Hondakinen %70 gaika biltzeko bidean "oinarria herritarrak" dira

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 13a, 18:06

Egindakoaren eta egitekoen berri emateko saioa, ostiralean.

Gugandik hasita kanpainaren barruan orain arte egindakoaren emaitzak eta epe motzerako ekintza plana azaldu ditu Udalak.

Hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko Azpeitiko Udalak akordio bat lortu zuen. Hondakinen %70 gaika biltzea jarri zuen helburu, bide horretan "oinarria herritarrak" direla eta denen arteko konpromisoak eta urratsak ezinbestekoak zirela iritzita, Gugandik hasita kanpaina jarri zuen martxan Udalak. Kanpainan arloz arlo landutako egitasmoak emaitzak ematen ari direla azaldu du Leire Etxaniz Ingurumen zinegotziak, hainbat herritarrekin batera.

Orain arte egindakoak aipatuz, dekalogo bat osatu eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean hasi da Udala, eta herriko lau elkarte gastronomikotan organikoa biltzeko esperientzia pilotua du martxan jarrita. Horrez gain, auto-konposta eta auzo-konposta sustatzen ari da; herriko sei auzotan konposta guneak jarri ditu, eta 200 familia ari dira egitasmoan parte hartzen. Hondakin organikoa bereizita edukiontzi marroian botatzeko, berriz, 2.200 herritar daude erabiltzaile gisa izena emanda. Astearteroko azokan ere hondakinak gaika biltzen ari dira, eta Alde Zaharrean hondakinak edukiontzietan soilik jasotzen dituzte.

Eskola Berdearen baitan herriko ikastetxeetan balore pedagogikoetan lan egiten ari dira, ikasleak sentsibilizatuz eta herriko festetan hondakinak gaika biltzea bultzatzen ari da Udala.

Eginez, baina egiteko

Orain arte egindakoak bide bat zehaztu duela azaldu du Leire Etxaniz zinegotziak, baina "ekimenak balorean jarri behar dira, borondatea, aurrera egiteko asmoa erakusten dutelako. Herritik eta elkarlanean aritzeko borondatean sostengatzen da, inoren zain egon gabe".

Horregatik, hondakinen %70 gaika biltzeko bidean aurrerantzerako ere hainbat urrats zehaztuta du Udalak. Besteak beste, Eskola Berdean ikasleekin lanean segitzearekin batera, gurasoekin heziketa dinamikak egiteko asmoa dute. Nuarben gaika biltzeko ekarpen gunea martxan jarri nahi du urtea bukatzerako, kirol elkarteak batu nahi ditu Gugandik hasita dekalogoa martxan jartzera, gazte lokaletatik pasatuko dira hauek ere hondakinak gaika biltzera bultzatzeko, eta azpiegitura publikoetan koloretako zakarrontziak jarriko dituzte. Orohar, herritarrengan eragiteko, berriz, prebentzio gida eta hiztegi bana argitaratuko ditu Udalak.

"Herritarrei giltza"

Dena den, "urrats garrantzitsuagoak" eman beharko direla nabarmendu du Ingurumen zinegotziak eta Urola Erdiko Mankomunitateko presidenteak. "Eman beharko dira, eta etorriko dira. Baina horiek gaur artean erakutsi dugun arduratik, jendetasunetik eta konpromisotik etorriko dira; herritarrei giltza eta konfiantza emanez, eta elkarrekin bidea eginez".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide