Urola Erdiko biztanleen %35ek ez dute energia "arrazionalki" kontsumitzen

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 11a, 12:19

Ezkerretik hasita, Iraitz Solabarrieta ikerlaria, Leire Etxaniz Azpeitiko zinegotzua eta Orkatz Goenaga Ingurugiro Fundazioko kidea.

Ingurugiro Etxea Fundazioak ebatzi du Urola Erdiko biztanleen %4ak baino gehiagok duela energia pobrezia. Iraitz Solabarrietak dioenez, "errenta altua dutenek baxua dutenek baino %60 gehiago kontsumitzen dute elektrizitatea".

Ingurugiro Etxea Fundazioak energiak Urola Erdiko etxebizitzetan duen eragin ekonomiko aztertu du. Iraitz Solabarrietak, ikerketaren egileak, adierazi du Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako "argazki energetikoa" egin dutela. Energia kontsumoak herritarren bizi kalitatean duen eragina aztertu dute. "Urola Erdiko herritarrek energia modu eraginkorrago batean kontsumitzeko neurriak hartzearen aurrean duten jarrera aztertu da", adierazi du fundazioak. Horretarako, hiru herritetako 212 etxebizitzatan inkestak egin zituzten iaz. Behin datuak eskuartean izanik, egileek ondorioztatu dute Azkoitiako, Azpeitiako eta Zestoako herritarrek energia eraginkortasuna hobetzeko duten jarrera errentak baldintzatzen duela. "Gero eta errenta altuagoa izan, handiagoa da aurrezkiaren zati bat energia eraginkortasuna hobetzera bideratzeko proportzioa".Izan ere, Solabarrietaren arabera, herritarren %45 dago prest aurrezkien zati bat energia eraginkorragoetara bideratzeko, baina epe ertain edo luzera amortizatzen diren inbertsioak egiteko biztanleen %25 soilik dago prest. Fundazioak ebatzi du errenta maila baxua "oztopoa" dela horretarako, diru sarrera gutxi duen inor ez dagoelako prest inbertsioak egiteko, luzera "ekonomikoki eta energetikoki" aurreztu egingo duten arren. Honen aurrean, erakundeek proposatu diete honen inguruko "informazio baliagarria" eskuratzea, "erabakigarria" izan daitekeelako kontsumo ohiturak aldatzeko.

Halaber, fundazioak ondorioztatu du energia eraginkortasuna hobetzeko jarrera ingurugiroarekik kontzientziazioarekin lotuta dagoela, eta honen aurrean, hezkuntza politikek duten garrantzia nabarmendu dute.

Era berean, azterketa egin dutenek energia pobreziaren fenomenoa ikertu dute. Energia pobrezia identifikatzeko hainbat irizpide zehaztu dute; besteak beste, diru sarreren %10 edo gehiago energia fakturak ordaintzera bideratzen dituzten etxebizitzak multzo honetan sartu dituzte. Irizpide hori kontuan hartuta, Urola Erdiko biztanleen%4 eta %17 artean energia pobrezia bizi dela ohartarazi dute. Zentzu honetan, gas naturala eta elektrizitatea erabiltzen duten %11,72k pairatzen dute fenomeno hori, eta butanoa eta elektrizitatea erabiltzen duten %10,85ek, gutxienez. Tasa horiek "altuak" direla deritzote fundazioko kideek, eta horiei laguntzeko egitasmoak martxan jartzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute, hala nola, diru-laguntzak sustatzea. Familiek, berriz, pobrezia bizi dutela frogatzea "erraza" dutela adierazi dute. Horretarako, etxebizitzetako errenta aitorpena etaurteko energia gastuak justifikatu behar dituzte.

Kontsumoa, sarreren arabera

Urola Erdiko familien diru sarrerak energia kontsumoan ere zuzeneko eragina duela jakinarazi du Solabarrietak. Izan ere, honen arabera, errenta maila altuagoa dutenek baxuenek baino %60 gehiago kontsumiten dute elektrizitatea. Halaber, ezagutzarekin ere badu zer ikusia kontsumoak; Urola Erdiko biztanleen %35ek ez dutela "kontsumo arrazionala" egiteko ohitura ondorioztatu dute, eta horren "kontzientzia faltaren" eraginez, urtean 95.551 eta 134.932 euro artean "xahutzen" direla nabarmendu dute.

Gas naturalaren kasuan, ordea, aurkako jarrera antzematen dela nabarmendu dute. Izan ere, ebatzi dute errentamaila baxuena dutenek gehiago kontsumitzen dutela gas naturala, eta hori "erabilera ohitura txarra", "etxebizitza zaharra eta isolamendu eskasa" eta "inslatazio ez eraginkorrak" izatearen eraginez gerta daiteke. Egoera horrek hainbat herritar "energia pobrezian erortzeko arriskuan" egotera sortu lezakeela adierazi dute ikertzaileek. Hori ekiditeko, gas naturalaren kontsumoaltuaren faktoreak identifikatzeko beharra azpimarratudute. Tenperaturari dagokionez, berriz, galdeketa egin duten %90 inguruk tenperatura "onean" izaten du berogailua piztuta, eta gauez berogailua itzaltzen dute. Oro har, energiaren erabilera "ona" dela azpimarratudute, baina laginaren laurden batek erradiadoreak arropekin estaltzeko edota etxea aireztatzen ari diren bitartean berogailua piztuta izateko "ohitura txarrak" dituztela jakinarazi dute.

Erakundeei deia

Fundazioak ondorioztatu du energia eraginkortasuna hobetzeko neurriek familiek baliabide ekonomiko gehiago izatea eragiten duela, horien kontsumoa "arrazionalagoa" eta "arduratsuagoa" izatea ahalbidetzeaz gain. Horretarako, udalek eskualdeko "ongizatea" butzatzeko eta energiak familien ekonomietan duen eragina gutxitu eta energia pobrezia gutxitzeko politikak abiatu ditzala azpimarratu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide