Mahaiaren gainean bizkotxoa eta kafea, nahi duenak har ditzan. Giro lasaia. Ez da terapiarako saio bat, tertuliarako gunea da. Death Cafe saioak horrelakoak dira, eta eskatzen du gaiak halakoak izatea; izan ere, gizartean gai tabua den heriotzaz naturaltasunez hitz egitea dute xede.
Joan zen abenduaren 19an egin zuten Death Caferen lehen saioa Azpeitian. Iñaki Arregi Izanek (Elgoibar, 1973) eta Manex Beristainek (Azpeitia, 1977) antolatu zuten, heriotzaz lasai hitz egiten hasteko. Biei eman dizkie "kolpeak" bizitzak, eta Beristainek uste du "beharrezkoa" dela errespetuz eta juzgurik egin gabe hitz egiteko espazioa edukitzea.
Death Cafe saioetan edonork parte har dezake. "Helburua da pertsonak saiora sartu direnean baino hobeto ateratzea, nahiz eta emozionalki mugituta egon". Izan ere, beldurrei aurre egiteko beharrezkoa da hitz egitea, gizaki oro hilko baita lehenago edo beranduago.
Hitz egiteko beharra
"Heriotzaz hitz egiteko beharra dago, baina gutxi islatzen da premia hori", dio Izanek: "Batzuek hitz egiten dute, baina beste askok ez". Gizartean heriotza oso agerikoa bada ere, Beristainek uste du "gauza txar" bat bailitzan hartzen delako dela gai tabua. Gainera, uste dute heriotzaren aurrean gizartea ez dagoela prestatuta. "Norbait galdu duen pertsonak dolua igaro behar izaten du, eta askotan, ez dugu jakiten pertsona horiei zer esan".
Heriotza barneratzen hasteko lehenengo pausoa gai horrek pertsona jakin horri zerbait eragiten diola aitortzea dela dio Beristainek. Eta bat egin du Izanek ideia horrekin: "Gero eta gutxiago sentitzen den gizartean bizi gara; zerbait gertatzen zait, eta pilula hartzen dut. Emozioak modu askotan anestesiatu daitezke, baina hor jarraitzen dute. Lehen urratsa da heriotzari beldurra diogula esatea, itxurakeriak alde batera utzita".
Buruak "dena kontrolatu" nahi izaten badu ere, heriotza misterio bat dela dio Beristainek. "Sentitzeaz ahazten gara, beldurra diogulako. Tristura ez dugu sentitu nahi, horrek eskatzen duelako bi egunez zure tristurarekin etxean egotea. Gure burua entretenitzeko joera daukagu, ez baikara gure buruarekin zintzoak". Haren ustez, umeekin modu berean jokatzen da: "Galderak egiten dituzte jakin-mina dutelako, eta guk askotan ez ditugu galderak errespetatzen, erantzun iheskorrak ematen dizkiegu. Halakoetan transmititzen diegu heriotza gauza txarra dela, sentitzen duen hori ez dagoela ondo...". Dena den, Beristainek uste du umeek heriotza "naturaltasunez" hartzen dutela arrazoimenean sartu bitartean: "Pentsa, heriotzarekin jolasten dute".
Galera baten aurrean "oreka" behar-beharrezkoa dela azaldu du Izanek. "Depresioak bere arriskuak ditu eta dena ondo doala pentsatzeak ere bai; izan ere, muturreko kasu horietan dolua patologiko bilakatzeko arriskua dago". Elgoibartarrak azaldu duenez, "momentua bizi" egin behar da, norberaren erritmoa errespetatuta: "Oreka bilatu behar da, egoera zer-nolakoa den jakinda eta bizitzaren aldeko apustua eginda. Gertatutakoa hazteko eta ikasteko erabili behar da, indartzeko; heriotzak balio dezake bizitza zentzu gehiagorekin bizitzeko ere".
Gizonak gutxiago
Lanagatik, lagun bat hil zaiolako, heriotzarekiko interesa duelako... Arrazoi bat baino gehiagogatik parte hartzen dute herritarrek Death Cafe saioetan. Lehen saiora gizonak baino emakume gehiago bertaratu zirela dio Beristainek, eta uste du hori "gizartearen isla" dela. "Emakumeak beti elkartu izan dira emozioez hitz egiteko. Nola gauden entzuteak norbere barruarekin konektatzea eskatzen du, eta beldurra daukagu horretarako". Izanek uste du gizona gaizki egotea ez dagoela ondo ikusita sozialki: "Hala badago, ja ez da gizona. Hori oso ikuspuntu mugatua da, negar egiten dakien gizonak emozioak kudeatzen dakielako".
Adinari dagokionez, berriz, gehienak 55 urtetik gorako herritarrak zirela gogoratu du Izanek. "Jendeak, adinean aurrera joan ahala, gero eta hurbilago ikusten du heriotza, eta barruan zenbait gauza sortzen zaizkio". Bestalde, lanagatik heriotza gertu bizi duten pertsonak ere bertaratu ziren, eta horiek lanketa egitea ere garrantzitsua da, egoerak gainezka ez egiteko.
Lanketa behar da
Gaia lantzeak, heriotza bideratzeko tresnak ematen ditu Death Caferen sustatzaileen arabera, eta halako foroak indarra hartzen hasi dira. "Gizartea hasi da pixka bat esnatzen, eta herritarrak hasi dira heriotzarekin eta doluarekin lanketa egiten". Haren ustez, "gorde eta estali" egiten dira sentimenduak, baina horiei beren lekua eman behar zaie, "lagundu" egiten duelako. Izanek uste du herritarrek, oro har, heriotzaren aurreko lanketa egin gabe dutela. "Ez digute irakatsi nola egin, eta ikasi dugunok kolpe bidez ikasi dugu. Baina lanketa ere egin dugu; izan ere, kolpeak etor daitezke, baina kolpeekin zer egin norberak erabaki behar du". Beristainen arabera, "norbere heriotza" barneratzeak lagun dezake dolua egiten. "Nik dolua egin dezaket aldameneko pertsona hil delako, baina nire heriotza ez onartzeak ez dit batere lagunduko. Heriotzaz pentsatzen dudan bakoitzean antsietatea sortzen bazait, nola egingo dut dolua? Dolua minetik egingo duzu, eta ez duzu pasatuko".
Lekukotzak
Maite Urbietak (Azpeitia, 1977) eta Saioa Garmendiak (Astigarraga, 1979) Azpeitiko aurreneko Death Cafe saioan parte hartu zuten, eta beren testigantzak eman dituzte erreportaje honetarako.
Maite Urbieta: "Inork ez du heriotzari buruz hitz egin nahi"
"Ez nekien Death Cafe bezalako saioak existitu ere egiten zirenik. Lehenik kartel bat ikusi nuen kalean, eta ez zidan ezer berezirik sentiarazi, baina gero berriro agertu zitzaidan Facebooken. Une horretan, momentu txar bat bizitzen ari nintzen; udan, lagun bat hil zen, 42 urterekin, eta barruan zurrunbilo bat neukan. Borroka bat nuen barruan, beldurrak azaldu zitzaizkidan: 'Laguna 42 urterekin hil bada, zergatik ez naiz ni hilko?', pentsatzen nuen. Ez da erraza kalean horretaz hitz egitea, inork ez baitu heriotzari buruz hitz egin nahi. Horregatik, Death Cafe saiora animatzea erabaki nuen: 'Ea zer den', pentsatu nuen.
Beldurrak etorri zitzaizkidanean, arraroa ni izango nintzela pentsatzen nuen. Heriotzaz hitz egiten ez dugunez, ez dakizu kezka horiek zuk bakarrik dituzun, edo Azpeitia erdia zure egoera berean dagoen. Eta nire antzeko egoeran dagoen jendea dagoela ikusteak lagundu zidan bakarra ez nintzela konturatzen, ez nintzela ari zoratzen jabetzen.
Lasaitzen lagundu zidan tertuliak. Besteen esperientziak entzunda eta ikusita batzuek ez dutela hiltzea nik ikusten dudan bezain beltza ikusten, zera pentsatu nuen: 'Jende askok aurrera irteten du, beste ikuspuntu batzuk ere badaude, denborak laguntzen du...'. Gaiaz hitz eginda bakarrik, barruan nuen korapiloa pixka bat soltatu zitzaidan.
Heriotzarena ez da gai erraza, ez hitz egiten duenarentzat, eta ez entzuten duenarentzat. Hitz egitea zaila egiten zaigu, baina laguntzeko ere ez daukagu erraztasunik. Pertsona bat hiltzen denean, esaldi batzuk baino ez dakizkigu esaten: 'Nahigabean laguntzen dizut', 'animo', 'hau ere pasatuko da'... Baina beste armarik ez dugu. Gaia behar bezala ez dugulako lantzen gertatzen da hori.
Egoera horren aurrean, tertuliara joan izana oso esperientzia ona izan zen niretzat. Baina ona baino gehiago, beharrezkoa iruditu zitzaidan. Nire ustez, ez da heriotzari buruz hitz egiten. Adibidez, lagunen artean gai hori ateratzen da, eta beti esaten du norbaitek: 'Zerbait alaiagoagatik hitz egingo dugu'. Denok dakigu hil egin behar dugula, baina ez dugu horretaz hitz egin nahi, eta tabu izate horrek berak beldur gehiago ematen du. Death Cafe saioan, berriz, naturalago bihurtu genuen gaia.
Iruditzen zait gure inguruan jende askok ikuspuntu antzekoa duela. Hiltzean dena bukatzen dela uste dugu, gerta daitekeen txarrena dela hori; dena beltza ikusten dugu. Eta uste dut, gaiaz gehiago hitz egingo bagenu, lasaiago hartuko genituzkeela gauzak.
Ideala izango litzateke Death Cafe bezalako espazioak sortu beharrean, kalean normaltasunez hitz egitea gaiaren inguruan. Baina lehen urratsa izan daiteke horrelako saioak antolatzea. Agian, tertulia egin izanak berak bakarrik elkarrizketa sortuko du kalean.
Zorteduna sentitzen naiz saioa une eta leku egokian tokatu zaidalako. Agian, lehenago antolatu izan balute, ez lidake atentziorik emango, baina une horretan asko lagundu zidan. Neu soltatzeko baino gehiago, entzun nuen guztiak lagundu zidan. Aberasgarria iruditu zitzaidan lasai hitz egiteko toki bat edukitzea. Agian, horixe zen behar nuena. Ez dizkit beldur denak kendu, baina askoz lasaiago nago. Beste patxada batekin hartzen dut heriotza.
Uste dut aldi berean konturatzen garela hilko garela eta bizirik gaudela. Askotan, ez gara konturatzen bizirik gaudela, konturatu gabe joaten gara bizitzan aurrera. Nola ez dugun pentsatzen hil egingo garela, ez dugu pentsatzen bizirik gaudela ere. Eta hil gaitezkeela onartzen dugun momentuan konturatzen gara bizi garela; orduan, beste balio bat ematen diozu momentuari. Nik ez nuen pentsatzen hilko nintzenik, baina ez nuen pentsatzen bizirik nengoenik ere. Orain, inoiz baino biziago nago. Eta bizirik egonda ere, triste egon zaitezke, noski".
Saioa Garmendia: "Maitasuna falta da heriotzaren prozesu osoan"
"Hamar urtez erizain laguntzaile lanetan aritu nintzen adinekoekin, gauez, eta heriotza gertutik bizitzea tokatu zitzaidan. Horregatik, zaintza aringarrien formakuntza bat egitea erabaki nuen, hiltzear den jendearekin nola lan egin ikasteko. Ikastaro horretan ezagutu nuen Izan, eta hark kontatu zidan Azpeitian egingo zela Death Cafe saioa. Animatu egin nintzen.
Tesina bat ere egin dut formakuntza amaitzean: hiltzear den gaixoa etxean zaintzen ari den pertsonaren beharrak aztertu ditut bertan. Gaixoak zaintzen ari diren pertsonak sarritan ez dira izaten osasun arloan trebatuak, halabeharrez gertukoren bat zaindu beharra tokatu zaienak baizik, eta ikasi egin behar izaten dute pertsona hori zaintzen. Tesinak kontatzen du pertsona horiek bestea zaintzeko dena ematen dutela, eta askotan beraiek baztertuta gelditzen direla. Beraiek ere laguntza behar dute, eta haiei laguntzeko asmoz egin nuen lana.
Kontraesan batzuekin egin dut topo lanean. Hiltzear den gaixo bat etxean duten edo izan duten 30 laguni egin diet galdeketa, eta haien %80k pentsatzen dute heriotzan. Hala ere, oso gutxi hitz egiten dugu horretaz. Gainera, %90ek esaten dute etxean hiltzea iruditzen zaiela duin hiltzea. Eta tristea da, baina oso jende gutxi hiltzen da etxean, lautik bat; gainontzekoak ospitalean hiltzen dira.
Nik beti zera esaten dut: heriotza dela bizitzeagatik ordaindu behar dugun prezioa; hori ezin da saihestu. Inork ez dugu hortik pasatzea nahi, baina heriotza pixka bat gehiago onartuko bagenu, gaia pixka bat normalizatuko bagenu, askoz ere lasaiago biziko ginateke denok.
Guztiok bizi izan dugu gertukoren baten heriotza eta tokatuko zaigu bizitzea. Ez da pasatzen ez den gauza bat; egunero gertatzen da, pasatuko da, eta guri ere pasatuko zaigu. Ez dugu beti heriotzan pentsatzen egon behar, baina kontziente izan behar dugu trantze hori guk ere pasatuko dugula. Inork ez dugu nahi hil, eta gaizki pasatzen dugu gertuko norbait hiltzen denean, baina gai izan behar dugu horretaz hitz egiteko.
Heriotza gertu dugunean, sarritan ez dakigu zer egin, nola jokatu; nire lana tarteko, asko nabaritzen dut hori. Adinekoen egoitzetan, egoiliar bat hiltzen ari denean, sarritan ikusten dut senitartekoak nola egoten diren: urduri, beldurtuta, nahikoa lan izaten dute beraien sentimenduekin... Halako egoeretan, profesional batek zenbait aholku emateak asko laguntzen die, eta gainera, asko eskertzen dute hori. Asko ari gara hobetzen; gero eta errespetu handiagoz jorratzen dira halako egoerak.
Gainera, pertsona bati lasai hiltzen laguntzea oso esperientzia aberasgarria da. Geratzen garenontzako maite dugun pertsona bat lasai hil dela ikusteak dolua askoz ere hobeto egiten laguntzen du. Batzuetan ezin da bizitzarik salbatu, eta halakoetan, hiltzen lagundu behar zaio maite dugun pertsonari. Zer den hiltzen laguntzea? Momentu horretan, pertsona horren ondoan egon eta erabateko presentzia izatea. Ez duzu ezer egin behar, hortxe egon baino ez. Besarkatu, eskutik heldu, muxu eman... Berarekin egon. Kontziente izan egoeraz, eta egon.
Uste dut, aurrera beharrean, atzera goazela. XV. mendean, Ars Moriendi izeneko kristau gida batzuk zeuden, nola hil behar zen ikasteko. Gainera, XVIII. mendean, norbait hiltzen zenean, herri guztia joaten zen haren etxera, nahiz eta pertsona hori ez ezagutu. Horrez gain, gure aitona-amonen garaian, hamar seme-alaba jaiotzen ziren, eta bi hiltzen ziren; etxekoek sufrituko zuten, baina normalizatuago zegoen gaia. Lehen, ez ziren beilatokiak existitzen, etxean egoten ziren gorpuak, kaxa batean, eta nahi bazenuen ukitu egiten zenituen; argazkiak ere ateratzen zitzaizkien. Egungo beilatokiak, berriz, oso hotzak iruditzen zaizkit; beste era batera antolatuko nituzke. Garai batean, hildakoei etxean egiten zitzaien agurra, eta orain, zer egiten dugu? Agurra ahalik eta azkarren egin, eta berehala lurperatu edo erre. Ez dugu ikusi nahi hildakoa. Tapatu nahi dugun gauza bat da, baina hor dago. Nire ustez, maitasuna falta da heriotzaren prozesu osoan. Pixka bat gizatiartu behar dugu gaia.
Nik ere sekulako ikara izan diot heriotzari. Ama izan nintzenean, nire umeei zerbait gertatuko zitzaien beldur nintzen. Eta horrela, ez zara bizitzen, denbora guztian sufritzen baitzaude. Zainketa aringarrien ikastaroa egin nuenean, ikasi nuen, onartu nuen, hil egingo naizela, eta horrek sekulako bakea eman dit. Ez dut hil nahi, baina hilko naizela benetan onartu dudanetik, beste bake batekin bizi naiz.
Iruditzen zait ez garela ari bizitzen. Nola bizi gara? Beldurrekin, presaka... Pixka bat kontzienteago bizi behar dugu. 'Bihar hau egingo dut' eta 'gero hau egingo dut' pentsatuz bizi gara. Eta orain, zer ari zara egiten? Gizarteak bultzatzen gaitu horrela bizitzera, baina guk pixka bat gelditu egin behar dugu. Lasaiago bizi behar dugu; barruko bakea behar dugu denok. Eta horretarako, heriotza onartu behar da; hilko garela onartzen dugun unean beste era batera hasten gara bizitzen.
Argi dago heriotzaren gaia normalizatu egin behar dela. Gertukoren baten heriotza bizi izan duena bere minarekin geratzen da, eta horrelako tertuliak ondo etortzen dira bakoitzak bere kezkak azaltzeko".