Macarena Mugika: "Legeak ez ditu ondo bereizten sexu erasoa eta sexu abusua"

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 6a, 09:00

Macarena Mujika Irule abokatu taldeko kidea. (Utzitakoa)

Abokatua da Macarena Mugika (Donostia, 1988), eta gaur hitzaldia eskainiko du Azpeitiko Emakumeen Txokoan, jaietako sexu erasoen aurrean salaketarako eta defentsarako zer aukera dauden azaltzeko.

Nik Xinisteinat! kanpainaren barruan, hitzaldia eskainiko duzue gaur, Emakumeen Txokoan.

Emakumeei zuzendutako kanpaina da, eta gaurko hitzaldiaren helburua da festetan-eta gertatzen diren erasoen inguruan norbere burua babesteko zer neurri hartu behar diren zehaztea. Bestalde, autodefentsa feministako saioa ere antolatu dute. Prozedura judizial bat hasteko zer tresna edo zer froga behar diren azalduko dugu gaur, baita eraso bat jazotzen den unean kontuan zer izan behar den ere.

Zer aukera dituzte eraso baten aurrean aurki daitezkeen pertsonek?

Hasteko, jakin behar da legearen arabera delitua zer den eta zer ez. Era berean, prozedura judizialak jarraipena izan dezakeen edo ez ikusteko, kontuan izan behar da zer froga dauden eta horiek nola lor daitezkeen. Hitzaldiaren hasieran azalduko dugu nola artatu behar den emakumea. Hain zuzen, pertsona batek erasoa pairatzen duenean, enpatiaz entzun behar zaio, babesgune bat sortu, izan ditzakeen beharrei adi egon eta lasaitasunez nahiz epaitu gabe entzun behar zaio. Orokorrean, errudun sentitzen gara emakumeak horrelako eraso bat pairatzen dugunean; gainera, hura epaitzen badugu zailagoa egiten zaio jazotakoa kontatzea.

Zer egiten duzue pertsona batek sexu erasoa jasan duela esaten dizuenean?

Eraso baten aurrean oso garrantzitsua da protokolo zehatz bat edukitzea, eta festetan parte hartzen duten eragile guztiek protokolo hori garbi edukitzea; ezinbestekoa da une oro bakoitzak zer egin behar duen jakitea eta eragileen artean koordinatzea. Errealitatea askoz ere konplexuagoa da, ordea, eta askotan protokoloa baino haratago joaten da gaia. Emakumea artatu ondoren, frogak zein diren ikusi behar da; horiek nola lortu ere azalduko dugu gaur, baita poliziaren edo epaitegiaren aurrean nola aurkeztu behar diren ere. Era berean, adin txikikoek jasaten dituzten erasoetan sakonduko dugu, helduekiko prozeduran dauden desberdintasunak ikusteko eta legeak haiek nola babesten dituzten ezagutarazteko. Jendarteak ez du ondo ezagutzen prozedura judiziala nolakoa den. Emakume asko artatzen ditugu, eta nabaritu dugu emakumeak sarri bultzatzen direla salaketa jartzera, baina gero ez dagoela prozeduraren inguruko informaziorik.

Eraso baten aurrean jarraitu beharreko prozesuaren faseak nabarmenduko dituzue.

Hala da, bai. Salaketa jarri baino proiektu berriarekin, kode penala aldatuko dute, eta emakumeek jasaten dituzten sexu erasoak ere doako justiziaren barnean sartzea da asmoa. Hitzaldiaren bigarren zatian, berriz, salaketa jarri ondoren prozedura judiziala nondik eta norakoa den adieraziko dugu, baita fase horretan zer gerta daitekeen ere. Amaitzeko, prozesu judizialaren emaitzak zein izan daitezkeen kontatuko dugu, hau da, erasotzaileei, oro har, zer zigor jartzen zaizkien. Dena den, erasotzaileekiko beste neurriak ere azalduko ditugu.

Kasu praktikoak ere azalduko dituzue hitzaldian. Zein gertakari dira delitu?

Festa batean ohikoenak dira jazarpenak. Halere, festetan egoera bortitzagoak ere izaten dira, deskribatu nahi ez ditudan sexu erasoak; irudikatzen ditugun eraso sexualak baino eraso 'arinagoak' ere badaude delitu direnak, eta horiek ere zeharo gogorrak izan ohi dira. Badaude eraso asko Mugimendu Feministak eraso matxistatzat hartzen dituenak, baina gero delitu ez direnak.

Gero eta kanpaina gehiago egiten dira egun. Horien beharra dagoela ikusita, ba al duzu azaltzerik zein den egungo egoeraren ikuspegi orokorra?

Konfinamenduaren ondoren, abokatu bezala eraso asko artatu ditugu, bereziki adin txikiko emakumeek jasandakoak. Gero eta gehiago gertatzen dira horrelako erasoak, baita talde erasoak ere, La Manada kasuaren antzerakoak, adibidez. Beharrezkoa da jaietan emakumeei zein neskei informazioa helaraztea, beren burua babesteko eta zer neurri hartu behar dituzten jakin dezaten. Gainera, oraindik, emakumeari leporatzen zaio sarri askotan errua. Erasoa jasatea egozten zaio edanda egoteagatik edota era batera janzteagatik; horrek ezin du horrela izan. Horregatik, egoera salatzeko eskatu nahi diegu emakumeei, eta esan nahi diegu sinesten diegula. Haiengan konfiantza osoa dugu, eta beraiek ere beren buruarengan konfiantza izateko mezua transmititu nahi diegu.

Adierazi duzu eraso batzuk oraindik ez direla delitu. Legez behar beste babestuta al daude sexu erasoren bat jasan duten pertsonak?

Legea aldatzeko lege proiektua martxan dago. Egungo legeak ez du oso ondo desberdintzen sexu erasoaren eta sexu abusuaren arteko aldea. Era berean, jazarpen egoerak mugatuta daude. Halere, gakoa legearen interpretazioan dago; izan ere, legea era askotara interpretatu daiteke. Legea moldatu beharrean zegoen, eta horretan ari da egun Espainiako Gobernua. Urte askoan ari dira Mugimendu Feminista eta eragile sozialak legea aldatzeko eskatzen, bereziki Manada kasuaren ondoren. Ordutik aurrera oso garbi ikusi zen legea aldatu beharrean dagoela, egungoak interpretaziorako aukera irekita uzten baitu. Salbuespena izan zen kasu hura, ordea; egun, epaileei gero eta informazio nahiz ikasketa gehiago ematen zaizkie, horrelako kasuen aurrean kontzientzia izan dezaten. Babesa badago, baina hobetu beharrekoa. Urratsak egiten ari gara aurrera, baina mantso.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide