Nola eboluzionatu du gizakiak Urola bailaran?

Nolakoak ziren gure arbasoak? Urola bailaran ezagutzen diren lehen biztanleak duela 300.000 eta 10.000 urte bitartekoak dira. Baina, nolakoak ziren gizakiak orduan? Nola egiten zuten bizimodua? Eta, hori baino lehenago, noiz eta nola sortu zen Urola bailara geologikoki? Ur azpian metatutako material multzotik, nola osatu zen Euskal Herria? Galdera horien eta gehiagoren erantzuna, gaur, asteartea, 19:00etan, Sanagustin Kulturgunean izango da. Izan ere, Hezurren Egia programaren barruko lehen hitzaldia emango dute Martin Arriolabengoa EHUko geologoak, Alvaro Arrizabalaga EHUko irakasle eta Aranzadiko Arkeologoak, eta Maria Jose Iriarte Ikerbasqueko ikerlaria, EHUko irakaslea eta Aranzadiko Arkeologoak. 

Atzera begiratzea ezinbestekoa ei da aurrera egiteko. Nondik gatoz bada Urolako biztanleak? Noiztik gaude hemen? Eta nola? Bailarako ondare historikoa ezagutzera emateko helburua duen Hezurren Egia programaren barruko aurreneko hitzaldian galdera horiei erantzuten saiatuko dira. Gaur, asteartea, izango da hitzaldia. Antolatzaileen arabera, hitzaldi didaktikoak dira, publiko zabalerentzat egokiak.

Jesus Tapia Aranzadiko Arkeologoak aurkeztuko du ekitaldia, eta hiru aditu izango dira hizlari. Martin Arriolabengoa EHUko geologoak Urolako sorrera geologikoa azalduko du, 20 minutuan, euskaraz. Hona hemen abiapuntua: "Euskal Herri osoa ur azpiko inguru batean metatutako materialez osatu zen duela milioika urte. Iberia eta Europa elkartu zirenean, material hauek tolestu eta ur azpitik atera ziren gaurko mendiak osatuz".

Bigarren zatian Alvaro Arrizabalagak hartuko du hitza, Urolako lehen biztanleak aztertzeko asmoarekin. "Euskal Herrian ezagutzen diren aztarna zaharrenetakoak Urola bailaran aurkitu izan dira, duela 300.000 eta 10.000 urte bitartekoak. Orduko giza-espezieak ezagutzeko datu asko bertako koba eta aire zabaleko aztarnategietatik datoz."

Eta hirugarrenik, Maria Jose iriarte, Ikerbasqueko ikerlaria, EHUko irakaslea eta Aranzadiko Arkeologoa izango da, Izotz Aldia Kantauri Itsasoko ertzean: Urola bailara goiburupean. "Azken Izotz Aldiak duela 130.000 eta 10.000 urte bitartean iraun zuen. Aldi hotz hartan zehar, paisaia, landaretza, fauna eta gizakien bizimoduak erabat aldatu ziren".

Hilaren 10ean Azkoitian

Hezurren egia bailarako proiektua da, eta beraz, Azkoitian ere antolatu dute hitzaldi bat. Hilaren 10ean izango da, asteartez, 19:00etan Elkargunean. 

Bi hizlari izango dira han: batetik, Miriam Cubas Aranzadiko Arkeologoa arituko da, Ehiztari eta nekazarien artean; Neolitikoaren hasiera Urolan goibururpean; eta bestetik, Sonia San Jose, Urolako lehen herrixkak goiburupean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide