Omenaldi beroa jaso du Basilio Urbistondo gudariak

Uztarria.eus 2015ko ira. 21a, 11:50

Basilio Urbistondo gudari urrestildarrak Azpeitiko Udalaren omenaldia jaso zuen atzo, igandea. 12:00etan hasi zen omenaldi ekitaldia udaletxeko pleno aretoan, eta bertan izan ziren Urbistondoren senideak, lagunak, eta EH Bilduko nahiz EAJko udal ordezkariak. Udalak loreak eta oroigarria eman zizkion Urbistondori, eta EAJren ordezkariek beste horrenbeste egin zuten. Eneko Etxeberria alkateak hartu zuen hitza ekitaldian. Etxeberriak azaldu zuenez, "kastako pertsona" da Basilio eta esker hitzak izan zituen berarentzat: "Basilio eta besteek egin zutelako gara, eta guk egiten badugu izango dira. Izen-abizenak dituzte izan direnek eta ez baditugu oroitzen, ez baditugu gogoan eta ez badiegu esplikatzen zer egin zuten, galduta gaude". Etxeberriak gaineratu zuenez, "batzuek dena arriskatu zuten gure herriak eta guk etorkizuna izateagatik, eta dena esaten dugunean dena esan nahi du".

Ekitaldian Basarrik Gernika bonbardatu ondoren egindako bertsoak abestu zituen Jon Gurrutxaga azpeitiar bertsolariak, Haritz Garmendiak trikitixarekin lagunduta. Ekitaldiaren bukaeran Eusko gudariak abestu zuten Urbistondok eta ekitaldira bertaratutakoek, eta kanta amaitutakoan "Gora Euskadi askatuta!" bota zuen gudari urrestildarrak.

1936ko gerra hasi zenean Urrestillatik alde egin eta, beste gudari batzuekin batera, lehenbizi Zumaiara eta gero Ondarroara joan zen Urbistondo. Bere hiru anaiarekin batera, Errepublikaren alde borrokatu zuen San Andres batailoian. Gerran preso hartu eta hamaika hilabetez gatibu izan zuten Santanderren, Miranda de Ebron eta Zaragozan. Basilio Urbistondoren bizitzako hainbat pasarte jasota daude Ahotsak.eus webgunean, helbide honetan

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide