Erortzekotan dena lehen pieza denekoa

Berria 2013ko mar. 23a, 11:03

Gallardo Taldearen iragarpenak kezka eragin du Azpeitian, Corrugadosen itxierak industria laguntzailean, merkataritzan eta ostalaritzan izan dezakeen eraginagatik. Lehendik ere hainbat enpresa itxi dituzte herrian.

Domino efektuak eragiten du beldurra Azpeitian, pieza baten atzetik beste hainbat erortzeak. Inguruko enpresa txikiek, garraiolariek, tabernek eta dendek kezka handiz hartu dute Gallardo taldearen iragarpena. Izan ere, Azpeitian, orain artean, Corrugados domino horretako lehen pieza izan da, erreferenteetako bat, langile kopuruan ere handiena, herrian eta eskualdean. Azken urteotako kaleratzeen ondoren, 300 pertsonak egiten dute lan enpresan, eta zeharka beste ehuni ematen die lana. Gutxi-asko, denek dute enpresan lan egiten duen senide edo lagunen bat. Horregatik, beste konturik ez zegoen herrian atzo.

"Galera ez da bakarrik ekonomikoa izango. Galera soziala ere izango da: itxierak, jendearen bizimoduan, herritarren animoan eta herri osoaren ongizatean eragingo du", adierazi du Azpeitiko Udalak. Langile batzordekoen bidez izan du Gallardo taldearen asmoen berri, eta enpresari eskatu dio arduraz joka dezala.

Arduratuta daude merkatariak ere, herritarren kontsumo maila ez baita lehengoa. Ekainetik urtarrilera bitartean, soldatarik gabe egon dira Corrugadoseko langileak, greban zirelako. Urtarrilaren bukaeran itzuli ziren lanera, baina oraindik iazko oporrei dagokien dirua eta aurtengo lehen hilabeteetako soldata kobratu gabe dituztela diote. Aurretik ere, erregulazioan hilabete dezente egin zituzten gehienek, eta langabezia sariaren zati bat gastatua dute."Herria oso triste dago; salmentak ere asko jaitsi dira", azaldu du Iñigo Amiano Azpeitiko Bertan merkataritza elkarteko teknikariak.

Noski, tristura hori ez du Corrugadoseko egoerak soilik eragin. Azcue altzari enpresa ere orain gutxi itxi zen. Herriko enpresa zaharrenetakoa zen hura, eta 120 langile zituen bukaeran. 2008an, ordea, 200 lagun baino gehiagori ematen zien lana. "Dena batera izan da. Corrugadosek eragin du, baina ez da izan elementu bakarra, beste elementu pila egon dira".

Saltoki guztietan igartzen da egoera ekonomikoa ez dela lehengoa, baita okindegian ere. "Ogia ere gutxiago saltzen da, eta pastelak egun batzuetan bakarrik ekartzen ditugu, orain eskatu egin behar dira ekartzeko", diote okindegi batean. Landeta auzoan dago lantegia, eta hango jatetxe eta tabernek ere igarri dute beherakada. Gidariek ere bai, kamioien joan-etorriak nabarmen gutxitu direnez, zirkulazioa arinago baita.

Oihartzun handia

Zailtasunetan enpresa gehiago ere egon arren, oihartzun berezia izan du Corrugadosen kasuak. "Negoziatzen-eta aritu direnean, dendetan asko komentatu da gaia, zuzendaritzak zer esan duen, eta langileek zer", dio Amianok.

Gallardo Taldeak egin duen iragarpen berriari buruz ere hainbat iritzi daude. "Mehatxatu bai, baina ez dut uste itxiko dutenik", zioen, atzo, erretiroa hartuta duen langile batek. "Gure garaian han izaten zen diru mordoarekin, zer gertatu da ba honaino iristeko?", galdetu du. Kontrakoa uste zuen ondoan eserita zuen lagunak. "Aurrena, batzuk bota zituzten; gero, beste batzuk. Enpresa bat horrela hasten denean, ez da gauza onik izaten. Hasieran alde egin zuten haiek bai asmatu". Orain urte batzuk, diruz lagundutako kaleratze batzuk egin zituen enpresak.

Jendearen komentarioetan, azkenean lantegia itxiko ote den zen eztabaidagaietako bat. Eta bestea, nor den egoeraren erruduna, edota grebak zer eragin izan duen. "Soldata %35 jaitsi nahi zieten; hori ezin da onartu, baina langileak eurak izan dira euren buruaren etsai nagusiak, ez direlako ados jarri erantzun bateratu bat emateko", esaten zuen batek. "Harrokeriatan ibili dira. 1.500 eurogatik lanera joateak ez duela merezi ere esan dute. Noski, herrian asko igarriko da, eta ez dugu desio enpresa ixterik, baina halakoak esan dituztenei susto bat ondo etorriko zaie", zioen emakume batek. Iritzi berekoa zen beste bat. "Nire enpresa ere itxi zuten, eta 28 lagun joan ginen kalera. Zortzi hilabete egon ginen kobratu gabe, eta plazan elkarretaratzea egin genuenean, sekulakoak esan zizkiguten. Orain ematen du Corrugadosekoak bakarrik ari direla gaizki pasatzen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide