Azpeitiko Udalak ere bat egin du gaur arratsaldeko elkarretaratzearekin

Julene Frantzesena 2021ko abu. 10a, 09:59

Elkar-ekin taldeak deitu du elkarretaratzea gaurko 18:30erako, plazan, eta Azpeitiko Udalak ez ezik, Sortuk, EH Bilduk, Azpeitiko EH Bilduk, Azpeitiko Ernaik eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak ere bat egin dute protestarekin. Inor ez ahanzturan, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu lelopean egingo dute protesta, eta Elkar-ekinek gertaera ikertzeko eta erantzukizuna argitzeko eskatu du. Ertzaintzak ikerketa zabalik duela jakinarazi dio Uztarria.eus-i.

Luis Enrique Sorianoren heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du Elkar-ekin taldeak gaur arratsalderako (18:30, plazan), eta Azpeitiko Udalak ere bat egin du deialdiarekin. Erakundeak doluminak eta babesa adierazi dizkie Sorianoren familiakoei eta gertukoei, eta jakinarazi du gertaeraren unetik "familiaren ondoan" dagoela "laguntza eskaintzen". 

Udalak ez ezik, ELA, LAB eta ESK sindikatuek,  Sortuk, EH Bilduk, Azpeitiko EH Bilduk, Azpeitiko Ernaik eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak ere bat egin dute deialdiarekin nahiz Elkar-ekinek kaleratutako adierazpenarekin. Inor ez ahanzturan, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu lelopean egingo dute protesta, eta Elkar-ekinek gertaera ikertzeko eta erantzukizuna argitzeko eskatu du. LABek, gainera, Euskal Herrian lanean hildako beharginen zerrendan sartu du Soriano, eta sindikatuak esan du aurten Euskal Herrian beharrean ari zela hil den 36. langilea dela.

Sortuk ere bat egin du biharko kontzentrazioarekin, eta "gogor" salatu du Sorianoren heriotza, eta "doluminik sentikorrenak" helarazi dizkie gaztearen gertukoei. Sortuk adierazi duenez, Azpeitiko gaztearen heriotzak "azken hiru urteetan jasan duen lan esplotazio egoera jarraituarekin zer ikusi zuzena duela dirudi". Alderdiaren arabera, "zoritxarrez" ez da urrunera joan behar esplotazio eta arrazakeria egoerak existitzen direla ikusteko. "Begi bistakoa da migratzailea eta gaztea izateak halako egoeretan aterabideak zaildu baizik ez dituela egiten. Non dago lan ikuskaritza halako kasuak detektatu eta horiei aurre egiteko? Gertakari hau ikertzea eta erantzukizun guztiak argitzea espero du Sortuk".

Azpeitiko EH Bilduk heriotzaren arrazoiak argitzeko "mekanismo publikoak" aktibatzea "ezinbestekoa" dela uste du, eta herritarrei biharko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die. EH Bilduren aburuz, "egiturazko arazoa" da. "Gazteei eta prekarietateari arrazakeria eta etorkinekiko bazterketa gehitzeak areagotu egiten du lehendik zeharo larria den egoera". Azpeitiko Ernaik ere bat egin du protestarekin, baita Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak ere.

Ikerketa zabalik

Elkar-ekinek larunbatean jakinarazi zuen Sorianok bere buruaz beste egin zuela uztailaren 30ean, Azpeitiko enpresa batean. Taldeak salatu duenez, "hiru urte luzatu den jazarpen egoera" sufritu zuen lantegi horretan –honako lotura honetan irakur daiteke Elkar-ekinek kaleratutako gutuna–. Elkar-ekinek azpimarratu duenez, gainera, Sorianok bizi izandakoa ez da kasu isolatua: "Prekarietate eta jazarpen egoerak ohikoak dira herriko enpresa askotan, eta ohikoa da, aldi berean, egoera horiek okerrera egitea langileak migratzaileak direnean. Errealitate latz horiek Azpeitian (ere) gertatzen dira, eta arduradunak izan badituzte".

Uztarria.eus-ek Ertzaintzarekin hitz egin du, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa zabalik dagoela jakinarazi dio hedabideari. Bestalde, Uztarria.eus saiatu da Sorianok lan egiten zuen enpresarekin hitz egiten, baina ez du lortu.

Alkatearen mezua

Asko izan dira sare sozialetan salaketa eta babes mezuak zabaldu dituzten herritarrak. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak ere mezua idatzi zuen Twitterren atzo, gertaeraren unetik Sorianoren familiaren ondoan daudela adieraziz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide