Abuztuaren 1ean gertatutakoarengatik Iñigo Urkulluri babesa adierazteko mozioa atzera bota du Udalbatzak

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2013ko abe. 4a, 18:22

EAJren udal taldeak aurkeztutako testuak jeltzaleek bakarrik babestu zuten; EH Bilduk kontra bozkatu zuen, aurkeztu zuen kontramozioa erretiratu ondoren, eta Hamaikabat abstenitu egin zen.

Abenduko Udalbatzan denboran lau hilabete atzera eginda ibili ziren udal taldeak. Abuztuaren 1ean, San Inazio jaien barruan agintariek Loiolara egiten duten segizioan, ikusleen artean zeuden gazte batzuek Iñigo Urkullu lehendakaria iraindu zuten, Urkulluk aurre egin zien, eta gertaera hark oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Bide batez, Azpeitiko EAJren eta EH Bilduren arteko iritzi-trukaketa ere ekarri zuen abuztu hasieran (hemen, orduko idatziak-eta). Udako oporren ondoren, berriz, irailaren 11n, mozioa aurkeztu zuen EAJren udal taldeak; atzo, abenduak 3, azkenean Udalbatzan landu zuten mozioa, hain zuzen.

Urkulluk entzun behar izan zituen irainak gaitzestea, eta lehendakariari "ofizialki barkamena eskatuz" Udalaren izenean gutuna bidaltzea eskatzen zuen EAJk bere mozioan (testu osoa, hemen). Mozio hori, ordea, atzera bota zuen Udalbatzak; EAJren zinegotziek bozkatu zuten onartzearen alde, EH Bildukoek kontra, eta Hamaikabatekoa abstenitu egin zen.

Abuztuaren 1eko gertakariaren inguruan zabal eztabaidatu ondoren egin zuten bozketa. Mozioa Udalbatzan landu ahal izateko hainbeste denbora behar izateaz kexu agertu ziren, alde batetik, jeltzaleak. Atzerapena "nahitakoa ez" zela izan berretsi zien Eneko Etxeberria alkateak, testu bateratu bat adostu eta aurkezteko ahaleginak huts egin duela ere aipatuz. Hain zuzen ere, printzipioz bi mozio zeuden mahai-gainean bozkatzeko, EH Bilduren taldeak kontramozioa prestatua zuelako. Eztabaidaren ostean, ordea, kontramozioa erretiratzea erabaki zuten Bildukoek.

Urkulluk entzundako irainak errespetu falta zirela eta "edozeinek eta espresuki errespetua merezi duela, horretan zuekin guztiz ados", esan zien alkateak EAJkoei, "baina guk mozio hau erabilpen politiko bezala ulertzen dugu, argi eta garbi". Izan ere, lehendakariarekin gertatukoarekin "zerikusirik ez" izan arren "hori sujeritu" izan dela uste dute Udal Gobernuko ordezkariek, jeltzaleen bozeramaile Aitor Gorrotxategik bere udal taldeak halako akusaziorik "sekula ez" duela egin baieztatu bazuen ere. Etxeberriarentzat, baina, "mozioa bera da erabilpen politikoa".

Hamaikabateko Aitor Arangurenek, berriz, Udaleko beste bi taldeen jarrera kritikatu zuen, garaiz eta lekuz kanpo ibiltzea egotzita. "Nik uste dut gai hauekin gizartea krispatu besterik ez dugula egiten", esan zuen. Hala ere, "orain gutxi arte" instituzioetako ordezkariek jasan behar izaten zituzten "errespetu falta ikaragarriak ahaztu egin zaizkigula" uste du Arangurenek. Azkenik, "azkar jokatu ez izana" aurpegiratu zion Udal Gobernuari, "abuztuaren 1ean bertan edo hurrengo egunean" gaiari heldu eta lehendakariarekin harremanetan ez jartzeagatik.

Galdera-erreguen tartean, berriz, eta aurrez iragarri bezala, EAJko Aitor Gorrotxategik hurrengo pleno batean "Udalak orain urtebete Lapatx ixteko hartu zuen konpromisoa berrestea" eskatu zuen. "Konpromisoak betetzeko joera" dutela eta "hauteskundeak gerturatzen ari direla ematen" duela erantzun zion alkateak, "azken asteetako albisterik onena" Gipuzkoan errauskailurik ez dela eraikiko jakitea izan dela gaineratuta. EAJk hedabideetan Lapatxen itxieraren gainean esandakoei erantzunez, hain zuzen, iritzi artikulua plazaratu du gaur, asteazkena, Leire Etxaniz zinegotziak.

Inaxio Uria gogora ekarriz

Inaxio Uria ETAk hil zuela bosgarren urteurrena zela ekarri zuen gogora plenoaren bukaeran Aitor Gorrotxategi EAJko zinegotziak eta herrian bakearen ikur bat jartzeko eskaera egin zuen, "gure elkarbizikidetzarako nahi horretan, herrian hainbat seinale edo ikur badaude, beste bat bakarra eskatu nahiko genuke: bakearena".

Eneko Etxeberria alkateak, "beste eszenatoki batean egotea" gustatuko litzaiokela nabarmendu zuen eta Inaxio Uriaren familiari, "bereziki babesa" azaldu zion, "gorrotoak ezin du biderik egin. Bidea egian, justizian, memorian eta aitortzan dago".

Hamaikabateko Aitor Arangurenek plenoak puntu hori falta zuela esan zuen. "Ea egunen batean, behar diren hitzak erabilita, plenoan gai horren gaineko idatziren bat bozkatzeko gai garen", gehitu zuen.

Maialen Agirre, EH Bilduren zinegotzi berria

Maialen Agirre izango da EH Bilduren zinegotzi berria; bere kargua utzi berri duen Juanita Jauregiren tokia hartuko du, hain zuzen. Oraindik kargua formalki hartu ez badu ere, horren berri eman zuen Udalbatzarrean Eneko Etxeberriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide