemen atzo onartutako proposamena, osorik:

"Hondakinen gaian Azpeitiko udal alderdiek akordio zabala bilatzeko elkarrizketetan, ondoko proposamen orokorrera iritsi dira. Alderdiok birziklatzearen aldeko apustua egitea erabaki dugu, ondoko ildo nagusiaren arabera osatuko den hondakinen kudeaketa abian jartzeko:

1. Ahalik eta birziklatze tasa handiena ahalbidetuko duen bilketa sistema diseinatu eta ezarri nahi dugu Azpeitian. Sistemak birziklatze tasak neurtu eta hobetu beharko ditu etengabe, ahalik eta portzentaia handiena lortzeko helburuarekin.

2. Helburua lortzeko, gaur egun indarrean dugun edukiontzien sisteman oinarrituko da Azpeitiko Udala. Horrela, gaika birziklatzea kontrolatuko duen edukiontzien sistema martxan jarriko da, bai auzo-konpostaren gisa, kontrol komunitario bitartez edo bai teknologia berriek eskaintzen dituzten kontrol digitalen bidez. Gainera, auzo bakoitzari hobekien egokitzen zaion sistema abian jarriz.

3. Sistema ezartzeko Azpeitiko Udalak eragile nahiz herritarren arteko elkarlana eta parte hartzea bultzatuko du.

4. Hondakinak murriztu, berrerabili eta ahal den birziklatze maila altuenak lortzeko saiakera egin nahi dugu. Azpeitiko Udalak bereziki landuko ditu prebentzioan eta berrerabilpenean oinarritutako politikak.

5. Edozein kasutan herritarrek horrela eskatzen badute herri kontsulta egingo da, Udalak onartuta duen parte-hartze ordenantzaren ildotik.

Proposamen orokor honen onarpenak, edukiontzien gaikako bilketa sistema amaiera arte eramateko asmoa adierazten du, denok birziklatu beharra izango dugu edukiontziekin, eta beraz gure legealdian atez atekoa deritzona ez ezartzea suposatuko du. Ziur gaude, kontsentsu honekin eta azpeitiarren laguntzarekin, Azpeitiko sistema bilketa berriak emaitza ezinhobeak emango dituela eta %70a gaindituko duela".

Hitzetatik ekintzetara

Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztien artean lortutako adostasuna modu positiboan baloratu zuten udalbatzarrean Eneko Etxeberria alkateak eta oposizioko bozeramaleek. Baina, alkateak nabarmendu bezala, "hitzetatik ekintzetara pasatu" beharra dute orain. "Asmatu eta lana egin beharko dugu, lan asko -azpimarratu zuen alkateak-. Sistemak portzeintaia onenak emateko lan gogorra egin beharko. Lana gogorra izango da baina egingo dugu. Guk hori ere argi baitugu, ez gaude errauskailua eraikitzarearen alde. Guretzat bada alternatiba, hain zuzen birziklatzea, eta ez dugu uste kalte bat eragin behar denik gure kaltea, hau da, gure zabortegiaren kaltea, konpontzeko".

Bilduren Udal Gobernuak "emandako hitza bete" egin duela esan zuen alkateak, "batzuk sinetsi ez bazuten ere. Sistema diferenteak aztertuko genituela esan genuen eta bat aukeratu, patxadaz, eta hori egin dugu. Eta hitza eman genuen adostasuna bilatzeko, eta bete egin dugu. Eta hitza eman genuen herritarrekin sinesten dugula amaiera arte eta hondakinen gaian ere, herritarra genuela arazoaren erdian, guk proposatutako ordenantzaren arabera eskatzen bada galdeketa egingo dela. Parte-hartze bide zuzenak babesten ditugu eta hor daude aukerak".

"Udalbatza honetako kide guztiok azpeitiarren arazoak konpontzeko aukeratu gaituzte, norberaren interesetik haratago. Eta espazio horretan bilatzen ditugu adostasunak, eta hori da beste politika bat egiteko bidea. Hori eskaini genuen, eta betetzen ari gara", esan zuen Etxeberriak, gaiari irtenbidea ematerakoan landu duten bideaz. Aitor Gorrotxategirentzat (EAJ) eta Aitor Arangurenentzat (Hamaikabat), berriz, "zoriontzekoa" da adostutako proposamena plazaratu izana.

Hondakinen kudeaketaren arazoari irtenbidea eman eta, alkateak esan bezala "eskualdeko txikienak" diren Azpeitiko birziklatze tasak handitzearen alde neurriak hartzea da Udaleko alderdiek adostu dutena. Hondakinena "arazo politiko eta mediatiko" bihurtutako gaia dela esan zuen Aitor Gorrotxategik. EAJkoaren esanetan, "Azpeitian, momentu honetan, askoz inportanteagoak diren arazoak" badira, egoera ekonomikoarekin lotutakoei erreferentzia eginez. "Guri beti iruditu izan zaigu oraingo sistema potentziatu beharra zegoeka", aipatu zuen, edukiontziez. Eta indarrean dagoen sistemaren oinarritik abiatuta lortu nahi den %70etik gorako birziklatze tasaz, berriz, "espero dut gai izango garela maila horietara ailegatzeko".

Aitor Arangurenek hondakinen gaiari "dramatismoa kendu beharra" dagoela adierazi zuen eta bat etorri zen Gorrotxategirekin Azpeitian beste lehentasun batzuk daudela nabarmentzerakoan. "Hondakinak arazo bat dira gizarte guztietan eta gutxitzeko ahalegina egin behar da, baina hondakinena ez da arazo bakarra. Problema handiena gaur egun ez dira hondakinak, ekonomia baizik. Eta hor zentratu behar gara bereziki". Edukiontzien sistematik abiatzea egokia iruditzen zaio Hamaikabatekoari. "Ez da perfektua, baina ahal dugun zuku gehiena atera behar diogu, ez gaude dirua botatzeko". Pozik azaldu zen Aranguren "adostasunera iristeaz eta naturaltasunez hitz egiteaz".

Aurrekariak

Azpeitiko Udalaren erabakia EH Bilduk beste sistema batzuk ere "babestu eta bultzatu" egingo dituela iragarri zuen egun berean etorri zen.

Hondakinen bilketaren gainekoak lehen ere hizpide izan dituzte udalbatzarretan agintaldi honetan. Horrela, 2011ko urrian Lapatx adostutako epean ixtea eskatu zuen Udalak. 2012ko otsailean Gipuzkoako beste 34 herritan atez ateko bilketa ezartzeko asmoa iragarri zuen Bildu koalizioak, tartean Azpeitian. Proposamena iazko apirilean landuko zutela iragarri zuten baina, azkenean, maiatzean, hondakinak nola kudeatu erabakitzeko prozesua abian jartzea erabaki zuen Udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide