Azpeitiko Udalak joan den maiatzeko Udalbatzan onartu zuen hondakinen bilketa egungo edukiontzien sistematik abiatuta egingo duela. Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdien -Bildu, EAJ eta Hamaikabat- adostasunarekin hartu zen erabakia. Sistema berria ezartzerako orduan Udalak eragile eta herritarren elkarlana eta parte-hartzea bultzatuko zituela esan zuen orduan, eta bide horretan "pausoak ematen hasi" direla azaldu du Eneko Etxeberria alkateak. Horren adibide, Hondakinen Mahaia abian jarri dutela jakinarazi du alkateak. Beste adibide bat gaur bertan (asteazkena) herriko hiru eragilek sinatu duten dekalogoa da.
"Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia" iritsi dela nabarmendu du Etxeberriak, Lagun Onak Futbol Taldeak, Iraurgi Saskibaloiak eta Uztarria Komunikazio Taldeak "hondakinak kudeatzerakoan jarrera eta arreta berezia" izango dutela adierazten duen hamar puntuko konpromisoa sinatu aurretik. Hondakinen kudeaketa egokia norbanakoengandik hasten dela gogorarazteko Udalak abian jarri duen Gugandik hasita ekimenaren barruan kokatu dute hiru taldeen konpromisoaren adierazpena.
"Soluzio miragarririk ez dago, norberaren gain dago. Pausoz pauso, lortuko dugu helburura iristea", esan du Etxeberriak. Lagun Onakek, Iraurgik eta Uztarriak hartutako "borondatezko konpromisoa" txalotu du, eta Udalean lortutako adostasun politikoa herrira zabaltzeko bidean urratsa dela azpimarratu. Eskerrak eman dizkie hiru erakundeei "arduraz jokatzeagatik" eta hartu duten konpromisoa "eredugarria" dela esan du, gainerako eragile eta herritarrei begira.
Jarraian, Lagun Onakek, Iraurgik eta Uztarriak sinatu duten dekalogoa:
- Elkarte honek txalotu egiten du hondakinen kudeaketa eredu osasuntsu, ekologiko, ekonomiko eta arduratsu baten bidean Azpeitiko Udaleko alderdi guztien artean lorturiko akordioa.
- Bere aldetik, elkarte honek ahalik eta hondakin gutxien sortzeko, eta hauek nola saihestu aztertzeko, arreta berezia jarriko du.
- Elkarte honek bere hondakinak sailkatzeko, ez nahasteko, eta dagokion lekuan uzteko ardura hartuko du.
- Elkarte honek birziklapena sustatuko duten ekimenak garatuko ditu.
- Zentzu horretan, elkarte honek, barne antolaketan beharrezko egokitzapenak egin eta gaikako bilketa eraginkorra izan dadin bitartekoak jarriko ditu.
- Azpeitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak elkarte honi beharrezko azpiegitura, informazio eta laguntza eskainiko diote.
- Elkarte honek, baldintza egokiak izanez gero, autokonposta hobetsiko du hondakin organikoen trataerarako.
- Elkarte honek, herri eragile aktibo den neurrian, bere kide eta bazkideen bidez, puntuotan adierazitako konpromisoak Azpeitiko herritarren artean hedatzeko ardura hartuko du.
- Elkarte honek, aipaturiko bidean, Urola Erdiko Mankomunitatearekin eta Azpeitiko Udalarekin lankidetzan aritzeko borondate eta asmoa indartzen du.
- Elkarte hau aipaturiko urratsak aurrera eramateko konpromisoan berresten da Gugandik hasita kanpainari bere babesa azalduz.
Sistema berria ezarri aurreko pausoak
Egungo edukiontzi sistematik abiatuta Udalak ezarri nahi duen bilketa sistema berriaren diseinua uda ondoren hasiko dira lantzen, Leire Etxaniz zinegotzi eta Mankomunitatearen lehendakariak gaur esan duenez. Ordura bitartean, ordea, hainbat neurri eta erabaki hartuko dituztela aurreratu du Etxanizek.
Horietako bat izango da Alde Zaharreko bilketa sistemaren aldaketa; "hondakinak ezingo dira kalean utzi, orain arte egin izan den bezala", esan du Etxanizek. Astearteroko azokan ere hartuko dituzte neurriak, sortzen diren hondakinak birziklatzeko.
Hondakin organikoen bereizketa eta kudeaketarekin lotuta, kuboak banatzen jarraituko dutela esan du Etxanizek: "Azken asteotan 500 bat familia apuntatu dira, eta apuntatzen jarraitzeko eskatzen diegu herritarrei". Azpeitiko herrigunean auzokonposterako aurreneko gunea, berriz, "astebetean edo bi aste barru" martxan izatea espero dute; Soreasun jarriko dute.
Bestetik, soziedade, jatetxe eta tabernekin hondakinen kudeaketa eta birziklatzeko neurriak lantzen ere laster hasiko direla aurreratu du Mankomunitateko lehendakariak. Bakoitzaren beharrak aztertu, eta beharrezkoak izan ditzaketen baliabide eta elementuak eskura jarriko zaizkie soziedade, jatetxe eta tabernei.
Mankomunitatearen prebentzio plana, berriz, irailean jarriko dute martxan Azpeitian.