Pentsiodunek banku-zerbitzuez aurkeztutako mozioa, onartuta

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 8a, 18:24

Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak eta udal ordezkariak, ekaineko udalbatzarrean. (Maialen Etxaniz)

Udal ordezkariek ekaineko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo. Landutako gaien artean gehienak tramite kontuak izan ziren, hala nola Loiolako kantinan eta etxolan obrak egiteko zerga hobaria onartzea eta kiroldegiko lote bateko esleipenaren atzera-botatzea. Horiez gain, Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako mozioa izan zuten hizpide.

Azpeitiko Udalak ekaineko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, ekainak 7, udaletxeko areto nagusian. Puntu gutxi zituzten lantzeko gaien zerrendan, gehienak tramite kontuei lotutakoak. EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zituzten denak: Urresillako hilerrian udalak eraiki duen hezurtegiak eskaintzeko irizpideak, Loiolako Santutegiko parkeko kantinako etxola eta komunak berritzeko udalak GFAri emandako obra baimenari ezargarri zaion zergaren hobaria eta Azpeitiko Kirol Patronatuaren hainbat kirol, harrera eta mantenu zerbitzuak kontratatzeko espedienteko lehen lotearen kontratuaren esleipenaren atzera-botatzea.

Azken puntu horretan luze aritu ziren hizketan nahiz eta ez zen desadostasunik egon. Nagore Alkorta alkateak jarri zuen testuingurua: "Kiroldegiko zenbait zerbitzuren esleipenaren azken erresoluzioa plenotik igarota, esleipena egin zitzaion Bizik enpresari. Joan zen otsailaren 11n, ordea, aurkeztutako hiru lizitatzaileetako batek –BPXportek– kontratazio-errekurtsoa jarri zion Biziken aldeko esleipenari. Horren gaineko erabakiaren ardura duen tribunalak maiatzean eman zuen ebazpena, eta jakinarazi zuen BPXportek jarritako errekurtsoa onartzen zuela. Hala, Bizik postutik eta prozesutik kanporatua izan da, eta BPXport enpresari dagokio esleipena". 

Amaia Etxeberria EAJren bozeramaileak kontratazioa atzera bota izanaren zergatia galdetu zuen: "Otsailean Biziken esleipenaren kontra bozkatu genuen guk. Dena den, jakin nahiko genukeena da ea zer den gertatu dena; izan ere, badirudi kontratazio mahaiak ez duela behar zuen bidea egin". Alkortaren azalpenekin eta argibideekin itxi zuten kontratazioari lotutako puntua, erabakiaren aldeko botoa emanda: "Hiru enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, eta denak baloratu ziren. Horietako bat baloratu zen ondoen, eta hari eman zitzaion esleipena. Horren ostean, hamar eguneko epean, lehiaketara aurkeztutako dokumentazioa bazuela formalizatu zuen enpresa lizitatzaileak. Baina tribunalak ebatzi du dokumentazio hori guztia hasieran aurkeztu behar zela". 

Bankuen inguruko mozioa, onartuta

Beste udalerri askotan bezala, Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduak ere bankuen eta horien zerbitzuen inguruko mozioa aurkeztu zuen Azpeitiko Udalean, adinekoek eta pentsiodunek bankuetako murrizketen eta digitalizazioaren ondorioz banka-zerbitzuetara jotzeko dituzten arazoez kezkatuta. 

Mozioa izan zen atzoko udalbatzarrean aurrena landu zuten gaia; izan ere, Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduko zenbait kide udaletxeko areto nagusira bertaratu ziren, aurkeztutako mozioaz udal ordezkariek zuten iritzia eta hartutako erabakia jakiteko. Irakurri mozioa oso-osorik, hemen

Laburtuta, honako hauek dira Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek mozioan eskatutako puntuetako batzuk: "Azpeitian dauden banketxe guztietan 65 urtetik gorako herritarrei lehentasunez zuzeneko zerbitzua eskaintzeko leihatila bat irekitzea; 65 urtetik gorako pertsonei –hala eskatzen badute– doako zordunketa-txartelak ematea, inolako komisiorik gabe, erabilera-mugen inolako ordainketarik gabe, saldo jakinaren eskakizunik gabe, erabiltzeko gutxieneko zenbatekorik gabe edo antzekoak eduki gabe; Sanjuandegiko Kutxabanken arreta presentziala berriro eskaintzea; Espaniako Bankuari bankuen funtzio pribatu eta publikoak argi eta garbi bereizteko eskatzea, eta azken horien doakotasuna edo gutxieneko komisioa ezartzea; eta Ekonomia Gaietarako eta Eradalketa Digitarelako Ministerioari galdegiteko Banka Publikoa osatzeko". 

Finean, banku publiko baten beharra aldarrikatu dute pentsiodunek, "ikuskaritza lanak egingo dituena eta banku pribatuen praktiken eredu bateragarria izango dena". Bi ideiaren bueltan aldarrikatzen dute banku publikoa: "Gehien duenari gehiago kobratzea, eta kudeaketaren kostua zerbitzu horretaz gehien baliatzen direnei egoztea eta behar den arreta presentziala ematea, bezeroek arreta hori jaso dezaten, kontuak eta ordainagiriak kudeatzea sortzen zaizkien arazoei erantzun behar badiete".

Puntuz puntu irakurri eta bozkatu zituzten mozioan xehetutako zortzi puntuak. Nagore Alkorta alkateak irakurri zuen pentsiodunek aurkeztutako mozioa, eta puntu gehienak aho batez onartu zituzten EH Bilduk eta EAJk. Puntu batean abstentziora jo zuen EAJk. Hain zuzen, azken puntuan. 

Bozkaketa egin ostean, Amaia Etxeberriak hartu zuen hitza: "Ulertzen dugu gaiaz duzuen kezka, guztiok dugulako inguruan zuek aipatutako arazoak izan dituena. Guk eskatzen dugun bakarra da aktan jasotzea gai honen inguruan parlamentuan badagoela alderdi guztiek adostutako mozio bat; izan ere, iruditzen zaigu zuek proposatutako puntuez aparte, interesgarriak diren beste batzuk ere jasotzen dituela parlamentuan aurkeztutako mozioak". EH Bilduko ordezkariek ez zuten adierazpenik egin mozioaren harira, eta Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduko Miren Odriozolak hartu zuen hitza. Hark azaldu zuenez, Pentsiodunen Mugimenduko kideek 180 udalerritan aurkeztu dute bankuen iguruko mozioa, eta joan zen hilerako 90 udalerritan onartuta zegoen. "Gutxi batzuek ez dute onartu, eta beste hainbat prozesuan daude", gaineratu zuen. 

Erlazionatuak

Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduaren mozioa, osorik

Azpeitiko Pentsiodunen Mugimendua 2022 eka 08 Azpeitia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide