Bebe: "Abestiak biluztu ditugu, eta oso gorputz polita hartu dute"

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 1a, 11:28

Bere ibilbideko abesti ezagunenak formatu akustikoan aurkeztuko ditu igande honetan, Sanagustin kulturgunean. 20:00etan hasiko da kontzertua. (har ezazu Azpeitiko kultur bonoa; 155 euroko balioa du eta 52tan dago)

Nazioarteko biran murgildu aurretik, emanaldi akustikoak eskaintzen ari da Nieves RebolledoBebe (Valentzia, 1978). Data gutxi batzuk baino ez ditu hitzartu, eta asteburu honetan Euskal Herrian ariko da. Bilboko eta Ondarroako kafe antzokiak bisitatu ondoren, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean abestuko du, igande honetan, 20:00etatik aurrera.

Bira akustikoari amaiera emango diozu igandean, Azpeitian. Nola sortu zitzaizun halako bira batean murgiltzeko ideia? Bestelako zerbait egiteko gogoa zenuen, akaso?

Nazioarteko bira bukatu eta bospasei hilabetera egoerari buelta ematea gustatzen zait. Nazioartean kontzertuak jotzen jarraitzen dugun arren, Estatuan egoera delikatuagoa da gaur egun. Hala ere, jotzen jarraitzeko nuenez, formatu txikiagoko zerbait egitea pentsatu nuen. Banda osoarekin aritzea baino bideragarriagoa zen, azken finean. Beraz, buru-belarri jarri ginen, eta azken diskoko abestiez gain, bandarekin orain jotzen ez ditudan hainbat abesti berreskuratu eta jantziz aldatu ditut emanaldi hauetarako.

Kontatzen duzun moduan, zeure buruari eta, halaber, zure jarraitzaileek egiten diezun oparia dirudi.

Niretzako, behintzat, opari bat bada. Krisialdian gauden arren, eta guztia oso beltz ikusten dugun, niretzat aldaketa positiboa izan da. Biran murgilduta nenbilenean ez neukan behar adina denborarik bestelako  gauzak egiteko, eta kontzertu xumeago batzuk egiteko. Niretzat emanaldi txikiak oso garrantzitsuak dira, asko betetzen nautelako. Publikoarekin duzun hartu-emana oso diferentea da, baita abestiek hartzen duten kutsua ere. Azkenean, honek ere badu bere alde ona, honakoa nire ibilbideko lehen bira akustikoa baita.

Erronka handia izan al da abestiak akustikoki moldatzea?

Bai, baina esperientzia oso atsegina izan da. Sormena beste modu batera lantzeko aukera eman digu, eta biziki erakargarria izan da. Bandarekin diskoa ahalik eta fidelen defendatzen saiatzen baginen, orain abestiak biluztu egin ditugu, eta oso gorputz polita hartu dute. Gainera, aspaldian jotzen ez nituen abestiak berriz ere jaso ditugu,  egungo freskurarekin.  Oro har, errepertorio oso kolore polita hartu du.

Pablo Novoa gitarristarekin eta Carlos Sanchez bateria-jotzailearekin baino ez zara igoko taula gainera. Musikalki ere xumetasuna al duzu helburu?

Nik dudan guztia eman ohi dut emanaldi guztietan, baina gisa honetako saio txikietan aurrez aurrekoa indartsuagoa izaten da. Gainera, ez duzu hainbeste musikariren laguntzarik, eta nahiko bakarka ari zara zuzenean. Horrexegatik, abestiak biluztu egiten dira.Abestiak ongi ekoiztea gustuko dudan bezala, gustuko dut jatorrian nola ziren entzutea ere. Kontzertu sorta honekin jendeak hobeto ulertuko du zergatik jarri nion Un poquito de rocanrol izenburua nire hirugarren diskoari; izan ere, K.I.E.R.E.M.E. edo Me pintare bezalako abestiek rock kutsu handiagoa dute orain.

Beraz, abestien jatorrizko izaera berreskuratzen saiatu zara.

Horrekin jolasteko zortea dugu, eta halaxe egin dugu. Musikak irakurketa ugari izan ditzakenez, egin dezagun jolas.

Abestiak biluzik daudela diozu, eta musikalki nahiko bakarka aritzen zarela.  Zer moduz sentitzen zara?

Pozez zoratzen nago. Oso eroso sentitzen naiz. Jendeari ere asko gustatzen ari zaio, nahiz eta batzuek banda osoarekin ikusi eta dantza gehiago egin nahi dutela esan. Joan den astean, adibidez, Gironan izan ginen, eta oraingo emanalditan abestiak apalagoak badira ere, gelditu gabe dantza jardun zuenik ere izan zen. Nolanahi ere, modu akustikoan entzun nahi ninduten jarraitzaileak ere badaude, eta haientzako ezusteko gozoa izan da.

Akustikoetan giro intimoa eta gertuagoa sortzen da. Atmosfera hori sortzen saiatzen al zara?

Bai, jakina. Nolabait ere, hori bilatu nahi nuen bira honi ekin nionean. Banda osoarekin jarduten naizenean, nekez lortu ohi dut halako girorik. Bestelako kontu bat da. Akustikoetan askatasun ge­hiago izango banu bezala sentitzen naiz; hau da, jolasteko eta inprobisatzeko askeago. Gainera, formatu akustiko hau egin ondoren, nazioarteko bira berri ekingo diogu, eta bi formatuak uztartzeko asmoa dugu. Beraz, askoz ere bira dibertigarriagoa izango da. Hori horrela, giro bikoitza emango diegu kontzertuei.

Edonola ere, emanaldi akustikoetan ez zaizu faltako bereizten zaituen energia.

Hori nire baitan dago, zalantzarik gabe. Musika jotzeko moduak ez du zerikusirik energiarekin. Oso garrantzitsua da energia beti present egotea, bestela jai duzu. Kontzertu akustikoek indar hori kanporatzen laguntzen dizute, egoera animikoa delikatuagoa delako. Hori baliatuz, konturatzen zara pixkanaka-pixkanaka goraka zoazela, eta energia horren eztanda handiagoa dela. Formatu txikiko emanaldiak benetan bizigarriak zaizkit, eta emozioen erabilera oso interesgarria iruditzen zait. Azken finean, hori guztia publikoari igortzen diozu.

Saio akustikoak bukatu bezain pronto, nazioarteko bira berri bati helduko diozu.  Badirudi  ez duzula atsedenik hartzen.

Egun, ordea, lasaiago nabilela uste dut. Hasierako diskoak atera nituenean, esaterako, ez nuen ezertarako astirik izaten. Ia-ia ez nintzen etxetik pasatzen ere. Orain, aldiz, bai. Kontzertuz kontzertu ibiliagatik ere, egutegia hobeto neurtuta izaten dut. Ondorioz, gauzak patxadaz prestatzeko eta etxe aldetik lasai egoteko denbora dut, eta horrek asko errazten dizkit gauzak.

---

Sanagustin kulturgunea. Sorrera: 2010. / info@sanagustinkulturgunea.net, 674 165 700 / Azpeitiko Kultur Mahaiak kudeatzen du Sanagustin, 2011ko uztailetik. / Kulturgunearen izaera zabala eta parte hartzailea da. / Ostalaritza zerbitzua dauka. / Informazio gehiago

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide