Luis Enrique Sorianoren heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du Elkar-ekinek bihar arratsalderako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko abu. 9a, 14:05

Bihar, asteartea, 18:30ean izango da elkarretaratzea plazan, Inor ez ahanzturan, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu lelopean. Gertaera larria bururaino ikertzeko eta erantzukizuna argitzeko eskatu du taldeak.

Luis Enrique Sorianoren heriotza dela eta, Azpeitiko Elkar-ekin taldeak honako hau adierazi nahi du:

1.- Ezer baino lehen, gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu Luis Enrique Sorianoren hurbilekoei. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu testigantza latz hau gizarteratu izanagatik.

2.- Luis Enriqueren heriotza azken hiru urtean jasa duen lan jazarpen egoerarekin lotuta dagoenaren susmo argia dugu. Gazte honen senitartekoek partekatu dizkiguten testigantzen arabera, egunerokoan sufritu duen lan esplotazio egoera ikaragarria izan da: besteak beste, amaierarik gabeko lanaldiak, presio psikologikoa eta langile batek izan behar lituzkeen oinarrizko eskubideen ukazioa. 

3.- Luis Enriquek bizi izan duena ez da salbuespena. Asko dira antzeko egoeretan lan egiten duten langileak, baita Azpeitian ere. Kasu askotan, esplotazio egoera horiek areagotu egiten dira langileak migratzaileak direnean: arrazakeria zantzu argiak daude egoera horien atzean.

4.- Egiturazko arazo baten aurrean gaude: hain zuzen, esplotazio eta jazarpen egoera horiek egon daitezela bermatzen duen eredu kapitalista dago zapalketaren oinarrian. Eredu hori gainditu eta justiziazkoa izango den gizarte baten alde ekitea beharrezkoa da, gure ustez.

5.- Gertaera hau azken bururaino ikertzeko eta erantzukizunak argitzeko eskatu nahi dugu. Horrekin batera, lan eta prebentzio politiketan ardura dituztenei eskaera argia egin nahi diegu: har ditzatela behingoz esplotazio eta jazarpen egoera horiekin amaitzeko neurriak.

6.- Egoera larri hauen aurrean herritarren protesta eta mobilizazioa beharrezkoak direla uste dugu. Horregatik, bihar, asteartea, 18:30ean, Azpeitiko plazan izango den elkarretaratzera deitu nahi ditugu herritarrak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide