Txakur Gorria: "Inguruko sortzaileen egoera prekarioa ezagutzea aski da kulturgintzan arazo handi bat dagoela ikusteko"

Uztarria.eus 2018ko aza. 21a, 17:49

Ane Labaka, MariƱe Arbeo, Malen Amenabar eta Nerea Ibarzabal. (Maialen Etxaniz)

"Autosorkuntzarako, autoediziorako eta autoekoizpenerako" sortu zuten Txakur Gorria kolektiboa Nerea Ibarzabalek (Markiña-Xemein, 1994), Malen Amenabarrek (Larrabetzu, 1994) eta Mariñe Arbeok (Urretxu-Zumarraga, 1992) duela bi urte inguru. Ez zuten "zain" egon nahi, eta sortzea zuten xede. Denbora gutxira batu zen taldera Ane Labaka (Lasarte-Oria, 1992). Orduz geroztik, denetariko sormen lanak egin dituzte kolektiboan. Atzo aurkeztu zuten Azpeitiko Sorkuntza Bekarekin ondutako lana: Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko liburuxka. Proiektu horretaz eta sorkuntzaz solasean aritu da Txakur Gorria Uztarriarekin.

Nola izan zenuten Azpeitiko Sorkuntza Bekaren berri?

Duela urte pare bat beka hori jaso zuen Erraiak proiektuan parte hartu genuen ilustrazioak egiten, eta orduan jakin genuen sorkuntzarako diru-laguntzak bideratzen zituztela Azpeitian. Orain, gainera, taldekide bat Azpeitian bizi denez, beno, oro har, bakoitza leku batekoa denez, errazago iristen zaizkigu horrelako albisteak.

Zenbat denbora eman duzue Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko lana gorpuzten? 

Beka eman zigutenean hasi ginen buruari bueltak ematen, liburuaren formatuari, luzerari eta edukiari dagokionez. Uda bukaera eta udazkena hartu ditugu lanerako, eta kaiera "eskuz esku" pasatu diogu elkarri, guztira lau aldiz. Gerora etorri dira maketazio lanak eta inprentakoak. 

Zer motatako irudiak eta testuak aurkituko ditu irakurleak zuen kaieran?

Anitzak; agian, bakoitzaren izaera gehien islatzen den liburua izango da. Ez genuen gai nagusirik adostu, eta hortaz, gorputzaldiek, momentuko pentsamenduek, eman digutena ageri da paperean, baina koherentzia bat hartu du elkarri jarraika eginda dagoelako. Iritzi-testu itxura duten testuak daude, baita elkarrizketa eran osatutakoak edo poetikoagoak ere. Irudietan ere gauza bera; bi ilustratzaileren estilo ezberdinak nabari daitezke. Atalak sinatu gabe doaz, beraz, irakurleak intuitu beharko du bakoitzarena zein den.

Zerk bereizten du proiektu hau orain arte egindakoetatik? 

Orain arte autoekoitzitako liburu ia guztietan gure inguruko sortzaileei eman diegu idazteko espazioa, eta egia da, oro har, testuek pisu gehixeago zutela ilustrazioek baino. Oraingoan, geure buruari aukera hau oparitu nahi genion, gugandik ateratzen zenari lekua egin, eta testuak ilustrazioa baldintzatu beharrik gabe, bi norabidetan sortu: testutik ilustraziora eta ilustraziotik testura.

Zergatik egin zenuten autoedizioaren aldeko hautua?

Gutxitan aurkezten zaigulako aukera bezala. Badirudi norbaitek okaya eman ezean, ezer ez dela argitaragarria, eta azkenean, horrek aniztasuna kamusten du, bai diseinu, bai testu aldetik. Gustuz hasi ginen gu, lehenengo liburuxka inprimatu genuenean sentitu genuen pozetik abiatuta. Salmentetatik lortutako dirua hurrengo inprimaketak ordaintzeko erabiltzen genuen, eta gure hobby berezia bihurtu zen. Orain, sormenari gure bizitzetan zentraltasuna ematea erabaki dugunez, beste batzuen eskaerei ere erantzuten diegu, baina urtero saiatuko gara geurea den zerbait ekoizten.

Sormena modan dagoela esaten den honetan, zein da zuen iritzia? 

Ez dakigu benetan modan ote dagoen. Gure ustez, herritarren gehienen bizitzetan oraindik oso bigarren planoan dagoen zerbait da, eta horrek sormenari, kulturari, balioa ematea zailtzen du. Askok sormena ez dute bizibide bezala ulertzen, ez dute ordain bat merezi duenik pentsatzen. Gure inguruko sortzaileen egoera prekarioa ezagutzea aski da kulturgintzan arazo handi bat dagoela ikusteko.

Kolektiboan egiten duzue lan. Zeintzuk dira horrek dituen zailtasunak eta zeintzuk abantailak? 

Kolektibotasunak indartsu egiten zaitu, baina amore eman beharra ere suposatzen du batzuetan. Adostasunak ez dira beti errazak, baina kolektibotasuna etengabeko ikasketa prozesu bat da, batzuetan umiltzen eta besteetan ahalduntzen laguntzen diguna.

Zergatik lagundu behar dira diruz sortzaile gazteak? 

Derrigorra behar luke gazteei bidea egiten laguntzeak, batez ere lehen aipatutako egoera prekarioa aldatzen hasteko. Kulturak bizi duen krisiari aurre egiten hasteko modu bat izan daiteke gazteak kulturzaletzea eta kulturgiletzea.

Zein da Txakur Gorriaren hurrengo proiektua?

Oraindik ez dugu pentsatu, baina izango duzue gure berri datorren urtean!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide