Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 2022

Bederatzigarren txapela garesti, baina...

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 24a, 09:55

Iker Egiguren eta Josu Labaka, Azpeitiko senior mailako bikoteko kideak. (Mailo Oiarzabal)

Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko txapela defendatuko du bihar Donostian Azpeitiak. Oiartzun izango du aurrean, iaz bezala. Txapeldunordea da aurten irabazteko hautagai nagusia, baina Ilunpekoek ez dute azken hitza esan oraindik.

Azpeitiak eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko du bihar Oiartzunen kontra (16:30). Pandemiaren murrizketak alde batera utzita, ohiko agertokira itzuliko da Herriartekoaren finala, Donostiako Atano III.a pilotalekura.

Biharkoa hamahirugarren finala izango da Azpeitiarentzat Gipuzkoako Herriartekoan, baita jarraian jokatuko duen zazpigarrena ere. 2015etik hutsik egin gabe iritsi da ekaineko azken egunetako zita nagusira Azpeitia, 2020an COVID-19a zela-eta txapelketa bertan behera gelditu zenekoa alde batera utzita. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia, baita txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra ere –2015etik 2018ra–.

Aurreko hamabi finaletan, zortzitan jantzi dute txapela azpeitiarrek: 2004an, 2008an, 2010ean, 2015ean, 2016an, 2017an, 2018an eta 2021ean. Hain zuzen ere, iazko finalaren protagonista berberak izango ditu 2022koak, joan den urtekoan ere Oiartzun izan baitzen Azpeitiaren aurkaria; 2 eta 1 irabazi zuten orduan Ilunpe elkarteko pilotariek. 2017an ere bi herriotako ordezkariek jokatu zuten finala, eta orduan ere Azpeitiko taldearentzat izan zen garaipena (3-0).

Berriak, baina lehiakorrak

Azpeitia da egungo txapelduna, baina ez biharko finaleko faboritoa. Oiartzun da txapelketaren hasieratik pilotazale guztien ahotan ibili den taldea; Ilunpeko ordezkariek ere hura aipatzen zuten gehien Herriartekoa hasi bezperan, 2022ko aurkari indartsuenengatik galdetuta.

Iker Egigurenek (Azpeitia, 2003) eta Josu Labakak (Azpeitia, 2003), finalean senior mailan Azpeitia ordezkatuko duten pilotariek, badakite aurkari gogorra izango dutela aurrean bihar Atano III.ean. "Kadeteetan zein jubeniletan oso bikote indartsuak ditu Oiartzunek, eta seniorretakoa ere bikote ona da. Beraz, normala da faboritoak haiek izatea", aitortu du Labakak. Badakite bederatzigarren txapela garesti dagoela, baina ez daude etsita. "Uste dut guk, ondo jokatuz gero, irabazteko aukerak ditugula. Ea aurreko bietakoren bat ere irabazteko modua egiten dugun; lehen partida oso zaila izango da, baina ea, bigarrena...", egin ditu kalkuluak Labakak. Kadeteetan Iker Otaegik eta Oier Larrañagak ordezkatuko dute bihar Azpeitia, eta jubeniletan Beñat Labakak eta Beñat Ezamak. 

Urteetan taldearen oinarri sendo izan diren pilotari asko falta ditu Azpeitiak aurten; beterano batzuek utzi egin dute, eta enpresa profesionaletako koadroak ondo hornitu ditu Ilunpek azken urteetan, Alberdi anaiekin eta Julen Egigurenekin. Horrenbestez, 2022ko Herriartekora aurkeztu duen taldean pilotari berri asko sartu ditu.

Eraldaketa horren erakusgarri da Egiguren-Labaka bikotea. Aurrez inoiz ordezko izandakoak, bigarren urtea dute biek Herriartekoaren taldean; 19 urte betetzeko daude biak, eta iaz jubenil mailan jokatzen zuten. Berri-berria ez ezik, oso gaztea ere bada aurten Azpeitiak zaharretan aurkeztu duen bikotea. "Zaharrek laga egin dute eta gazteoi tokatu zaigu senior mailan jokatzea, baina iruditzen zait nahiko ondo ari garela moldatzen, eta horri eutsi nahi diogu", dio Egigurenek, eta orain arteko emaitzek arrazoia ematen diote. Azpeitia final zortzirenetan hasi zen lehiatzen aurtengo txapelketan eta, beraz, hiru kanporaketa gainditu behar izan ditu finalera iristeko, bi partidatara. Lasarte-Oria, Ataun eta Tolosa utzi ditu bidean; hiru kanporaketa horiek batuta, guztira sei partida jokatu behar izan dituzte maila bakoitzeko bikoteek –kadeteek, jubenilek eta seniorrek–. Senior mailan jokatutako partida guztiak irabazi ditu Azpeitiak, eta horietako lautan aritu dira elkarrekin Egiguren eta Labaka.

Herriartekoan ez dute esperientzia handirik, baina elkarrekin asko jokatutakoak dira. "Urte asko daramatzagu batera jokatzen eta ondo moldatzen gara", kontatu du Labakak. Egiguren "aurrelari indartsua" dela azaldu du bikoteko atzelariak. "Ezker-eskuin kolpe bizia du, zulo asko irekitzen ditu eta tantoa bukatzen ere asko asmatzen du. Gustura jokatzen dut nik berarekin". Egigurenek, berriz, Labaka "oso atzelari sendoa" dela uste du: "Eman behar zaionean eman egiten dio pilotari, konfiantza asko ematen dio aurrelariari, eta aurrelarientzat oso gustagarria da horrelako atzelari batekin jokatzea".

Jubeniletan aritzetik seniorretan aritzera aldea badagoela diote, baina jauziak ez ditu zorabiatu orain artekoan. "Egia da talde gehienetan seniorretan jokatzen duten pilotariak esperientzia handikoak izaten direla, pilotan urte asko daramatzatenak, eta gu alde horretatik ezin gara haiekin lehiatu. Baina orain arte partida oso onak egin ditugu, denak irabazi ditugu eta oso gustura gaude", Egigurenen hitzetan.

Taldea horrenbeste berrituta, finalera iristea bera oso emaitza ona dela nabarmendu du aurrelariak. "Jendeak pentsa zezakeen aurten gehiago kostatuko zitzaigula, baina txapelketa oso polita egin dugu. Bihar irabazi ala galdu, oso gustura gaude egindako lanarekin".

Zuzeneko emankizuna

Ez dira gutxi izango bihar herriko pilotariei bultzada emateko Atano III.ean elkartuko diren azpeitiarrak, baina finalera joaterik ez dutenek ere izango dute hura zuzenean jarraitzeko aukera, Internetez edo telebistaz.

Izan ere, Uztarria.eus webguneak zein Erlo Telebistak zuzenean emango dituzte finaleko hiru partidak. Iñaki Elorza Txapas kazetariak eta Jon Alberdi pilotariak egingo dute zuzeneko emankizuna frontoitik, 16:15etik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide