Karnabalak 2022

Karnabalak, aurten bai

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 11a, 19:49

2020ko Astelehen Karnabaleko irudi bat.

Eusko Jaularitzak osasun larrialdia eta murrizketak kenduta, bilera egin dute gaur arratsaldean udalak eta festetan parte hartzen duten eragileek, eta "adostasun osoz" erabaki dute Karnabal festak antolatzea, udalak ohar bidez jakinarazi duenez. Otsailaren 25etik martxoaren 1era izango dira jaiak.

Karnabalak izan ziren, 2020an, COVID-19aren pandemia iritsi aurretik Azpeitian ospatu ziren azken festa nagusiak; eta karnabalak izango dira, 2022koak, pandemia hasi zenetik egingo diren lehen festa nagusiak ere.

Eusko Jaularitzak osasun larrialdia eta hari lotutako murrizketak bertan behera utziko dituela iragarri zuen atzo, eta hainbat herritan –Tolosan edo Azkoitian, esaterako– Inauteriak antolatuko dituztela jakinarazi dute azken orduetan. Azpeitian, festan parte hartzen duten eragileak bilerara deitu ditu udalak gaur arratsalderako, eta batzar horretan festak antolatzeko erabakia "adostasun osoz" hartu dute, udalak ohar bidez jakinarazi duenez. "Eragile guztiek beren ohiko ekintzak antolatzeko gogoz daudela jakinarazi dute eta festak ohi bezala antolatzea erabaki dute" gaurko bileran.

Gaur hamabost hasiko dira aurtengo karnabalak, otsailaren 25etik martxoaren 1era egingo baitira. Antolatzeko epea ohi baino txikiagoa izango duten arren, "“betiko karanabalak ospatzeko ahalegina" egingo dutela esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak: "Duela bi urteko karnabalak bukatu eta egun gutxira ezarri zuten osasun alarma egoera. Eta bi urtera, badirudi egoerak festak antolatzeko aukera eskaintzen duela. Falta diren bi aste hauetan ahalegina egingo dugu herritarren gozagarri izango diren karnabalak antolatzeko",

Odriozolak eskerrak eman dizkie eragileei: "Badakigu bi urte hauetan gauza asko utzi behar izan ditugula bertan behera. Ez dira erabaki errazak izan, buruak eta bihotzak gauza ezberdinak nahi izan dituztelako. Hala ere, ardura kolektiboaz jabetuta hartu ditugu erabaki guztiak. Eta benetan eskertzekoa da”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide