Baina burdina lortzeko modu berriek –ingelesak aitzindari izan ziren– beherakada galanta ekarri zuten. 1880an lau burdinola bakarrik gelditzen ziren Euskal Herri osoan. Gure bailara umezurtz gelditu zen. Imajinatu, aurreko hiru gizaldietan, auzoetako mugimendua. Bete-betekoa. Ola bakoitzak jende ugari beharko zuen. Lantokian batzuk eta besteak ikazkin, basozain, itzain edo peoi lanetan. Krisiak eskualdeko panorama izugarri aldatuko zuen, eta lanik ezean, egoera latza pairatuko zuen inguruko biztanleriak.
Olak alde batera utzita, ibaiaren historian arrantzaren aipua egitea derrigorrezkoa da. Ibaia igarotzen den auzo guztietan tradizio sendoa dago, nahiz eta gaur egun garai bateko grina falta. Arrantza legezkoaz eta isilpekoaz, furtiboaz, alegia, ari natzaizu. Kontu hau, nonbait, ez da gure garaiko jarduera bakarrik. Historian miatuz, irakurri dut Carlos I.a enperadoreak arrantza arautu zuela Ibaiederren eta inguruko ibai zein erreketan, ordenantza bidez. Besteak beste, agindu batek zion San Migel egunetik –irailak 29– Garizumara ezin zitekeela arrantzan egin, eta ezin zela sare itxirik, kare bizirik edo gau arrantzarako argirik erabili. Ordenantza 1552koa da. Pentsa! Maiz, gau arrantza batik bat, dibertimendu gisa hartzen zen. Erritoz betetako ekintza izan ohi zen. Ura gogoko ez zutenak, zaintza lanetan errepidean; ganbaran baztertutako arropa zaharrak inguratu; esku-sarea, otarrea eta makila luze eta sendoa bilatu, harriak eta bazterrak astintzeko; eta azkenik, eskuargi indartsuaz hornitu. Abuztuko gau bero hartan, andremaixetatik bueltan, otu zitzaigun gau arrantzara irtetea. Hiru lagun. Esku-sareduna trebea zen, baita amuarrainak eskuz harrapatzen ere. Kobazulo baten aurrean, sareak utzi eta uretan erdi etzan zenean, eskuz koba arakatzeko arrain bila, a ze ikuskizuna... Hanka tarteko erretenetik, praka puskatutako zulotxotik, bi ‘organu’ preziatu eta estimatuak, koskabiloak alegia, doi-doi agertzen zitzaizkion. Eta guk, atzetik, esku-argiarekin izpiak 'helburura' zuzenduz: "Hi, gehiyo etzan, kobazulo barrenera ailleatzeko...". Baina, gure irriño disimulatu eta gaiztoen arrazoiaz jabetuta, ez zen giro izan han! Erasoka esku-sareak altxatuz eta errekan behera ziztu bizian: "Jata akau eingo zaituztet. Urde halakuek".
Ibaiederren izena(k)
Guadiana omen da agertu eta desagertzen den ibaia. Gureari antzekoa gertatzen zaio, baina bere izenarekin. Sorburua Mandubi, Atxabal eta Izazpi magaletan du, eta Matxinbentako zubian azaltzen da lehen aldiz Ibaieder hitza, baina Urrestillaraino. Hango irteeran, ordea, izena aldatu egiten du: Urrestilla. Landetara iritsi eta han... beste izen bat: Errezil. "Beno, izen horrekin jarraituko dik bada azken kilometroan". Ez, ez! Urolarekin Zelai Luzen bat egin baino lehen, Amu parean dagoen zubi berrian, Ibaieder irakurriko duzu berriro. Bitxia, ezta?
Lehen atalean, Ibaieder zein oparoa izan zen azpimarkatzen nuen. Gaur egun ere, bere emankortasuna oso-oso hedatua da. Kontu izan, zenbat udalerri eta jende hornitzen den bere urari esker: Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia, Orio... besteak beste. Nahi kontatzea paradoxa potolo-potoloa? Bada, urtegiaren ondoan –azpian– bizi diren biztanleek, ura ondoko herriari, Beizamari, eskatu behar izan diote. Benetan!