Azpeitiak eta Oiartzunek bihar, zapatua, jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta zaleen berorik ez zaie faltako Azpeitiko pilotariei. Izan ere, Ilunpe pilota elkarteak jakinarazi duenez, aste honetan finalerako 350 bat sarrera saldu dituzte Azpeitian. Dena den, bihar ere izango da sarrerak erosteko aukera, Atano III.a frontoiko leihatilan.
Donostiara joateko aukerarik ez duten herritarrek finaleko hiru partidak Uztarria.eus-en nahiz Erlo Telebistan ikusi ahal izango dituzte. Hain zuzen ere, 16:15ean hasita, zuzeneko emankizuna eskainiko dute bi hedabide horiek, eta kontakizuna egiteaz Iñaki Elorza Txapas kazetaria eta Jon Alberdi pilotaria arduratuko dira.