Tamara Claveria: "Jazarpenaren historia da gurea, eta erreparazioa behar da orain"

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 27a, 10:00

(Argazkia: Ecuador Etxea)

Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko lehendakariordea da Tamara Claveria (Bilbo, 1984). 'Feminismo ijitoa' hitzaldia emango du gaur, 18:00etan, Azpeitiko Emakumeen Txokoan.

Amuge elkarteko lehendakariordea zara. Zer helbururekin sortu zen elkartea?

2003an sortu zen, komunitate ijitoaren eskubideak defenditzeko, eta batez ere, Euskadiko emakume ijitoen ahalduntzea sustatzeko. Honako erronka hauek zehaztu genituen hasieran: neskak hezkuntza sisteman txertatzea, ijito komunitatearen aurkako estereotipoekin eta aurreiritziekin amaitzea eta familien planifikazioa. Horiek izan ziren aurreneko helburuak, baina formatzen eta feminista gisa hazten joan garen heinean, helburuak ere ugaritzen joan dira.

Lehendakariorde gisa, zein da zure egitekoa?

Elkartearen zuzendaritza batzordeak zehazten ditu epe motzerako eta luzerako helburuak, eta ondoren aztertzen du horiek bete diren ala ez. Baina, zuzendaritzako kide izateaz gain, elkarteko langilea ere banaiz. Horri dagokionez, emakume ijitoen ahotsa sustatzen saiatzen naiz, gure borroka partekatua izan dadin lan egiten dut, emakume ijitoek esfera publikoan duten papera aldarrikatu... Elkarteko langile gisa, proiektu eta programa askotan parte hartzen dut, eta ezinbestekoa iruditzen zait inplikatutako eragileei formakuntza ematea, gizarte langileei...

Feminismo ijitoa hitzaldia emango duzu gaur Azpeitian. Zer da feminismo ijitoa?

Indarkeria matxistaren eta arrazistaren aurkako borroka da feminismo ijitoa. Hirugarren olatuan sortu zen feminismo mota bat da, emakume izateko modu bakarra existitzen den ideiarekin amaitzeko. Orduan sortu ziren feminismo beltza, feminismo islamikoa... bazterreko feminismoak deiturikoak.

Zenbat ijito bizi dira gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan? Eta horietatik zenbat zarete emakumeak?

2006koak dira esku artean ditugun azken datuak. Datu horiek diote 14.000 pertsona ijito zeudela orduan, horietatik 8.000 Bilbon, gutxi gorabehera. Baina, noski, 2006tik jendea jaio eta hil egin da, eta uste dut datua askoz ere handiagoa dela gaur egun.

Mugimendu feministaren barruan aitortuak sentitzen al zarete emakume ijitoak?

Orain gutxi arte ikusezinak ginen; nabaria da hori. Ni mundu honetan murgiltzen hasi nintzenean, feminismo guztietaz hitz egiten zuten, feminismo ijitoaz izan ezik. Dena den, gure borrokaren eta lanaren ondorioz, uste dut ikusgarritasun pixka bat gehiago lortu dugula.

Zein da gaur egun Euskal Herriko emakume ijitoen egoera?

Honetaz hitz egiteko luze aritu beharko ginateke. Nik datu batzuk eman ditzaket ijito komunitatearen egoera azaltzen laguntzeko, baina hori baino askoz ere sakonagoko gaia da hau, eta garrantzitsua da hori ulertzea. Egun, hiru ijitotatik bik ez dituzte oinarrizko beharrak aseta, %43 muturreko pobrezian bizi dira... Baina datu horiek ulertzeko, ezinbestekoa da antigitanismoa deritzon arrazakeriaz hitz egitea. Datuak existitzen dira, baina horiek aztertzeko historiari erreparatu behar zaio, ulertu behar da zergatik bizi diren ijitoak horrela. Horregatik antolatu dugu hitzaldia, jendeak jakin dezan nondik gatozen, gure jazarpen historia zein izan den, ijitoen kontrako 200 legetik gora existitu direla... Horretaz hitz egitea beharrezkoa da jakiteko zergatik den herri ijitoa horrelakoa eta zergatik eraiki den gizartean horrela. Komunitate ijitoa baztertua izan da, sistemak hala bultzatu duelako; ijitoen aurkako arrazakeria da horren kausa. Jazarpenaren historia da gurea, eta erreparazioa behar da orain. Herri ijitoaren benetako historia oraindik kontatzeko dago; izan ere, historia hori kontatu dutenak ez dira izan pertsona ijitoak. Gogorra da egun ijitoek bizi duten egoera, baina horrek zerikusia du hemen daramatzagun 600 urteotan gertatu denarekin.

Errealitate horretatik abiatuta, zer hobe daiteke? Eta nola?

Lehenik eta behin, urteotan guztiotan egindako mina aitortu behar da. Egindako mina erreparatu behar da, politika publikoen bidez, eta bermatu behar da ez dela berriro horrelakorik gertatuko. Pertsona ijito batek beste guztien baldintza berberetan bizitzeko eskubidea izan behar du. Gizartearen gehiengoan %2ko eskola porrota baldin badago, ijitoen artean ere hala egon beharko luke, eta ez bost aldiz handiagoa. Indarkeriatik libre eraikiko den gizartea bultzatu behar da politika publikoen bidez.

Hainbat estereotipo eraiki da ijitoen bueltan. Nola ikusten duzu egoera?

Emakume ijitoa izateko modu asko daude, komunikabideek kontatu ohi dutena baino askoz ere gehiago. Ni ez naiz kontatzen duten emakume ijito hori.

Gai horiek guztiak jorratuko al dituzu gaurko saioan?

Bai. Feminismo ijitoa zer den eta zer ezaugarri dituen azalduko dut, nola eraiki den imajinario kolektiboa, eta zer erronka ditugun. Askoz ere gehiago sakonduko dugu aipatutako gai horien inguruan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide