Energiaren inpaktu ekonomikoaren azterketaren emaitzak aurkeztuko dituzte udaletxean

Uztarria.eus 2012ko urr. 8a, 20:03

Asteartean, urriaren 9an, Ingurumen batzordearen bileran emango dituzte azalpenak. 18:30ean izango da eta interesa duten herritarrek bertan izateko aukera dute. Ingurugiro Etxea Fundazioak egin du azterketa, Urola Erdiko hainbat familiari inkestak eginda.

Urte honen hasieran iragarri zuten Azpeiti, Azkoiti eta Zestoako udalek, Ingurugiro Etxea eta Loiola Berrikuntza fundazioekin batera, energiaren arloan eskualderako plangintza egiteko proiektua jarri zutela abian. Orduan aurreratu zutenez, herri horietako familietan eta enpresetan energiak eragiten duen inpaktu ekonomikoa aztertzea izango zen lehen pausoa.

Orain, Azpeitiko Udalak jakinarazi du bihar, asteartea, Ingurugiro Etxea Fundazioak energiak Urola Erdiko etxebizitzetan duen inpaktu ekonomikoaren gaineko azterketaren emaitzak azalduko dituela udaletxean, Ingurumen batzordearen bileran. Hitzordua 18:30ean izango da eta Udalak gonbita luzatu du bertaratzeko; "komisioak herritarrei zabaldutakoak direnez", interesa duten herritarrek bertan izateko aukera dute.

Eskualdeko familia ugarik hartu du parte azterketan, Ingurugiro Etxea Fundaziokoek prestatutako inkestari erantzunez. Etxebizitzetan zenbat energia kontsumitzen den, zerk baldintzatzen duen energia kontsumo hori eta familien ekonomian zer eragin duen energiaren kontsumoak aztertu dituzte, besteak beste.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide