Martxan da Azpeitiko kultur bonoa

(Udaleko, Sanagustineko eta Kultur Mahaiko, Gazteria saileko eta Tren Museoko ordezkariak gaur, aurkezpenean)

Kultur Mahaiak abiatu du proiektua, Sanagustinen, Tren Museoaren eta udalarekin elkarlanean. Helburuak: kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea, Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea eta herritarrek abantaila ekonomikoak izatea. Urteko bonoa izango da, 52 euroko prezioarekin; eskaintzak berez 155 euroko balioa du. Bonoa har daiteke dagoeneko: Sanagustinen, Tren Museoan edo Udal Gazte Informazio bulegoan.

Azpeitiko Kultur Mahaiak beste proiektu bati ekingo dio 2013. urtean: kultur bonoei.

Hiru helburu

- Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.

- Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.

- Herritarrek bonoaren bidez abantaila ekonomikoak izatea.

Kultur Mahaia bere sorreratik bertatik ari da kultur mugimendua indartu nahian eta herri kontsumoa bultzatuz, eta asmo berri hau ere bide horretan beste pauso bat da.

Elkarlanean

Eragileekin eta herritarrekin elkarlanean aritzea da Kultur Mahaiaren beste ardatz bat, eta kultur bonoen proiektuan horren bila joan eta lortu dugu. Izan ere, eragile hauen ekitaldiak eskainiko ditugu bonoen sisteman:

- Kultur Mahaia.

- Sanagustin kulturgunea.

- Tren Museoa.

- Eta Azpeitiko Udalarenak (Kultura, Gazteria... sailak).

Eskerrak eman nahi dizkiegu eragile horiei denei. Eta herriko beste eragileekin sare hau handitzeko lanean jarraituko dugu, eskaintza ahalik eta handiena izateko.

Bonoak

- Urteko bonoa izango da. Aurrena: 2013koa.

- Bonoa hartzen duenak, txartela jasoko du.

- Urteko prezioa: 52 euro (42 euro + BEZ).

- Langabetuak, erretiratuak, Gazte Txartelaren jabeak eta ikasleak, %25eko deskontua.

- Bonoa har daiteke dagoeneko: Sanagustinen, Tren Museoan eta Udal Gazte Informazio bulegoan.

Gaurko egoera ekonomiko gogorra kultur kontsumoaren gehiegizko oztopo bihur ez dadin, herritarrentzat eskaintza bateratu eta merkeago bat atera dugu. Daukagun eskaintzak berez 155 euro inguruko balioa du, eta bonoaren bidez guk prezioa %65 murriztu dugu.

Eskaintza

- Kontzertuak: 8 ikuskizun doan. Sanagustin kulturgunekoak.

- Antzerkia eta dantza: 4 ikuskizun %50eko deskonturekin. Sanagustin kulturgunekoak.

- Jaialdi eta topaketak (Aitzealdenk!, Antzerki Topaketak): ikuskizun denek %50eko deskontua. Soreasu antzokikoak eta Sanagustin kulturgunekoak.

- Ume ikuskizunak: doan (ume bat eta heldu bat). Sanagustin kulturgunekoak.

- Tren Museoa (museo bisita + ibilaldia): 2 doan.

Honekin lotutako ohartxo bat: 2013rako iragarri diren kontzertuetarako sarrerak erosi dituen jendeak bonoa erosten badu, bonoa erabiltzen hasteko aukera izango du eta sarreraren balioa itzuli egingo diegu, kontzertu horietan erabiltzen hasi nahi badute.

Bestelako jakingarriak bonoei buruz

- Erosleak txartela eta informazio orria jasoko ditu bonoarekin batera.

- Ekitaldietara bonoa eraman beharko da. Orduan jasoko da ekimeneko sarrera.

- Ekitaldien kontsumoa agortuz gero, berriro har daiteke beste bono bat.

- Bono hartzaileen datu base bat sortuko dugu, jarraipenerako.

- Bonoen ordainketa eskura egingo da.

- Txartelak numeratuak izango dira.

Eskaintza oparoa

Kultur Mahaiak herritarrak kultur bonoa hartzera eta erabiltzera animatzen ditu. Eskaintza oparoa da, abantaila ederrak daude, eta ea proiektuak hasiera ona duen. Kultur mugimenduaren eta Azpeitiaren onerako litzateke.

Bonoen bidez kalitateko ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da, eta haien artean herriko taldeek izango dute presentziarik. Izan ere, Kultur Mahaiak bere batzar batean onartu zuen egitarau aldetik ere orekari eustea oso garrantzitsua dela (adibidez, programazioan herriko eta kanpo taldeak jartzean). Sanagustin kulturgunearen kasuan aste hauetan Ruper Ordorika edota Bebe bezalako musikariak izango ditugu, baina 2012an zehar ekitaldien %72an Azpeitiko taldeen eta egileen parte hartzea izan da.

Gainera, Kultur Mahaiak berak Sanagustineko kontzertu, antzerki eta dantza emanaldiak programatzeko herritar aditu batzuekin osatutako lantaldeak eginak ditu. Bertako jendearen parte hartzearekin egindako programazioa izaten da, beraz.

Kultur Mahaiko bazkidetzari buruz

Kultur Mahaiko bazkideak, orain arte bezala, urtean 10 euroko kuota izango du, eta hilero zozketak edukiko ditu: ekitaldien sarrerak, liburuak, diskoak, otarrak... Horrez gain, aparte, kultur bonoa erosteko aukera izango du.

400 bazkide gara gaur egun. Kultur Mahaian bazkidetzeko, hemen.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide