Oroimenak erangindako emozioek, gozoek eta gaziek, bete dute gaur, zapatua, Azpeitia 1936-1945 liburuaren aurkezpen ekitaldia. Sanagustin kulturgunea mukuru bete da, eguerdiko hamabiak pasatxo hasi eta ia ordu eta erdiz luzatu den ekitaldirako.
80 urtez isilpean eta azaleratu gabe egon den azpeitiarren historia eta memoria berreskuratu nahi izan dituzte liburuarekin Udalak eta Aranzadik, Espainiako Gerra Zibila galdu zutenena; eta, gaur Sanagustinen behin baino gehiagotan aipatu duten moduan, emakumeena, horiena bi aldiz ezkutuago gelditu den memoria izan delako. Liburuan jasotakoak zuzenean bizi izan zituzten gehienentzat "berandu" iritsi den errekonozimendua, Eneko Etxeberria alkateak aitortu bezala; haien ondorengoek, baina, hunkituta jaso dute aurkezpenarekin batera egin zaien omenaldia.
1936a eta 1945a bitartean modu batean edo bestean errepresaliatutako 50 azpeitiar omendu dituzte ekitaldiaren azken txanpan. Sanagustinen bertan izan den Basilio Urbistondo kenduta, gainerakoen izenean haien senitartekoek jaso dituzte oroigarriak. Jose Borda Arangureni zegokiona jaso duen Xabi Bordak "attitte Joxe" gogoan emozioz beteta irakurritako testuarekin hasi da, hain zuzen ere, ekitaldia. Liburuan jasota gelditu diren testigantzen txanda etorri da ondoren. Testigantza eman duten batzuen hitzak tartekatuta osatutako bideoa eman dute aurrena, eta Azpeitiko sei gaztek -Oihana Labianok, Eider Galarragak, Aitor Arrietak, Aitor Zubillagak, Irati Etxanizek eta Alaitz Azpillagak- testigantza bana irakurri dute gero, Felipe Murillok biolinarekin Schindler's List filmeko Itzhak Perlman-en pieza jotzen zuen bitartean. Memoriari lotutako hitzak eta musika izan dira ekitaldi osoaren ardatza, eta horren beste erakusgarri bat izan da Eñaut Elorrieta abeslariaren parte-hartzea. Gitarra akustikoa eskuetan, lau kanta eskaini ditu Gernikako artistak: Gernikan, Deserriko kontradantza, Mendigoxaliarena eta Nire aitaren etxea.
Aranzadiko Juantxo Agirreren eta Jabi Bucesen eta Eneko Etxeberriaren hitzarteak hartu du musikaren lekukoa, aipatutako omenaldiari tartea egin aurretik. Omendutako guzti-guztien ordezkariak ezin izan dira egon Sanagustinen, baina bai gehienenak; banan-banan jaso dituzte oroigarriak, eta ohorezko aurreskua dantzatu diete gero guztiei. Irrintzi bat ere entzun da azkenaldira eta, ekitaldiaren beste hainbat unetan bezala, txalo beroekin bukatu da ekitaldia.