Abuztuaren 1eko gertaerak direla-eta Azpeitiko EAJren udal taldearen mozioa

Uztarria.eus 2013ko abe. 4a, 18:44

Azpeitiko EAJren udal taldeak, honako mozioa aurkeztu nahi dio Udalbatzari, osoko bilkuran eztabaidatu eta onartzeko: 

2013ko San Ignazio jaietan, abuztuaren 1ean Loiolara egin zen ekitaldi zibikoan, Azpeitiko Udalak gonbidatuta etorritako Iñigo Urkullu, Euskadiko lehendakariak, irainezko hitzak jaso zituen ibilaldia ikusten zeuden pertsona batzuengandik. 

Gure iritzian, Azpeitiko Udalak, bere alkate-udalburuaren bidez, gonbidatuta gure herrira etorritako pertsona batek, are gehiago EAEko ordezkaritza nagusiena beregan duen pertsona baldin bada, errespetua eta begirunea merezi du, ideia politiko guztien gainetik. Ez zaigu zuzena iruditzen edozein pertsona mespretxatu, irainka hartu eta gutxiestea. Hori ere, azken batean, indarkeria erabiltzea baita, hitzezkoa bada ere. 

Horiek horrela, Azpeitiko EAJ udal taldeak honako proposamena luzatu nahi dio Udalbatza osoari, osoko bilkuran eztabaidatu, onartu eta bere egiteko: 

  1. Azpeitiko Udalak orain hilabete batzuek onartutako ordenantza, inolako pertsonarik ez hitzez, ez kartel, pankarta, argazki edo antzeko irudi grafiko erabiliz ez dela irainduko dioena, aintzat hartzea eta benetan betearaztea, horrek une bakoitzean eskatzen dituen jokabideak hartuz, eta jarrera irmoak erakutsiz.
  2. 2013ko abuztuaren 1ean, Loiolara egin zen ekitaldi zibikoan, Euskadiko lehendakari den Iñigo Urkullu jaunak entzun behar izan zituen irainak gaitzestea, eta irain-hitz horiek esan zituzten pertsonak arbuiatzea, gaur egun egin nahi dugun bake eta elkarrenganako errespetuak eskatzen dituen jarreratatik oso urruti baitaude.
  3. Iñigo Urkullu, Euskadiko lehendakari jaunari gutun bat bidaltzea, Azpeitiko Udalaren izenean, gure samina agertuz, ekintza horiek arbuiatzen ditugula esanez eta ofizialki barkamena eskatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide