Eleak mugimenduak eta Libre dinamikak deituta, 2014an Loiolako herri harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarrak eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak agerraldia egin dute gaur, zapatua, Loiolan. Ehun lagun inguru elkartu dira eguerdian basilikaren atarian, Orbegozoren eta Hach Embareken kontrako epaiketa "salatzeko" eta prozesuak eragin dituen "gastuei aurre egiteko laguntza eta elkartasuna eskatzeko".
Agerraldiaren hasieran, Beñat Hach Embarek hartu du hitza, eta duela hiru urte, Loiolako herri harresian Orbegozo eta biak atxilotu zituzteneko unea ekarri du gogora: "Esteban eta biok Loiolako Askegunera hurbildu ginen gazte auziperatuei babesa ematera, eta beste herri harresietan gertatu bezala, Ertzaintza biolentzia handiz oldartu zen erresistentzia baketsua egiten ari ginenon aurka. Bortizki atera gintuzten Esteban eta biok harresitik. Beranduago jakin genuen ertzaina batek belaunean lesioa izan zuela jendea ateratzen ari zela, eta gure gain jarri nahi zutela ardura hura". Hasieran, atentatu kargua leportau zieten Orbegozori eta Hach Embareki, baina ormaiztegiarrak kontatu du, agenteek grabatutako bideoak ikusi eta gero, ertzaintzak atentatu kargua kentzea erabaki zuela, halako zantzurik ez zegoela ikusita. "Baina, gero, egoera hura baliatu nahi izan zuten etekina ateratzeko, eta ertzainak deklarazioa aldatu zuen, zuzenean eraso egin geniola eta belauneko lesioa eraso haren ondorio zuzena zela esanaz". Ormaiztegiko gazteak gaineratu du, ertzainaren lesioa zela eta, "berme bezala eta erantzukizun zibil gisa, 24 orduko epean, 21.500 euro inguruko fidantza ordaintzea eskatu" zietela epaitegiak. "Akusazioak diru kantitate hori ordaintzea eta hiru urteko espetxe zigorra eskatu zuen Orbegozorentzat eta Hach Embarekentzat.
Joan den urtarrilaren 26an hasi zen epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian, baina orduan izandako atzerapenak tarteko, iragan otsailaren 3an egin zuten bigarren saioarekin amaitu zen epaiketa, behin betiko. Ormaiztegiarrak adierazi du, epaiketa "oso argigarria" izan zela. "Lesionatutako ertzainak ezin izan zuen bere kontraesana zutik mantendu, eta gure abokatuak izan ziren frogak aurkeztu zituzten bakarrak". Hilabete batzuren ondoren izan zuten sententziaren berri, eta erresistentzia larria eta 1.200 euroko isuna eskatu zituzten bi auzipetuentzat. Ormaiztegiarrak gaineratu du, ordea, Eusko Jaurlaritzaren abokatuak helegitea aurkeztea erabaki zuela, eta, ondorioz, epaitegiak erantzukizun zibila beraien gain jartzea erabaki duela, "frogek kontrakoa" erakusten duten arren. Horren guztiaren aurrean, Hach Embarekek esan du "zigortu nahi izan dutena elkartasuna" dela, eta adierazi du duela hiru urte Orbegozo eta biak Loiolara elkartsun dei bati erantzuteko joan zirela, baina eta gaur beraiek biak direla Loiolatik elkartasun deia egiten dutenak. "Zuen laguntza eskatzen dugu, badakigulako zama astunak errazago eramaten direla denon artean". Nolanahi ere, aurrerantzean antolatuko dituzten ekimen desberdinak ez dituztela diru bilketara soilik bideratu nahi esan du.
Orbegozoren eta Hach Embereken abokatu Garbiñe Gomezek ere hartu du hitza gaurko agerraldian, eta adierazi du "ebazpenak kezka eta larritasuna sortzen" dizkietela. Zuzenbide arloko langile moduan, Gomezek esan du protestan parte hartze soilagatik, "de facto errudun eta gerta daitezkeen ondorioen erantzule bihurtu" dituztela Orbegozo eta Hach Emberek. Eta gaineratu du, horrek ekintzen jabetza indibidualaren printzipioa "erasotu" egiten duela, eta "bide arriskutsua irekitzen" duela etorkizunean izan litezkeen protestak "kriminalizatzeari eta zigortzeari" dagokionez. Horrek, "noski, errugabetasun printzipioa bera ere kolokan jartzen" duela salatu du.
25.000 eurori aurre egiteko, kontu zenbakia
Bukatzeko, Eleak eta Libre mugimenduetako kide Joseva Alvarezek egin ditu adierazpenak, eta Esteban Orbegozori eta Beñat Hach Embareki "elkartasun beroena" emateaz gain, epaitegiek ezarritako zigorra "irmoki" salatu du. Era berean, "beldurra galdu eta edozein poliziak eskubide zibilen eta politikoen aurka bideratzen duen errepresioaren kontra borrokatzera animatu" ditu herritarrak Alvarezek. Aurrerantzean, herriz herri ekimen desberdinak antolatuko dituztela aurreratu du Eleak eta Libre mugimenduetako kideak, eta gaineratu du ia 25.000 euroko gastuari aurre egiten laguntzeko aurki kontu korronte zenbaki bat zabaldu dute: ES 65 3035 0006 84 0060022507.