Loiolako herri harresian atxilotutako Esteban Orbegozo azpeitiarraren eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarraren epaiketa datorren astera arte luzatuko da. Gaur, osteguna, 11:30ean zen hastekoa epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian. Baina bi ordu eta erdi baino gehiagoko atzerapenarekin hasi da saioa eta, gehiegi luzatzen ari zela iritzita, gaurkoa bere horretan utzi eta hurrengo ostiralean, otsailak 3, jarraitzea ebatzi du epaileak.
Ikuslerik gabe egin dute gaurko saioa; jende asko inguratu da epaiketara, aretoan sartu zitezkeenak baino gehiago, eta bi aldeek adostu dute inor ez sartzea. Bi auzipetuek deklaratu eta bi aldeetako lekukoek testigantza eman ahal izan dute. Atxiloketaren unean gertatutakoa honela kontatu du Esteban Orbegozok: "Besotik heldu, altxatu eta ukabilkada eman zidaten sudurrean; kontaktu fisiko bakarra hori izan zen".