Azpeitiko Udalak "arduraz jokatzeko" eskatu die Gallardo Taldeko buruei

Uztarria.eus 2013ko mar. 22a, 15:22

Corrugados Azpeitia ixteko hartutako erabakiaren aurrean Azpeitiko Udalak "arduraz jokatzeko" eskatu die Gallardo Taldeko buruei, "erabaki oker hau berehala zuzendu eta lanpostuen aldeko apustua egin dezaten exigituz". Udal Gobernuak nabarmendu duenez, "galera ez baita bakarrik ekonomikoa izango": "Galera soziala ere izango da: itxierak, jendearen bizimoduan, herritarren animoan eta herri osoaren ongizatean eragingo du".

Azpeitiko Udalak, bertako langileei bereziki, baina baita itxieraren ondorio zuzenak jasango dituzten herrikide guztiei ere, elkartasuna eta babesa adierazi dizkie, "kolpe gogorra izan da-eta albistea". Udalak adierazi duenez, "orain artean bezala, eta Udalak dituen baliabide eta eskumenak kontuan hartuta, aukera txikienik balego, behar den horretan laguntzeko prest gaude". Herritar guztientzat Udaleko ateak zabalik daudela ere gaineratu dute.

Instituzio eta eragile ekonomiko nahiz sozialei "industriak behar duen aldaketa estrukturala gautzatzeko inplika daitezen" eskatu die Udalak: "Azpeitian une zailak bizi ditugu. Herriko industriak, oro har, eraikuntzaren sektorearekin du zerikusia, eta horrek are larriagoa egiten du-eta egoera".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide