Irudiak dena hartu du aspaldian: dena da irudia, eta denean dago. Irudiak sortzea inoiz baino errazagoa da, auskalo zenbat egiten ditugun egunero, ohartu gabe; prozesua azkarra da, automatikoa kasik. Dinamoko irudiaren eremua automatismo hori deseraikitzeko lekua da, eraikiz deseraikitzeko, prozesua aztertzeko, moteltzeko, geldotzeko, gelditzeraino. Irudiaren barrunbeetan arakatzeko, hankaz gora jartzeko, mundua bere horretan emango duten irudiak baino irudia bere horretan emango duen mundu bat egiteko.
Lantegi horretan urratsak ematen hasteko da Badirudi irudi bidezko narraziogintza tailerra antolatu du Dinamoa sormen guneak, eta Txakur Gorria kolektiboko Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek emango dute. Informazio guztia eta izen ematea: dinamoa.eus
Paradoxa badirudi ere, gaur inoiz baino beharrezkoagoa (eta zailagoa) da irudi bat sortzea, eta zer esanik ez iruditeria bat sortzea. Garai eta leku bateko jendeari zer edo zer esango diguten irudiak sortzea da zaila, eta horregatik beharrezkoa. Irudiaren gainean hausnartzea ezinbesteko bihurtu zaigun bezala.
Irudia tresna potentea da, izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor… Eta nola jartzen dira irudiak zirkulazioan, non galtzen dira, non pausatzen, non eusten diote denboraren joanari, nora joaten dira inork ikusten ez dituenean…
Irudi batekin erakutsi egin dezakegu, iradoki egin dezakegu, baina baita ezkutatu ere. Irudi batekin kontatu egin dezakegu, eta irudi sorta batekin zer esanik ez.
Zer kontatzen dugu irudiekin? Zer narrazio osatu daiteke irudien bidez? Galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko gara hogei astez lantegi honetan, ekinez eta eginez.
Ikastoaren nondik norakoak
- Hasiera data: 2019ko urriaren 29a.
- Amaiera data: 2020ko martxoaren 24a.
- Tokia: Dinamoa sormen gunea, Azpeitia (Gipuzkoa).
- Ordutegia: asteartea, 18:00etatik 20:00etara.
- Izaera: Presentziala.
- Ordu kopurua: bi orduko 20 saio.
- Matrikula prezioak: soldatadunek, 180 euro; eta soldatagabeek, 100 euro.
- Matrikula epearen hasiera: 2019ko irailaren 5a.
- Matrikula epearen bukaera: 2019ko urriaren 5a.