Amodioa da gogora datorkidan lehen hitza. Amodioa. Maitasuna. Eta hitzarekin batera, 2004an Svetlana Alexievitxek Gasteizen esan zidana. Svetlana Alexievitx. Inork ezin asmatu handik urteetara, 2015ean, Nobel saria jasoko zuela. "Oker larriren bat konpondu nahi izatekotan, gorroto gabe, maitasunaz baliatu behar dugu". Behar bezala entenditu ezinda utzi ninduen orduan, eta urte askoan mailu horrexek jo du nire ingudean. "Maitasunaz baliatu behar dugu".
Askotan, ordea, zera pentsatzen dut: ez dagoela erraz, batere erraz ez. Esperantzarik gabeko amodioa. Tipo horretara. Orduan, Xalbadorren bertsoak kantatzea besterik ez zaigu gelditzen. "Amodioa gauza tristea, bihotzen higatzailea, / guziz enea bezela bada, esperantzarik gabea. / Gizonarentzat hau baino malhur haundiagorik badea / ikusten eta, ezin eskura, maitatzen duen lorea, / honela bizi baino ainitzez, hobe litake hiltzea".
Amodioa da, baina Azpeitia ere izan zitekeen hiztegi ttiki baldar honetako lehen hitza. Sortu ginen herria. Esanda dago lehen ere, baina jendeak ez du kasurik egiten eta esan beharra dago berriz: haurtzaroa igaro genuen lekua da gure herria. Gure kasuan, Azpeitia. Enparan kalea. Han genuen eskola, jesuitinak mojak, eta haraxe gu, Erdikalean bizi ginen garai aspaldiko hartan, kastellanoak eskolako lagun, eta kastellanoren baten atzetik Erdikalean gora korrika gu mutikoak, gu baino laineza handiagoa zuen baten batek gu lainezatuta. Gogoan irauten duten arantzak. Betharramdarrek ikastetxea egin zutenean aldatu ziren gure lekuak, betharramdarrek sekulako soroa zuten jolasleku, harri sueltoa zen hasieran, eta huraxe izan genuen harrezkero gure jolastokia. Azpeitikoak gara, alferrik da. Bertan ditugu zuztarrak, behin batean Manuelek –Goenaga du deitura–, espaloi bazterretik esan zigun moduan.
Azpeitiak jaio gintuen, baina Buruagak bizi gaitu orain, Gorbeia magaleko herriak Araban. Hala eta ere, herria sasoi batean. Kontzejua da gaur egun. Berrogeita hamar arima ere ez. Nuarbe baino txikiagoa, Matxinbenta bat, esate baterako. Gasteiztik harrikada bide bizi gara, bakean eta patxadan. Sukaldeko leihotik urruti xamar ikusten dugu hiriburua, eta Gasteizek lezakeen postalik ederrena dut horixe, sukaldeko ikusmira. Dagoela apartean, eta, aldi berean, behar bezain eskura premia dugunean, jakina da-eta hiri handietan biltzen direla zerbitzurik beharrezkoenak. Buruagan, hasteko, ez dago tabernarik, ez dendarik, ez ezer. Nork bere ibilgailua behar du hemen, zenbat buru hainbat auto dira etxeetan, eta, gaitz erdi, autobusa ere badugu egunean hiru aldiz Gasteizera joan-etorrian.
Jasangarritasuna, alegia.
Buruagak, zer esanik ez, basa egin gaitu. Hemen bizi garenetik ez gabiltza eroso asfalto gainean. Ez da bizimodua.