Urrezko Banakako Aizkolari txapelketaren sailkapen faseko azken jardunaldia jokatu dute gaur eguerdian Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Finalaurrekoetarako azken bi txartelak zeuden jokoan, eta Mikel Larrañaga azpeitiarrarentzat eta Eneko Otaño beizamarrarentzat izan dira txartelok, gaurkoan horiekin lehian aritu diren Arkaitz Jauregiren eta Jesus Mari Mujikaren kaltetan.
Horrela, datorren zapatuan, hilak 12, Leitzan (Nafarroa) 19:00etatik aurrera jokatuko den finalaurrekoan lehiatuko da Larrañaga, Aitzol Atutxarekin, Jon Rekondorekin eta Donato Larretxearekin batera. Egun berean, baina eguerdian, Berrizen (Bizkaia) jokatuko den finalaurrekoan ariko da Otaño, Iker Vicenterekin, Ugaitz Mugertzarekin eta Joseba Otaegirekin.
Hiru saiotan jokatuko dituzte finalaurrekoak. Datorren zapatuko saio bakoitzeko irabazleak zuzenean pasatuko dira ekainaren 3an Azpeitiko Izarraitz frontoian jokatuko den finalera. Finala, ordea, hiru kirolarik jokatuko dute. Hirugarrena zein izango den Galdakaon (Bizkaia) erabakiko da, hil honen 19an jokatuko den hirugarren finalaurrekoan; Berrizko eta Leitzako bigarren sailkatuak lehiatuko dira Galdakaon.
Urrezko Binakako Harri-jasotze txapelketaren kanporaketa ere jokoan izan da gaur Urrestillako jaialdian. Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilagunak eta Aimar Galarraga oriotarrak osatutako bikotea izan da harri ezberdinekin kilol gehien pilatzea lortu duena, 8.125 guztira. Txikurin aritu den beste bikoteak, Beñat Ugartemendiak eta Josetxo Urrutiak osatutakoak, 6.763 kilo altxatzea lortu du; min hartuta dagoen Telleria IV.aren tokian aritu da Urrestillan Urrutia.